Nola igarri eta nola lagundu?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 22a, 09:59

Jazarpena jasaten duten ikasleek aldaketak izaten dituzte euren portaeran, baina nola igarri ikasle bat jazarria izaten ari dela?

Hauek izan daitezke portaera aldaketa batzuk:

- Jazarritako ikaslea eskolako joan-etorriak oinez egiteko edo eskolarako ohiko ibilbidetik joateko beldur da.
- Ez du eskolako autobusa hartu nahi.
- Sarritan eskatzen du eskolara autoz eramateko edo eskolara laguntzeko.
- Ez du eskolara joan nahi, eskolara edo klaseetara ez da agertzen, arrazoi garbirik izan gabe.
- Eskola egunetan, goizean gaixo dagoela dio.
- Arropak edo motxila nahaspilatuta dituela etortzen da eskolatik etxera.
- Gosetuta etortzen da etxera (jangelan jateko beldur da).
- Ikaslea barnerakoi eta isil ageri da, eta bere buruarengan konfiantza galdu duela ematen du.
- Estresatuta eta antsietateak hartua ageri da.
- Jateko gogoa galdu du, sarritan esaten du ez duela jateko gogorik.
- Loak hartu arte negar egiten du, amesgaiztoak ditu.
- Bere gauzak galtzen ditu (bisera, kapela, liburuak, koadernoak, estutxea...).
- Dirua eskatzen edo lapurtzen du (erasotzaileari edo haren laguntzaileei emateko), edo paga sarritan galtzen du.
- Ubeldura, urratu edo ebaki misteriotsuak ditu.
- Haserrekor, suminkor eta tratagaitz ageri da.
- Bakarrik eta lagunik gabe egoten da sarritan, ez du gehiago etxera lagunik ekartzen.
- Ez du gertatzen zaionaz hitz egin nahi, edo orain arte aipatu diren kontuen inguruan oso sinesgarriak ez diren azalpenak ematen ditu askotan.

Nola lagundu diezaiokete lekukoek biktimari? 

- Animatu haur edo nerabea jazarpena geldiarazteko jarrera har dezan, jazarpena azkarrago geldi daiteke kanpoko batek esku hartzen badu.
- Galdetu zure haurrari nola sentitzen den jazarpena kanpotik ikusten duenean. Zer sentimendu sorrarazten dizkio? Hitz egin sentimendu horien inguruan.
- Proposatu lagunekin jazarpenari buruz hitz egin dezaten. Zer egin dezakete elkarrekin jazarpena desagerrarazteko? Jazarpena begi txarrez ikusten duen pertsona multzo batek eragin handia izan dezake jazarpena gelditzean.
- Jazarpen motei buruz ere hitz egin ahal da. Jazarpena ez da jotzea edo iraintzea bakarrik, zeharkakoa ere izan daiteke, ziberjazarpena ere hor dago.
- Animatu jazarpena dagoenean pertsona heldu bati esan diezaion.
Hitz egin jazarpen kasuez arduratzen den Kiva taldeari buruz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!