ataria.eus

Zartagin hotsa Hungariatik

  kultura  Anoeta  Ibarra  Irura  Tolosa  Zizurkil

Kriseilu, lapiko, pertza, burruntzali eta eltzeak... Sukaldeko lanabesen dendan erosteko gauzen zerrenda izan zitekeen, baina ez. Kaldereroak heldu direla iragartzen duen kantuaren letra da.

Ordu batzuk besterik ez dira geratzen, etxean aurkitutako trapu zahar eta bitxiekin osatutako mozorroak kaleratu eta, Sarriegiren doinuak entzuten ditugun bitartean, zartaginak mailuekin kolpatzeko.
Hungariar doinuak, ordea, ez dira Tolosan bakarrik entzungo, eskualdeko hainbat herritan ospatuko dutelako inauteriak iragartzen dituen eguna, hala nola, Anoetan, Ibarran, Iruran eta Zizurkilen. Tolosarren kasuan, Urdina Txiki elkarteak antolatuta, musika eskolako ikasleen bandak alaituko ditu alde zaharreko kaleak. Horiekin batera, dantzariak, biolin eta akordeoi orkestra eta hartza irtengo dira.
Hartza bera izaten da kalejirako protagonistetako bat, kaldereroen zaindari den animalia, haurren denbora-pasa bikaina. Haurrak izutzea izaten du helburu, baina horren haurrak ez direnak ere beldurtu izan ditu. Soka batekin lotuta eraman ohi dute, eta askotan ikusi izan dugu jendartetik igarotzen. Aurten ere ez da faltako, kantuak dioen bezala, bera ere aise konpontzen baita, trebe; eta orro eginez ibiliko da, guztiak ikaratu nahian.

Kaldereroak
Otsailak 17, ostirala
Anoeta
18:30. Plazatik abiatuko dira kaldereroak.
Ibarra
18:30. Kaldereroen irteera San Bartolome plazatik, txarangaren laguntzaz.
Irura
18:30. Kaldereroak kalejiran ibiliko dira.
TOLOSA
19:30.  Udal Musika Eskolako ikasleen Kaldereroetako kontzertua Topic-en.
Zizurkil
15:15. Herrian barrena kaldereroen kalejira

Otsailak 18, larunbata
TOLOSA
10:30.  Udal Musika Eskolako ikasleen Kaldereroetako kontzertua Topic-en.
12:00. Aiz-Orratz txaranga irtengo da.
12:30. Haur jaialdia  Leidor aretoan, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta.
19:00. Kaldereroen konpartsaren irteera Plaza Zaharretik.
23:30. Incansables txaranga kalez kale.

Otsailak 19, igandea
TOLOSA
12:15. Inauterietako kontzertua , Udal Txistulari Bandaren eta Tolosako Musika Bandaren eskutik, Berdura Plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa