Maskulinitatea deseraikitzen

Ane Urkola 2016ko abe. 27a, 11:17
Onddo Gazte Asanbladako kideek maskulinitate tailerra egin zuten.

Sistema heteropatriarkatuak maskulinitate hegemonikoa bultzatzen eta inposatzen du. Eredu horrek rol zehatz batzuk inposatzen dizkiei gizonezkoei. Zer egin daiteke horren aurrean?

Sistema heteropatriarkatua da gaur egungo sistema kapitalistaren oinarria. Sistema horrek funtzionatuko badu, ezinbesteko du genero maskulinoaren eta femeninoaren arteko bereizketa. Txiki-txikitatik, jokaera edo ezaugarri jakin batzuk lotzen dira genero bakoitzarekin: emakumeek, ahulak, obedienteak, samurrak, arduratsuak izan behar dute; gizonek, ordea, ausartak, iniziatiba dutenak edota indartsuak. «Ez dago maskulinitate bat eta bakarra, baina, hain justu, badago hegemonikotzat hartzen den maskulinitate bat, eta hori da sistema horrek bultzatzen eta inposatzen duena», adierazi du Joannes Jauregik (1994, Astigarraga).

JARRERAK AUZITAN JARRI BEHARRA

«Gizonezkoek garatu dituzten balore tradizional (indarra, iniziatiba, ausardia, esparru publikoa hartzeko joera...) horiekin lotuta dagoen maskulinitate eredua da maskulinitate hegemonikoa», definitu du. Hain zuzen, maskulinitate eredu horrek jarrera zehatz batzuk bultzatzen ditu gizonezkoen artean, eta garrantzitsuena horren inguruan hausnartzea da: «Oso kontziente gara ezberdin hezten garela, baina ez dugu hausnartzen nola barneratzen eta berresten ditugun txikitatik inposatzen zaizkigun balio horiek».

Gabezia horren jakitun izanik, maskulinitate tailerrak dinamizatzen hasi zen astigarragarra. Hain zuzen, ostegunean Anoetan eskainiko du horietako bat. Izan ere, ezinbestekotzat jotzen du jarrera horiek auzitan jartzea: «Tailerretan lantzen dugu zein unetan izan garen «matxito» edota zein unetan berresten, onartzen eta bultzatzen ditugun maskulinitate hegemonikoarekin bat datozen eta patriarkalak diren jarrera horiek».

Andoni Ugarte (1995, Amasa-Villabona) ere iritzi berekoa da. Onddo Gazte Asanbladak maskulinitate tailerra antolatu zuen aurreko astean, eta bertan hartu zuen parte billabonatarrak: «Inguruan dagoen guztia aztertu behar dugu, hau da, zalantzan jarri egiten dugun guztia. Zergatik egiten du amak hau, eta aitak hori? Zergatik arduratzen da genero maskulinoa konponketak egiteaz, eta genero femeninoa hitzaldiak lotzeaz? Zergatik dago desberdintasun hori eta zergatik hartzen ditugu inkontzienteki rol horiek?».

PRIBILEGIOAK ALBORATU BEHARRA

Maskulinitate eredu horren ondorioz, emakume eta gizonen artean harreman patriarkala sortzen da: gizonek pribilegioak dituzte. Zein, adibidez? «Gizonok lasai ibiltzen gara gauez kalean. Ez daukagu sexu erasorik jasateko beldurrik, ezta espazio hori aldarrikatu beharrik ere. Gertatzen dena da naturaltasunez hartzen ditugula egoera horiek, baina hori gure pribilegioa da. Zalantzan jarri behar ditugu oso oinarrizkotzat hartzen ditugun gauza horiek». Hain zuzen, pribilegio horiez ohartzea da maskulinitate tailerretako egiteko bat: «Begiak irekitzea izan zen lehen pausua. Eguneroko bizitzan, espazio pribatuan eta publikoan, dauzkagun pribilegioak irudikatu genituen tailerrean», azaldu du Ugartek.

EMAN BEHARREKO URRATSAK

Maskulinitate hegemoniko hori eraikia denez, deseraiki ere egin daiteke. Horretarako, beharrezkoa da gizonek pribilegio horiek bertan behera uztea. Prest al daude, ordea, gizonak horretarako? Baiezkoa da bi protagonisten erantzuna: «Zailena pribilegio horietaz konturatzea da. Hori eginda, pribilegio horiek bertan behera uzteko arazorik ez genuke izan behar, gure helburua emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzea bada». Astigarragaren ustez ere prest daude, baina horretarako, gizonezkoek deseroso sentitzen ikasi behar dutela nabarmendu du Jauregik: «Deserotasun horiek onartu behar ditugu, eta azken batean, entzuten ikasi. Horixe da gakoa».

Horretaz gain, Ugartek azpimarratu du norbanakoarengandik hasi behar dela eraldaketa: «Adibide bat aipatzearren, eraso sexisten aurrean ezin dugu geldirik egon. Jarrera matxistak dituztenei kargu hartu behar diegu, edota gure inguruetan geratzen diren erasoetan esku hartu». Era berean, tailerraren amaieran, hainbat konpromiso zehaztu zituzten, eta konpromiso horiek praktikan jartzea egokitzen zaie orain. Kontziente izan, auzitan jarri, eraldatu eta deseraiki. Argi dago bidea.

Erlazionatuak

Maskulinitate hegemonikoa, eztabaidagai

Tolosaldeko Ataria 2016 abe 27 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!