Munduko ahots onenak Leidorrera iritsi dira

Leyre Carrasco 2023ko aza. 1a, 19:00

Gaur eman diote hasiera 54. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketari; polifonia eta folklore modalitatean parte hartuko duten ganbera abesbatzek eskaini dute arratsaldean emanaldia.

Rolandas Daugèlaren zuzendaritzapean, Lituaniako VMU Academic Choir Vivere Cantus abesbatzak zabaldu du Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako 54. edizioa. Hain zuzen, Hans Leo Hassler konpositorearen Cantante Domino abestiarekin eman diote hasiera ekitaldiari, Leidor aretoa jendez gainezka zegoela. Abesbatza munduan ezagun diren beste hainbat doinu interpretatu dituzte polifonia modalitatean, besteak beste, Juozas Naujalis konpositorearen In Monte Oliveti, Jon Saez Rubioren Lux Aeterna edota Gediminas Kalinas konpositorearen Ave Maria kantua.

Horien ostean, Koreatik etorrita, Seongdong-Gu Women's Choir abesbatzaren txanda izan da, Kwak Youn Yongen zuzendaritzapean. Hauek, berriz, Tomás Luis de Victoria konpositorearen O Regem Coeliren abestiarekin ekin dute txapelketa, tartean hainbat koreografia uztartuz. Esloveniako Megaron Chamber Choir abesbatzaren txanda izan da azkenik, Damijan Mocniken zuzendaritzapean.

19:30etan, berriz, Txinako Shangai Rainbow Chamber Singers, Filipinako Muscalipa eta Euskal Herriko Suhar Koruaren txanda izango da. Aitor Elduaien aurkezleak gidatuko du saioa.

Larunbatean emango diote amaiera txapelketari, eta igandean, berriz, sari banaketa egingo dute. Beraz, ordura arte izango da zertaz gozatu Tolosako Leidor aretoan.

EGITARAUA
  • Azaroak 2, osteguna
    • 19:30. Abesbatza lehiaketan polifonia eta folklore modalitatean pafrte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: Ching-Yun Choir (Taiwan - Chinese Taipei), Mädchenchor Hannover (Alemania) eta Somnium ensemble (Finlandia)
  • Azaroak 3, ostirala
    • 19:30. Abesbatza lehiaketan polifonia eta folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: Kammerkoret Aurum (Norvegia), La Pura Fuente Choir (Japonia) eta The Academic Choir Maribor (Eslovenia). 
  •  Azaroak 4, larunbata
    • 11:00. Abesbatza Lehiaketan musika erlijiosoan parte hartuko duten ahots taldeen emanaldia, Herrikide ikastetxean. Musika erlijiosoa eta profanoa: Musicalipa (Filipinak), Barbörukórin (Islandia), Coro Giovanile With Us (Italia), Male Ensemble Philippines (Filipinak), Phoenix Consort (Erresuma Batua) eta Palestra Vokalensemble (Suedia).
    • 16:00. Abesbatza lehiaketan musika profanoan parte hartuko duten ahots taldeen emanaldia.
  •  Azaroak 5, igandea
    • 11:00. Lehiaketaren amaiera saioa eta sari banaketa.
    • Jarraian. Abesbatza bazkaria, Ferialekuan.
    • 19:00. Suhar Korua abesbatzaren kontzertua, San Frantzisko elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!