Kalejira erraldoian parte hartzeko deia

Jon Miranda Labaien 2017ko urt. 4a, 11:49

Azken asteetan preso eta iheslari ohiek martxan jarri duten Usurbilgo 'Kaleragunea' ixteko balioko du Donostian etzi, urtarrilaren 6an, egingo duten kalejirak.

Kalera, kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera! lelopean, etzi, urtarrilaren 6an 19:00etatik aurrera, euskal presoen askatasuna eskatzeko kalejira egingo da. Donostiako Haizearen Orraziatik Paseo Berriraino iritsiko da kalejira erraldoia eta hitzordu horrekin emango diote amaiera azken asteotako Kalera, kalera! dinamikari.

Joan den abenduaren 10etik Tolosaldean hainbat ekimen burutu dira dinamikarekin bat eginez eta atzo, adibidez, Alurr dantza taldearen emanaldia izan zen preso eta iheslari izandakoek Usurbilen martxan jarritako Kaleragunean.

EIPKko eledun ohia da Jokin Aranalde gazteluarra eta bere esanetan, «gizarteak aktibatu egin behar du, badelako garaia definitiboki presoak kalera ateratzeko. Bestela bakea ezinezkoa izango da». Gu guztiok gara horretarako giltza iheslari izandakoaren ustez, «Espainiako eta Frantziako estatuek erakutsi dute benetako bakea lortzeko interesik ez dutela. Beraz, gizarteak irabazi beharko du bakea. Era batera edo bestera sufritu dutenak lasaitasuna topatu behar dute eta errespetu osoan bizitzera iritsi behar dugu».

KOLEKTIBOARI BABES OSOA

Aurreko urtearen amaieran EPPKren zuzendaritzak kolektiboaren barruan abiatu duten eztabaidaren oinarrien berri eman zuen. Aranaldek argi adierazi du: «Emango diegu babesa, ez bakarrik elkartasuna adieraziz eta gizartea aktibatuz, aurrera daramaten eztabaida hori errespetatuz baizik». Horretarako eta debatea berme guztiekin eman dadin, «komunikabideetan preso eta iheslarien inguruan esaten diren gezur eta manipulazioak agerian uzten saiatuko gara, presoak erabaki dezaten nolako bidea hartu nahi duten, nola ikusten duten euren burua kolektibo bezala eta gizartearekin zein lan egin nahi duten. Guk borroka egingo dugu, hartzen duten erabaki hori errespetatua izan dadin». Hain justu, erabakitzeko eskubidearen alde eta preso eta iheslarien eskubideen defentsan lanean ari diren beste hainbat elkarteren lana beharrezkotzat hartu du Aranaldek, «gizarte zibilarekin batera, instituzioek eta denek egin beharko dugu lan elkarrekin». Ostiraleko ekitaldi nagusiarekin eta larunbatean Usurbilen egin asmo den kontzertu erraldoiarekin amaituko da Kalera, Kaleradinamika, oraingoz. «Guk preso eta iheslari politikoen kolektiboko kideak ez ditugu behin ere bazterrean utziko. Ezin du bestela izan. Azken hatsa arte borrokatuko gara beraiek kalean izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!