Rol guztiak jomugan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 22a, 09:59

Kiva programaren gakoetako bat da jazarpenaren begirale izaten diren horiei ohartaraztea ‘bullying’-a ez dela onargarria eta salatu egin behar dutela.

Eskola jazarpenaren edo bullying-aren atzean hamaika istorio daude, hamaika sentipen. Enpatia falta egon daiteke atzean, eta sufrimendua besterik ez du eragiten, bai jazarpena eragiten duenarengan eta zer esanik ez, pairatzen duenarengan. Eta sarea zabalduz doa; sufrimendua eragiten die bi aktore nagusien senitartekoei, ikastetxeko arduradun eta langileei, ikaskideei... Eskola komunitateari eta gizarteari, oro har.

Zaila da zehazten zerk sortzen duen eskola-jazarpena eragitea edo jasotzea, zaila arrazoiak zerrendatzea, eta zaila ere aurrea hartzea, baina arazoari heldu beharrean daude ikastetxeak, eta Ikastolen Elkarteak apustu irmoa egin du Finlandian landutako Kiva programa erosiz. Ondorioz, Euskal Herriko 52 ikastoletan abiarazi dute programa hasi berri den urte honetan, eta eskualdean, hortaz, ere izango du eragina; Ibarrako Uzturpen Tolosako Laskorainen, Anoetako Herri Ikastolan, Irurako Ikastolan eta Amasa-Villabonako Zubimusun ere hasi dira Kiva lantzen. Ikastolek datozen lau urteetan landuko dute programa.

%10ak jasango du

Ikastolen Elkarteak azaldu duenez, datuek erakusten dute eskola jazarpena mundu osoan ematen dela eta ugaria dela. Ikasleen %10ek jasan edo jasango dute, %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile eta %7 haien laguntzaile izango dira. «Ikusle edo lekukoei dagokienez, horiek ere ikasleak, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak, %20, biktimaren alde agertzen direnak baino, %17. Besteak, %34, ez dira ohartuko eskola jazarpenaz», azaldu du elkarteak Kiva programa landu duen lantaldeak jasotako datuak eskuan.
Datuak kontuan hartzekoak dira beraz, eta horretaz jabetuta egin dute bat Turku Unibertsitateak garatutako Kivarekin. Finlandian 2009an jarri zuten martxan, eta geroztik emaitza «harrigarriak» eman direla diote. Prebentzioa da programaren gakoa, «eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du», esan dute.
Kivak Lehen Hezkuntzako ikasleei eragiten die zuzenean eta horretarako unitateak deiturikoak landuko dituzte. Bideo joko bat ere izango dute gaia lantzeko. Aurrerago DBHra pasatzea ez dute baztertzen, dena den.
Ikastetxeetan aspalditik lantzen duten gaia da eskola jazarpenarena, Eusko Jaurlaritzak badu ere indarrean dagoen jazarpenaren kontrako protokoloa, baina Kivari esker, eman beharreko pausoak sistematizatu egingo dela diote, «formalizatu» egingo direla, nolabait.

Prebentzioa, taldean

Kivak taldean eragitearen garrantziaz ohartarazten du, konpromisoak bakarka hartu behar badira ere. Izan ere, «taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du egitasmoak, prebentzioko proposamenetan», diote Ikastolen Elkartetik. Lehenik eta behin, jazarpen egoera detektatu behar da, hala ere, dena ez baita jazarpena.
Jazarpen egoera hiru ezaugarri ematen direnean ematen da Kivaren arabera: Jazarpena nahita egina da, behin eta berriz errepikatzen da, eta erasotzailearen aldean biktima nolabait babesgabe edo egoera ahulagoan dago. Argi eduki behar da eztabaidak edo desadostasunak ez direla jazarpena, edota adarra jotzea edo jolasean bortizki aritzea. Bullying-a babesgabe dagoen norbaiti etengabe min ematea dela iritzita eta liskarrak, eztabaidak eta borroka puntualak beste modu batean bideratuko direla zehaztuta, jazarpenean nahasita daudenak identifikatu behar dira.

Jazarpen motak ere desberdindu daitezke. Gehienetan jazarpena ahozkoa izaten da (irainak, barregarri uztea...), baina jazarpena da ere materiala edo arropa ezkutatu edo apurtzea. Zeharkako jazarpena ere eman daiteke, pertsona bat taldetik baztertzean edo hari buruz zurrumurru gaiztoak zabaltzean, eta fisikoa ere ematen da. Teknologia berrien garapenarekin ziberjazarpena ere azaleratu da, hau da, ordenagailuak edo telefono mugikorrak erabiliz ematen dena.
Kivak egindako azterketetatik ondorioztatu daiteke ere, jazarpena ez dela soilik erasotzaileen eta biktimen kontua. Hor sartzen da programak lantzen duen taldearen kontzeptua; erasotzaileaz gain erasotzailearen animatzaileak daude, onartzaile isilak, laguntzaileak, biktimak, eta biktimaren defendatzaileak. Hortik Kivak nabarmentzen duen bakarka eragitearen garrantzia.
Jazarpen egoeraren aurrean garrantzitsua baita ikasleek ulertzea beraien jokabideak eragina dutela eta denen artean geldiarazi daitekeela.

Metodologia

Eskola jazarpen kasuak identifikatuta programak hauei aurre egiteko metodologia bat zehazten du eta bertan hainbat pertsonek hartzen dute parte. Ikastoletan Kiva taldeak sortu dituzte eta haiek izango dira jazarpen kasuak emanez gero, erreferentzia. Bullying egoeraren bat ematen dela uste bada dena den, lehenik eta behin informazioa bildu eta jasoko dute, txostenak eginaz. Hau da, horren berri izan duen helduak ikasgelako tutoreari esango dio eta benetan jazarpena den ala ez aztertuko da. Beharrezkoa den oinarrizko informazioa bilduz, ondoren, kasua Kiva taldera bideratuko dute, beharrezkoa bada.
Jazarpen kasua izan ez bada gelako irakasleak hartuko du gaia bere gain, baina bestela, bilera egingo dute jazarritako haurrarekin Lagundu egingo dizut mezua helaraziz. Era berean, hizketaldia ere egingo da biktimaren ikaskideekin Zure laguntza beharrezkoa da leloari jarraituz.
Protokoloari jarraituz banakako hizketaldiak egingo dituzte jazarpenean parte hartu duten ikasleekin eta baita jarraipeneko hizketaldiak biktimarekin egoera aldatu den ala ez ziurtatzeko. Bukatzeko, jarraipeneko
hizketaldiak egingo dituzte jazarpenean parte hartu duten ikasleekin eta biktimarekin beharrezkoa balitz; nola ziurta dezakegu jazarpen gehiago ez dela izango? leloari jarraituz.

Gurasoak

Kiva programak Gurasoen Gida ere jasotzen du. Programak emaitzak lortu ditzaten ezinbestekoa baita, etxean aldeko giroa izatea. Alegia, «gurasoek adieraztea jazarpena ez dutela onartzen eta, beren haurra jazarria bada, gogo betez lagunduko diotela azalduz».
Gidan jazarpena zer den, zein motatako iruzkinak egin daitezkeen eta zeintzuk ez, eta jazarpen moten inguruko azalpenak biltzen dira, besteak beste. Izan ere, Zure burua defendatzen ikasi behar duzu edo Ni ere eskolan jazarria izan nintzen, baina horrek ez zuen nigan inolako eraginik izan moduko esaldiek ez dute laguntzen eta ekidin behar dira.
Ikastolako Kiva taldeak bere gain hartutako kasuen berri izango dute gurasoek, eta beharrezkoa izanez gero, litekeena da gurasoei eskolara joateko eskatzea, kasuari buruz hitz egiteko. Edonola ere, hori ez da prozedura arrunta izango, lehendabizi beren portaera aldatzeko aukera emango baitiete ikasleei.
Ikasle, irakasle eta gurasoak aipatu dira orain arte, baina programak eskola komunitate guztia hartzen du kontuan, baita ikastolako bestelako langileak ere, helburua langileak jazarpenaren aurkako borrokan engaiatzea baita.
Era berean, ikastoletako Kiva taldeez gain, jolas orduetan ere presentzia izango du. Patioetan beti egongo da irakasle bat Kivaren logoa duen ikusteko moduko txalekoa soinean duela. Horrela guztiek programa gogoan izatea nahi dute.
Finlandian emaitza ona izan dituen programa da, baina gurean lehen aldiz erabiliko da, hori dela eta, ikastolek informazioa banatuko diete eskola komunitatean dauden eragile guztiei, baita gurasoei ere, eta hainbat ekimen burutuko dituzte; hitzaldiak, Kiva egunak...

Erlazionatuak

Nola egin aurre eskola jazarpenari?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urt 22

Nola igarri eta nola lagundu?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urt 22

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!