Tolosaldeko Itaiak Inauterietan eraso homofobo bat egon zela salatu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 19a, 11:38

Montezkue auzoan izan zen Itaiak salatutako erasoa.

Antolakundeak esan du gertakariak Zaldunita gauean izan zirela Tolosako Montezkue auzoan. Lau mutil gaztek irain homofoboak egin zizkieten beste bi mutil gazteri.

Itaiak Tolosako Inauterietan eraso homofobo bat egon zela salatu du. Adierazi duenez, lau mutil gaztek irain homofoboak egin zizkieten beste bi mutil gazteri Montezkue auzoan. Erasotzaileen jarrera oldartzen joan zen heinean, «erasoa jaso zuten gazteek larrituta ihes egin behar izan zuten erasoaren intentsitatea igotzeko beldurrez». Tolosaldeko Itaiatik babesa eta elkartasuna helarazi diete erasoei eta hauen ingurukoei. «Horrelako eraso homofoboak ez dira inondik inora ere egoera isolatuak eta zapaldutako kolektiboen aurkako jarrera erreakzionarioak, eta bereziki gazteetan ematen ari den gorakadak, larritasun handiko problematikak dira».

Antolakundeak gogoratu du inauterietan beste hiru eraso eman zirela: «badakigu horrelako jai giroan asko eta asko direla itzalpean pasatzen diren erasoak, emakume langileon aurkako biolentziak gorakada nabarmena du eta». Erasoei aurre egiteko «indarkeria kudeatzea» ez dela nahikoa esan du Itaiak eta «indarkeria normalizatzen eta betikotzen duen gizarte eredu hau suntsitu eta zapalkuntza zein erasoek lekurik izango ez duten jendartea eraiki» behar dela gehitu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!