Suhar koruak konkistatu du Leidor aretoa

Leyre Carrasco 2023ko aza. 5a, 16:33

Suhar gizonezkoen koruak irabazi du 54. Tolosako Abesbatza Lehiaketa; guztira bost sari jaso ditu eta, tartean, datorren urtean Bulgariako Varnan ospatuko den Europar Sari Nagusirako txartela eskuratu du.

Eusko Jaularitzaren Saria jaso du Suhar gizonezkoen koruak, Xabier Sarasolaren Ipar haize hotz zuri abestiarekin. Ganbera abesbatzen polifonia mailako lehen saria ere lortu du, folklore alorrekoarekin batera. Kutxaren Sari Nagusia jaso du Esteban Urzelaiek zuzendutako taldeak; 2024ko irailaren 14an Bulgariako Varnan ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusirako izendapena irabazi dute, baita Entzulegoaren Saria ere. Aurtengo edizioak irabazle argia utzi du eta abesbatza zaleak pozik txalotu dute Xabier Sarasola mahaiburu izan duen epaimahaiaren erabakia.

Omenaldiak

Aurten, Zaragozako Ejea de los Caballeros Abesbatza Lehiaketak 50 urte bete ditu, eta omenaldia egin nahi izan diote gaurkoan. Horretarako, Jose Luis Jerico Ejea de los Caballeros Abesbatza Lehiaketako antolatzailea izan da Leidor aretoan. Jericok azaldu bezala, «25 urte daramatzagu elkarlanean Tolosako Abesbatza Lehiaketarekin. Izan ere, 1995ean hainbat aldaketa egin genizkion Ejea de los Caballeros Abesbatza Lehiaketari. Aldaketa horretan Tolosako Abesbatza Lehiaketa izan genuen eredu, eta geroztik, oso gertuko harremana izan dugu».

Horrez gain, ohiko moduan, Agur Jaunak abestiarekin amaitu dute gaurko ekitaldia, baina modu berezi batean egin dute aurtengoan. Izan ere, Enrike Azurza Hodeiertz abesbatzako zuzendariak zuzendu du amaiera kantua, Hodeiertz abesbatzaren 40. urteurrenari keinu bat eginez. 

SARIDUNAK

Euskal abesti baten interpretazio onena

Suhar Korua (Euskal Herria), Ipar haize hotz zuria (Xabier Sarasola) abestiarengatik.

Musika erligiosoa

Lehen saria. Coro Giovanile With Us (Italia).

Bigarren saria.  Male Ensemble Philippines (Filipinas).

Hirugarren saria. Phoenix Consort (Erresuma Batua).

Musika profanoa

Lehen saria. Male Ensemble Philippines (Filipinas).

Bigarren saria.  Coro Giovanile With Us (Italia).

Hirugarren saria. Phoenix Consort (Erresuma Batua).

Ganbera abesbatzak, polifonia

Lehen saria. Suhar Korua (Euskal Herria).

Bigarren saria.  Shangai Rainbow Chamber Singers (Txina).

Hirugarren saria. Somnium Ensemble (Finlandia)

Ganbera abesbatzak, folklorea

Lehen saria.  Suhar Korua (Euskal Herria).

Bigarren saria.  La Pura Fuente Choir (Japonia).

Hirugarren saria (ex aequo). Somnium Ensemble (Finlandia) eta Shangai Rainbow Chamber Singers (Txina).

Kutxaren Sari Nagusia eta Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusirako izendapena

Suhar Korua (Euskal Herria).

Entzulegoaren Saria

Suhar Korua (Euskal Herria).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!