TONBAN EHORTZIRIK

«Geure buruari barre egitea beste erremediorik ez dugu»

M.A. Bestondo 2024ko ots. 14a, 07:59

Hiltzerikan ez zuen lehenago pentsatzen Santos Aldasoro Galtzaundik baina ez da eskapatu, entierroa egin zioten atzo bigarren klasean; hil aurretik eskaini zuen elkarrizketa, eta bere azken borondatea betez, lur-azpian dela argitaratu du Atariak.

Aurtengo inauteriek eman dutena kontatzeko ez dago Santos Aldasoro Iriarte Galtzaundi-ren (Etxarri Aranatz, 1831 - Tolosa, 1899) begirada pribilegiatua bezalakorik. Kultur etxeko iskin batetik ibili da ikusmiran, baina ez du ikusitako guztia kontatu nahi izan. Berekin eraman ditu hainbat sekretu. 

Zer gertatu da bada hain grabea kontatu nahi ez izateko?
Zer ez ote dut ikusi azkeneko sei egunetan. Txilaba eta mozorro azpiko ipurdi eta txilibituak bista bistan eduki ditut. Zer edaten dute ba gaur egungo gazteek horrelako  txizalarria izateko?

Zurea da kulpa guztia, Galtzaundi. Ez al zenuen esan zu hil eta gero orduan merkatuko zirela edariak?
Ramos Azkarate malapartatu horren asmakizunak dira horiek denak. Andrea eta biok edaten genuen anis pixka bat, eta banatzen genuen beste pixka bat bandako kideen artean etxe azpira etortzen zitzaizkigunean gure habanera jotzera. Zer gutxiago!

Diana, aurten, neurrikoa egin zaizu edo luzeegia?
Sumatu ditut bai, buelta eta buelta, baina horrelakoetan gustura ibiltzen naiz jendeari begira. Jaiki, jaiki esaten dute eta ni hemen egon beharra kultur etxeko paretari lotuta. Hori bai, a zer piura dakarkiena jendeak dianara. Gero barre egingo du jendeak nire kontura galtzak motzegi eramateagatik.

Mozorrorik originalena aurten?
Atautsek daramana. Zer nezesidade, dagoeneko herdoildutako  lau burdin puska babesteko?

Oteizak entzungo balizu.
Segituan baketuko ginateke biak. Hura ere, nago nire kuadrilla berekoa zela.

Bake handirik ez zen ba izan Zaldunita gauean. Sumatu al zenuen zerbait hor goitik? 
Han fondoan antzeman nuen zerbait. Inauteria legerik gabeko festa omen eta lege batzuk konplitu beharra derrigor. Gauza bat esango dizut, lehen arau gutxiago izaten zen eta guk barrabaskeri handiagoak egiten genituen. 

Zure ustez zein da sekretua inauteriak ondo ospatzeko?
Geure buruari barre egitea beste erremediorik ez dugu. Horretarako dira inauteriak. Niri, esate baterako, bost axola zait jendeak zer esaten duen nitaz. Asko inporta niri.

Jendeak estimu handitan zauzka, Galtzaundi.
Zuk uste? Aurten sumatu ditut ni bezalako xelebre batzuk entierro bat antolatu nahian. Ea nola ateratzen zaien. Kostako zaie nire entierroa nik irudikatu nuena baino umoretsuago egiten. Ezetz topatu Tolosa osoan, nire kaja eramateko lau zapatari.   

Onartu beharra daukazu, denborak aldatu  egin dira.
Baina onerako? Ni, dagoeneko, asentatuta nengoen kultur etxeko erdi pare honetan, balkoian zintzilik, eta kanbiatu egin didate kokalekuz. Aurten, txosnagunea izan dut aldamenean. Deskubritu ditut beste musika estilo batzuk, baina jota nafarrik ez, ordea. 

Aitortu ezazu inor begira ez duzula dantza ere egin duzu.
Esan dizut ez dudala elkarrizketa honetan dena kontatuko. 

Txaranga doinuak nahiago dituzu hortaz.
Festazalea izaki denetara moldatu behar. Sei egunetan, 24 orduz esna mantentzeak dakarren ajea da hori. Asteartita gauean enterratuko nauzuelako, baina beste hainbeste egun emango nituzke hementxe, kieto, inauteriak ospatzen.

Orain deskantsua hartzea dagokizu. Hausterre eguna da. Lurra arin bekizu, Galtzaundi.
Eskerrik asko. Kantuan hainbestetan aipatzen nauzue, hurrengo urtean berriro ere hemen azaltzea beste erremediorik ez dudala izango. Abisatuta daude Ataria-ko irakurleak. 

Guardasola hori kendu eta eskuan Ataria-ren ale bat hartuta azalduko zinateke? Guretzako mesede handia litzateke...
Tratua egingo dugu. Tolosalde osoan beste 300 Atarikidek babesa ematen badiote proiektuari, hurrengo urtean periodikoa eskutan dudala azalduko naiz. 

Erlazionatuak

Lehen klaseko entierrua

Tolosaldeko Ataria ots 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!