«Tolosaldea oso ondo kokatutako eskualdea da, eta hori oso garrantzitsua da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 30a, 19:00

Joan den uztailaren 1ean zabaldu zuten, Donostian, Explore San Sebastian Region turismo bulego berria. Bisitarien begietan, Gipuzkoako eskualdeen erakusleiho bilakatu da, eta Lankor enpresako Cristina Iturriagagoitia Explore san sebastian region turismo bulegoko zuzendaria da. 

Zein da proiektuaren iturburua?

Foru aldundiko turismo sailak buruan zeukan, herrialde osoko turismoa indartzeko estrategia berri bat abian jartzea. Lehenengo pausoa marka sortzea izan zen: Explore San Sebastian Region. Alde batetik, Donostiak duen indar eta erakargarritasuna baliatu nahi izan zuten, esateko, Donostiaz harago ere asko dagoela ezagutzeko. Atzerritarrek oso ondo ulertzen dute region [eskualde] kontzeptuak lurralde zabal bat adierazi nahi duela eta, explore horrekin, berriz, bisitariak Gipuzkoako txokoak deskubritzera deitu nahi izan dituzte. Estrategia horren barruan, oso proiektu indartsua izan da turismo bulegoa irekitzea.

Zein berezitasun du bulegoak?

Gipuzkoa lurralde txikia da eta gauza txikiak ditu, baina asko, eta sarri, Donostia bisitatzera etortzen direnei ez zaie hain erraza suertatzen txoko eta esperientzia berezi horiek ezagutzea. Horregatik, bulego hau horretan espezializatzea nahi genuen, sartzen direnei Gipuzkoa ezagutzeko gogoa piztuz eta informazio zehatza eskainiz.

Nola lortzen da hori?

Baliabideak erakutsi, errekurtso bakoitza ezagutzeko ordutegiak eskaini, esku-orriak banatu, bisita gidatuak eskaini, autoz joateko jarraibideak eman, garraio publikoa hartzeko kontsultak egin eta, finean, bidaia antolatu. Gure lana ez da mugatzen informazioa ematera, bidaiaren beraren plangintza txiki bat ere egiten diegu bisitariei.

Turisten harrera nolakoa izan da?

Harrera oso ona izan dela uste dut. Egia da, bertaratzen diren erdiak-edo Donostiako turismo bulegora sartzen ari direlakoan hurbiltzen direla, aldamenean baitaude biak. Eskaera horien aurrean, guk beti esaten diegu hemen lurralde osoari begira lan egiten dugula eta, oro har, hurrengo baterako gogoan hartuko dutela esaten dute. Beste erdiak, ordea, jakitun dira sartzen ari diren lekuaz. Normalean hiruzpalau egun pasatzera bertaratu diren pertsonak izaten dira, eta Gipuzkoa ezagutzeko informazioa eskatzen dute. Batzuk aurrez pentsatuta izaten dute leku edo inguru bat bisitatzea eta, beste askok, aldiz, guztia azaltzea nahi izaten dute.

Tolosaldean nabarmen igo da, aurtengo udan, bisitari kopurua: %18 inguru. Bulego berriak eraginik izan duela uste duzu?

Bai, hori nahi dugu behintzat. Hemendik, gutxi gorabehera, 35.000 pertsona pasatu baldin badira, eta gehienekin aurrez aurre egon baldin bagara, pentsatzen dut nabarituko zela. Gure informatzaileek ikusi dute bisitari askori Tolosaren izena ezaguna egiten zaiela. Gainera, Tolosaldea oso ondo kokatutako eskualdea da, eta hori oso garrantzitsua da: bertaratzeko erraztasunak daude, bai garraio publikoan, bai autoz. Gomendatzeko oso erraza da eta, era berean, turismo gastronomikoa sustatzeko oso ondo antolaturiko eskaintza du Tolosaldeak. Horrela, Tolosa bereziki gastronomiaren bila dabiltzanei iradokitzen diegu, larunbateroko azoka oso aukera ona baita profil horretako turistentzat. Azokako bisita gidatua eta pintxoak jateko tabernak gomendatuz hasten gara. Arratsaldean, berriz, Topic museoa bisitatzea iradokitzen diegu.

Gastronomiarekin batera, jendeak zer bilatzen du Tolosaldean?

Paisaia eta jarduerak, nagusiki. Txindokiko Itzala proiektuaren bitartez, familia bati baino gehiagori gomendatu diogu plana; 12-14 urte bitarteko seme-alabak dituztenentzat bisita bikaina da, eta arrakasta izan du.

Zein eredutako turistak dira bulego honetatik pasatzen direnak?

Familiak, bikoteak eta talde txikiak dira gehienak, baina hilabetearen arabera asko aldatzen da opor eredua ere. Abuztuan, adibidez, eguraldi onak asko markatzen ditu oporrak, eta kostaldeak nahiz Donostiako jarduerek Aste Nagusia, Jazzaldia,... harrapatu egiten dituzte turistak. Hala ere, gozamena da Gipuzkoa gomendatzea, afizio eta gustu guztien neurrira egindako txokoak baitaude, egia esan.

Horrek bisitariak harritzen ditu?

Bai, noski, askotan esaten digute: «Zer egingo dugu? Egun eta erdi bakarrik daukagu!». Horrelakoetan beren baldintzak galdetzen hasten gara, bisita zertxobait bideratzeko: autoa duten ala ez, haurrak dituzten ala ez,...

Turismoaren esparruan lanean hasi zinenetik hona, nola aldatu da sektorea?

Gorantz joan da, eta zenbakiei begiratu besterik ez da egin behar: urtero errekorrak puskatu egiten dira. Bide beretik, ostatuen okupazioa ere oso erakusle ona da turismoaren erritmoa neurtzeko, eta aurtengo uda oso-oso ona izan da. Eta, Eustateko datuak ikusita, udaz kanpoko hilabeteetan ere badago goranzko joera bat. Hori da gure helburuetako bat: udaz kanpo ere, jendea hona erakartzea.

Zerk eragin du gorakada hori?

Ni Debabarrenan hasi nintzen, duela 20 urte inguru, eta Gipuzkoak helmuga turistiko moduan egin duen bilakaera izugarria da. Ez bakarrik zenbaki eta emaitzetan, baita baliabideen aldetik ere. Gipuzkoan 60 turismo bulego daude, eta paper oso garrantzitsua dute, lurraldearen ondarea ezagutaraziz. Gainera, hemendik kanpo ere promozionatzen dute lurraldea. Urteotan guztiotan lan handia egin dela uste dut. Goierriren eta Tolosaldearen artean sortutako marka, edo Tolosari egokitutako eskaintza, adibidez, azken hamarkadan garatutako kontuak dira. Epealdi horretan eskaintzak egin duen gorakada sekulakoa da.

Ekonomia aldatu egin da?

Bai, eta kontuan izan behar da gure herriak ez duela beste herri batzuek duten tipologia turistiko nabarmen hori. Beste ekonomia-lerro batzuk indartsuagoak izan dira, baina, azken urteotan, dibertsifikazioaren aldeko apustua ikusi dut. Sektore moduan aukera izanez gero, baliatu egin behar da, nire ustez.

Erlazionatuak

Opor egunen zerrendan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 urr 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!