Elkarrizketa

«Urtebetean inauterietarako 200 mozorro osorik egitera iritsi izan naiz»

Leire Uranga 2024ko ots. 2a, 07:59

Mertxe Urkola Pikabea jostuna tolosarra. L.U.

Zazpi urterekin ikasi zuen josten Mertxe Urkola Pikabeak. Besteak beste, urte luzez aritu da lanean Tolosako Inauterietarako mozorro ezberdinak sortzen. Duela pare bat urte, alde batera utzi behar izan zuen bere «pasioa» zena.

Ume zenetik 78 urte bete arte ibili da jostorratza eskuan Mertxe Urkola Pikabea (Tolosa, 1943). Inauterietarako mozorroak egin izan ditu Tolosako hainbat elkarte, konpartsa nahiz herritarrentzako. 1982. urtean, Txinparta izeneko denda ireki zuen Ibarran, bost urtez izan zuen: artileak eta oinetakoak saltzen zituen bertan. Lau seme-alaben ama da eta, bere ahizpa Izaskun Urkola izendatu du bidelagun.

Noiz eta nola hasi zinen josten?

Bizitza guztia eman dut josten baina hiru etapa ezberdinetan bananduko nuke nire josketa ibilbidea. Eskolan izan nuen nire lehenengo harremana josketarekin, 7 urterekin zehazki. Garai hartan oparitu nion nire ahizpa Izaskuni nik eginiko lehenengo kaikua. Txikitan eskulanak egitea izugarri gustatzen zitzaidan, eskolan, arratsaldero bi orduz eskulanetan ibiltzen ginen: artilezko jertseak egiten genituen, bordatu mota ezberdinak probatu, umeentzako arropak egin eta abar. Eskola pribatuan ikasi nuen, Colegio Nuestra Señora De Izaskun zuen izena, maisua Maritxu Peña zen. Aurrerago, 14 urterekin, modista batekin ikastera eraman ninduten gurasoek, modistak Cesarea Mujika zuen izena. Klaseak Tolosan jasotzen nituen beste dozena bat lagunekin batera. Garai hartan, neska gazteoi orokorrean, josten ikastea egokitzen zitzaigun. Modistak zerotik josten erakutsi zidan: trapuak egiten genituen, baxuak, beheko puntua eta abar. Oinarritik josten erakusten zuen hark, detaile txikienean ere perfekzioa aurkitzeko.


Mertxe Urkolak jositako mozorroak. ATARIA


Ordutik nire seme gazteenak bi urte egin bitartean, familiakoentzat eta lagunentzat josten nuen soilik, beti behar izaten zen zerbait: soineko, jertse edo zapiren bat. Baina, duela 48 bat urte, kanpora begira josten hasteko apustua egin nuen etxera diru pixka bat eramateko asmotan. Tartean, Txinparta izeneko denda bat ireki nuen Ibarran, besteak beste artileak eta oinetakoak saltzen nituen bertan. Egun, pena handiz, ez dut josten jarraitzen, bista galtzen hasi nintzenean josteari ere utzi nion, duela pare bat urte izan zen hori. Izugarri gustatzen zitzaidan jostea, nire pasioa zen. Jostea satisfazioa izan da niretzat.


Mertxe Urkola, ezkerrean, bere ahizpa Izaskun ondoan duela. L. URANGA


Denetarik josi duzu?

Esango nuke baietz, josi daitekeen guztia josi dudala uste dut. Galtzerdietatik hasita, inauterietako mozorroetarako animalien buruak egiteraino josi dut. Etxeetarako errezelak eta koltxak, inauterietarako mozorroak, kalerako berokiak, soinekoak eta galtzak… edozer. Dibertigarria iruditzen zitzaidan batez ere kalerako gonak jostea, hartu eta bukatu, egiteko errazenak zirela ere esango nuke.

Gustuko zenuen inauterietarako mozorroak egitea? Nolakoa zen prozesua?

Ikaragarri. Hasiera batean, gertukoentzako txilabak egiten hasi nintzen eta aurrerago, talde zein pertsona ezberdinentzat mozorroak diseinatu eta egitea suertatu zitzaidan. Aurretik aipatu bezala, artileak eta oinetakoak saltzen zituen denda izan nuen Ibarran. Dendaren bitartez, jostun gisa, bezero izugarri lortu nituen; inauterietarako mozorroen eskaerek gora egin zuten. Tolosako Kilo dendan erosi izan ditut beti mozorroetarako telak eta, bertatik ere lan batzuk sartu izan zaizkit. Elkarte ezberdinekin ibili nintzen lanean: Veleta, Txinparta eta abar. Eta, Eskolapioetako aisialdi taldearentzat ere urte luzez egin ditut mozorroak.

Askotan, prozesu guztia gelditzen zen nire esku: ideia bat ematen zidaten eta nik nuen garatu beharra. Diseinatu, telak aukeratu, pertsona bakoitzaren neurriak hartu, moztu, josi… Aurrera joan ahala pauso bakoitza bezeroarekin kontrastatzen banuen ere, guztiaren ardura nire gain zegoen. Lehen, ez zegoen internetik eta, garai hartako inspirazio iturriak ez ziren oraingoak bezain aberatsak: pelikuletatik, aldizkarietatik eta apaingarrietatik hartzen nituen mozorroak sortzeko ideiak. Beste batzuetan, aldiz, prozesuko zati txikiago bat egitea egokitzen zitzaidan: moztea eta jostea. Baina, biek zuten bere xarma.

 

«Garai hartako inspirazio iturriak ez ziren oraingoak bezain aberatsak»


Zertan desberdintzen da inauterietarako arropa edo bestelakoak jostea?

Esango nuke ia ez dagoela desberdintasunik. Nahiz eta inauterietarako mozorroak egun bakarrerako jantziak izan, kalerako soineko bat josten nuen seriotasun berdinarekin josten nituen. Niri horrela erakutsi zidan jostunak gaztetan: etxerako bata bat, kalerako soineko bat bezala josten. Hala ere, bien arteko bi desberdintasun nabarmenduko nituzke: jantziak egiteko denbora eta josteko telen kalitatea. Inauterietan, eskaera asko sartzen zitzaizkidan epe motzean. Gainera, ez dut sekula jakin ezetz esaten, proposamen guztiei baiezkoa ematen nien eta, gero, leporaino lanpetuta egoten nintzen. Urtebetean inauterietarako 200 mozorro osorik egitera iritsi izan naiz eta, horiei, erdizka egindakoak, hau da, moztu eta jositakoak ere gehitu behar zaizkio. Ez nuen eskaeretan mugarik jartzen, sartzen zena sartzen zen. Telei dagokienez, josteko eta manipulatzeko askoz ere zailagoak izaten ziren orokorrean mozorroetarako erabilitakoak.



Inauteriak baino zenbat denbora aurretik hasten zinen mozorroekin lanean?

Kontuan izanda Gabonak pasatxo hasten zela jendea enkarguak egiten, hilabete eta erdi aurretik, gutxi gora behera. Jendea orokorrean oso berandu ibiltzen zen eta, honi, ezetz esaten ez jakitea gehituz, egun osoa lanean igarotzen nuen. Inauterietako larunbatetan hartu izan ditut enkarguak, oraindik gauzak bukatzeko edukita ere. Goizean jaiki, bazkaria martxan jarri, eta goizeko hamaiketarako josteko makinarekin hasten nintzen, goizeko ordu biak arte, gelditu gabe ia. Dedikazioa plenoa zen: ordu izugarri egunean. Gabonetatik inauteriak amaitu bitartean, etxe guztia telaz eta ilez beteta egoten zen; tela, ile, botoi eta zinten artean egiten genituen otorduak. Asteartita goizean entregatu izan ditut jantzi batzuk, Veleta elkartekoei hain zuzen, askotan egunean bertan entregatzen nizkien mozorroak. Beraiek bazekiten nahiz eta azkeneko momentuan izan, hartutako ardura bete egingo nuela. Ez dakit nola konpontzen nintzen baina lana aurrera ateratzen nuen beti. Familiakoak haserretu egiten zitzaizkidan askotan, ahal nuena baino lan gehiago hartu eta ezezkorik esaten ez nekielako.

Mertxe Urkolaren jostun lanak. ATARIA


Laguntzarik izan duzu? Egin duzu proiektu partekaturik?

Bai, gehienetan laguntza jaso izan dut eta eskerrak jende hau bazegoen. Nire ahizpa Izaskun izan dut alboan beti, nire hirugarren eskua izan da. Eskolapioetarako adibidez; Pepi, Manke, Izaskun, Maite… denon artean ateratzen genuen lana aurrera.

Nola sortu zen taldean jostearena?

Nik zuzentzen nuen orokorrean dena, enkarguak niri sartzen zitzaizkidan. Jostunen arteko sare moduko bat genuen osatua; nik mozten nituen telak eta gainontzeko modistei pasatzen nizkien batzuk, eurak josi eta buka zitzaten. Pepi, Manke, Izaskun, Maite… mozorroak josi eta bukatzen eta, nire ahizpa Izaskun eta nire alaben lagunak bukaerako tokeak ematen: botoiak josi eta mozorroak plantxatu eta entregatzen. Batez ere, proiektu guztietan, beti eduki dut ondoan nire ahizpa, Izaskun. Inauterietako igande eta astelehenetan nire etxera etortzen zen txilaba jantzita baina, lanera. Berak gehienbat, botoiak jarri, mozorroak plantxatu eta entregak egiten zizkidan. Plantxatzen zuenean fallo txiki guztiak ikusten zizkion mozorro bakoitzari eta berak amaitzen zituen jantziak behar bezala; akatsak zuzentzen zizkidan, detaileak berak fintzen zituen. Diferentzia hark egindakoak markatzen zuen, oso gustura gelditzen ginen emaitzekin, bai gu eta baita bezeroa ere. Azkenean, lanari ezetz ez esateak, lana bolumen handian egitera eraman ninduen eta, beraz, ezinbestekoa zen laguntza izatea. Nahi zuen ororentzat nuen lana, inguru guztia mugitzen nuen. Amona izan nintzenean gauzak zertxobait aldatu ziren ordea, lanaren bolumena jaitsi nuen.

Hainbeste lan egin ostean, inauteriez gozatzeko aukera izan duzu?

Egia esan gutxi. Astearteetan bai, inauterietako astearteak izugarri gustatzen zaizkit. Pattar zezenera joaten nintzen beti, erdi lo, baina, bertan hasten ziren nire inauteriak. Ostegun Gizena etxetik ospatzen nuen nire ahizpa Izaskun eta beste jostunekin, Izaskunek txistorra ekartzen zuen eta Pepik ardoa. Hamaiketakoa egiten genuen elkarrekin; atseden txiki bat hartzen genuen eguerdiko 12:00etan. Josteko erritmoa jaistean ezagutu nituen nik inauteriak: Kaldereroak, Ostegun Gizena.. orain dela gutxi ezagutu ditut eta, orduan ikasi nuen zer zen inauteria. Gaztea nintzenean oso ezberdinak ziren inauteriak, jende gutxi mozorrotzen zen, bakarrik karrozetakoak. Karroza ikaragarri politak egiten zituzten.



Zuk josten zenuenetik gaur egunera, aldaketa handia egon da mozorroetan.

Bai, lehen animalien mozorroen buruak ere eskuz egiten ziren: elefanteenak, lehoienak.. eta horrek bere xarma zuen. Orain ia dena da erosia, kalitate ez oso oneko telez egindako jantziak erosten dira. Gaur egun aukera dago, garai hartan ez zegoen ia aukerarik; mozorro bat egin eta ia bizi osorako irauten zuen. Lehen ez zegoen jantziak erosteko aukerarik, dena modistek egiten genuen. Zaldibian ireki zen mozorroen dendarekin batera egon zen beherakada eskulanean, gaur arte. Lehengo trajeak mimo handiz eta kalitate onez egindakoak ziren eta, esan daiteke, egungo jantziak erabilera bakar baterako direla.



Inauteriak amaitzean zer?

Inauteriak amaitzean etxe guztia jaso beharra zegoen, lasaitasuna arnasten zen. Aldi berean, tristura moduko bat sentitzen nuen, hutsune bat. Satisfazioa ere sentitzen nuen inauteriak amaitzean, sentimendu ezberdin askorekin egiten nuen topo.

Faltan botatzen duzu jostea?

Bai, jostea niretzako bizitza zen, nire zaletasuna. Oraindik askotan aurkitzen ditut egunerokoan josteko momentuak edo, hobeto esanda, josten igaroko nituzkeen momentuak. Askotan oroitzen naiz garai hartaz, momentu gogorrak igaro nituen arren, berriro berdinean hasiko nintzateke: oso oroitzapen ona daukat, behin eta berriro errepikatuko nuke. Baloratua sentitu izan naiz nire lanean: jendea eskertua zen egindako lanarekin, tratua ona zen orokorrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!