Hezkuntza Kontseilua sortzeko lehen urratsa eman du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 2a, 17:00

Diru laguntzen plan estrategikoan aldaketak eta kirol instalazioko kontratua deusezteko espedientea izan dituzte hizpide, besteak beste, Tolosako Udaleko ohiko osoko bilkuran.

Joan den martxoaren 25ean ohiko osoko bilkuran Tolosako Udalak aho batez onartu zuen Hezkuntza Kontseilua arautzeko erregelamendua. Horiez gain, beste hainbat erabaki ere hartu ditezte, besteak beste, bi aldaketa onartu dituzte Diru Laguntzen Plan Estrategikoan, eta iraungi egin dute kirol instalazioen kontratua desegiteko espedientea.

Hezkuntza kontseiluak sortzeko aukera ematen die toki erakundeei EAEko Hezkuntza Legeak, eta urrats hori ematen «lehenetakoa» izango da Tolosa. Batzorde horren erregelamendua onartuta «izaera formala» eman nahi dio Tolosako Udalak Hezkuntza Mahaiari. Kontseilu hori, gutxienez, urtean bi aldiz bilduko bada ere, batzorde iraunkor bat izango du, zeina «maiztasun handiagoz» bilduko den. Azken horretan parte hartuko dute udal talde guztietako, oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetako eta udaleko Euskara zein Hekuntza sailetako ordezkariek.

Euskararen Aholku Kontseiluaren bilkura nagusiak irekiak izango dira araudi berriaren arabera.

Hezkuntza Kontseilua sortzeak aldaketak ekarriko ditu Euskararen Aholku Kontseiluan, eta hori dela medio, bigarren batzorde horren araudi berria ere onartu du udalbatzak. Honen batzorde iraunkorra hilean behin biltzen da eta, aurrerantzean, bertan parte hartuko dute udal talde politiko guztiek, Euskara sailak, Udal Euskaltegiak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta UEMAk. Horrez gain, euskararen kontseiluak ere urtean bi bilkura nagusi egiten ditu eta, hemendik aurrera, irekiak izango da, hots, edonork izango du bertaratzeko aukera.

Diru laguntzen plana
2023-2025 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan diru laguntza berriak gehitzeko aldaketak onartu ditu udalbatzak. Alde batetik, kluben egitura eta ohiko jardueren lerroan, ezohiko kirol instalazioen erabileragatik 50.000€ euroko lehia bidezko diru laguntza gehituko da.

Gizarte Zerbitzuetan premiazko laguntza humanitariorako laguntzen lerroa sortu du Tolosako Udalak.

Horrez gain, Alpino Uzturre elkarteak sortu dituen mendi lasterketa eta ipar eski taldeetarako 5.000 euroko laguntza izenduna jasoko du. Bestalde, Gizarte Zerbitzuen alorrean, «premiazko laguntza humanitariorako laguntzen lerroa» sortu du udalak. Aurreikusi gabeko gertaera natural, istripu edo «gatazken» ondorioz sortutako «premia larriei» erantzuteko eta «oinarrizko laguntza humanitarioa» bideratzeko izango da diru laguntza hori. Hasiera batean 4.500€ bideratu dituzte, eta kasuan kasu aztertuko dute egoera bakoitzari dagokion kopurua.

Beste zenbait erabaki
Beste zenbait gai ere landu zituzten, kasurako, Uzturre Asistentzia Guneko zerbitzuetako prezio publikoak eguneratzea. Joan den urteko martxoan onartu zuen udalak urtero, lehen hiruhilekoan, eguneratuko zirela EAEko KPIaren urteko metatuaren arabera. 
Arrillaga plazako garajeak ere izan dira hizpide osoko bilkuran. Aparkalekuak erabiltzeko epea amaitu ondoren, erabiltzaile berrientzako prozedura berria sustatu behar du udalak.

Horiez gain, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantzari hasierako onarpena eman zioten osoko bilkuran, eta badu kanpora begirako berritasun bat: landa eremuko lau auzo –Bedaio, Aldabatxiki, Urkizu-Monteskue eta Santa Lutzia– arnasgune gisa definitu ditu.

Azkenik, Aldaba auzoan saneamendua egiteko prozesuan, lursailen eta jabeen zerrenda zuzendu eta behin betiko onartu du Udalak; hirigintza-arrazoiengatik nahitaez desjabetu behar baitituzte Gipuzkoako Ur Partzuergoaren proiektuak eragiten dituen lursailak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!