Opor egunen zerrendan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 30a, 09:02

Urteko egun desiratuenak dira. Egutegia kolore ederrenekin margotzen dutenak. Arropa kutuna aukeratu, maletan sartu eta kilometroak egitekoak. Oroitzapenak memorian pilatzekoak. Eta, antzina postaletan bidaltzen zena, gaur egun sare sozialen bitartez zabaltzekoak.

Oporrak hori guztia eta gehiago dira, bai. Eta, tartean, badira ekonomiaren motorretako bat ere, turismoaren bitartez. Lurralde jakin baten aberastasun iturri; etengabe hobetzen saiatzeko akuilu.

Bada, antza denez, bainujantzia eta hamaka ezinbestean erabili beharreko oporraldiak aspaldi hasiak dira dibertsifikatzen eta, zenbait etxetara, Tolosaldetik iristen dira postalak.

Eskualdeko garapen agentziaren lanari nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren turismo bulego berriari esker, eskualdeko leihoak sekula baino irekiago daude mundura eta, paisaiak, gastronomiak edo lasaitasunak erakarrita, azken urteotako gorakada berretsi dute joan den udako datuek: Tolosaldean %18 hazi da bisitari atzerritarren kopurua.

Hainbat termometro baliatu daitezke gorakada hori neurtzeko, eta turismo bulegoena izan liteke zuzenenetako bat. Guztira, 16.771 bisitari jaso dituzte Tolosako eta Larraitzeko informazio bulegoek eta, 2015eko udarekin alderatuta, %5eko igoera dakar horrek.



Informazio eske bulegoetara jo dutenen zenbakiak ikusita, ez da harritzekoa abuztuko okupazioaren batez bestekoa %88 izatea. Tolosaldea Garatzeneko adituek ikusi dutenez, «bisitariek, oro har, lau egun inguruko egonaldiak egiten dituzte».

Kalitatea, hori da egonaldien gakoa. Hala diote, behintzat, turisten inkesta erantzunek. «Bisitarien %100ak gomendatzen du Tolosaldea helburu turistiko moduan, eta jasotako tratua, ostatua eta helmuga turistikoaren kalitatea azpimarratzen dituzte gehienek», dio Tolosaldea Garatzenek.

Maletak, bizipenez beteta

Kostaldetik 20 minutura eta mendien magalean, Tolosaldea oasi txiki bat izan daiteke hiri handikien estresetik ihesi doanarentzat. Donostiarena itzal luzea da, ordea, eta, duela zenbait hamarkada, ia pentsaezina zen Tolosako Nafarroako zubian bi kanpotar ikustea, argazkirako posea prestatzen, Zerkausiak liluraturik.

Cristina Iturriagagoitiak argi dauka, azken 10-15 urteotan egindako lanaren fruituak jasotzen ari dela, orain, turismoa: «Izugarria da Gipuzkoak helmuga turistiko moduan egin duen bilakaera».

Urteak daramatza sektore horretan, eta, berriki, Explore San Sebastian Region turismo bulegoko zuzendaritza hartu du, Donostiako Boulevarden. Udak eta itsasoak duten lotura estua ukatu ez duen arren, harrituta dago barrualdeko turismoak udan eman dituen datuekin: «%33ak barrualdeko informazioa eskatu dute, eta informazio hori nahi izaten dutenek jatorriekin, sustraiekin, naturarekin eta tokian tokiko berezitasunekin gozatu nahi izaten dute oporretan. Uda izateko, niri portzentaje altua iruditzen zait, izan ere, oso kontuan izan behar da, pertsona horiek hona etortzerako erabakia zutela barrualdea ezagutzea».

Egiazki, Tolosaldeko 28 herriei ez zaie ez naturarik ez tokian tokiko ezaugarririk falta, eta bereizgarri horien gainean eskaintza zabala marraztu dute profesionalek, turisten maletak bizipenez lepo bueltatu daitezen. Txindokiko Itzala abentura parkeak familien gozamena dakarren bidetik, Santa Maria elizako bisita gidatuek historiak piztutako jakin-mina ase die, aurten, 1.000 turistari baino gehiagori. Topic zentroan %20 hazi da bisitari kopurua, txotxongiloen mundu magikoak erakarrita, eta Zerkausiko ekoizleek ere nabaritu dute kanpotarren presentzia.

417 ohe, eskualdearekin eskualdean amesteko

Udako datuak dira horiek guztiak, baina, eguzki-orduak gutxitu eta eguraldia dirdira galtzen hasten denean, orduantxe azaleratzen dira Tolosaldeko harribitxi preziatuenak.

Egonaldi laburrak eta sustraietara lotuak eskatzen dituzte bisitariek eta, zalantzarik ez da, asteburu honetan Tolosa Goxuak irekitako bidetik, hainbat eta hainbat izango direla neguko zubi eta jai-egunak eskualdera begira antolatuko dituzten turistak.

Egun-pasa perfektua osatzeko asmoz bertaratuko dira asko, ziur, atzerritarren bisitak hazi diren bezala hazi baita, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren bisita kopurua: iaz baino 2.000 gehiago izan dira udan.

Baina, zenbaterainokoa da eskualdeak bisitariei ostatu emateko duen aukera? Lau azpiegitura mota bereizten ditu Tolosaldea Garatzenek eta, hotel, pentsio, nekazalturismo eta landetxe, nahiz turismo aterpetxeen artean, 22 establezimendu daude 28 herrietan.

Landetxeek plaza kopuru handiena dute, 141 oherekin, eta gertu dituzte hotelak ere; 128 pertsonari ostatu emateko lekua eskaintzen dute. Pentsioek eta turismo aterpetxeek, berriz, 78 eta 70 turistarentzako lekua dute, hurrenez hurren. Guztira, Tolosaldeak 417 oheko ostatu eskaintza du, eskualdearekin eskualdean amestu ahal izateko.

Araututako establezimenduetatik kanpo, ez da lan erraza turismo apartamentuen zerrenda osatzea. Pasa den uztailaren 28an, ordea, Turismo Lege zaharrak izan zitzakeen zirrikitu guztiak itxi zituen Eusko Legebiltzarrak, eta arautu gabeko etxebizitza turistikoek beren egoera erregulatzeko lege berria onartu zuten. Datuen arabera, Gipuzkoan 502 dira legez kanpo jarduera turistikoaren aterpe izan diren etxebizitzak, eta erregistroan izenik eman ezean, isuna 600.000 eurorainokoa izan liteke jabeentzat.

Momentuz, ez dirudi Tolosaldean legez kanpoko etxebizitza turistikoen uholdea handiegia izango denik, turismo eredu tipikoenetik urrun baita bailara.

Gutizia eta parajeen eskualdeak, ordea, betiko nortasunetik bezainbeste du garai berrietatik, eta asko dira etxea etxearekin trukatu eta bazter berriak ezagutzeko aukera galtzen ez dutenak.

Maider Aizpuruak zazpi urte daramatza Home for Home plataforman eta, hasierako usteen aurka, denborak irakatsi dio Tolosaldea opor lasaien sehaska dela bisitari askorentzat: «Gaur egun gauza gutxi egin daitezke dirurik gabe, eta hau da horietako bat; norberak duenarekin egiten du, suertatzen denaren arabera, eta Tolosaldea erakargarria da turista askorentzat.

 

16.771

TURISMO BULEGOETAKO BISITAK

Iazko udan baino bisitari gehiago jaso ditu, aurten, Tolosaldeak, eta turismo bulegoetako Tolosako eta Larraitzekozenbakiak dira horren erakusle. EAEko bisitak %28 igo dira, eta atzerritarrenak, berriz, %18. Tolosari erreparatuta, EAEko bisitak %39 igo dira, eta turista atzerritarrenak, berriz, %21 hazi dira.

 

417

OHE ESKUALDEAN

Hotelek, landetxeek, pentsioek eta turismo aterpetxeek osatzen dute Tolosaldeko ostatu-eskaintza eta, guztira, 22 establezimendutan, 417 pertsonarentzat dute lekua. Nekazalturismoak eta hotelak dira gehienak , eta Tolosa da ohe gehien dituen herria. Aurtengo abuztuan, okupazioak %88ko langa gainditu du eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!