Marea laranja iritsi da Tolosara

Leyre Carrasco 2023ko uzt. 16a, 16:28

Tolosan dira EuskarAbenturako parte hartzaileak, eta senideen bisita jasotzeko aukera izan dute Laskorain Ikastolan.

Euskararen erabilera sustatuz, kultura, osasuna eta berdintasuna bezalako balioak indartzeko asmoa du EuskaraAbenturak. Laugarren edizioa dute aurtengoa eta bidaia erdia egin dute jada. Uztail hasieran Mauletik abiatu ziren eta Getxon amaituko dute ibilbidea uztailaren 31an. Guztira, 400 kilometro oinez eta beste hainbeste autobusez egingo dituzte 16 eta 17 urte bitarteko 125 gazteek; Gehienak bizkaitarrak dira (45 gazte), baina Gipuzkoako (30), Nafarroako (26), Arabako (12), Lapurdiko (5), Behe-Nafarroako (3) eta Zuberoako (2) ordezkariak ere badaude. Hogeita hamar bat profesional dituzte bidelagun, besteak beste, begirale, mediku, erizain, gidari eta argazkilari.

Edizio honetan, EuskarAbenturak 32 herri igaroko ditu, eta horietako bat da Tolosa. Hain zuzen, gaur iritsi dira Tolosara, eta Ander Egiluze EuskaraAbenturako komunikazio arduradunak kontatu bezala, «hanketarako atseden eguna izan dugu gaurkoa. Izan ere, atzo etapa gogorra izan genuen. Araiatik hasita Zerainera iritsi ginen. Zazpi orduko etapa egin genuen, 21 kilometro inguru. Polita baina oso gogorra izan zen. Horregatik, gaur, Zerainetik Ataunera autobusez joan gara. Ataunen harrera ofiziala egin digu Udalak, eta horren ostean, inguruko gauzak bisitatzeko aukera izan dugu». Tolosako Laskorain ikastolan daude orain, eta bertan pasako dute gaua. Gainera, arratsaldean senideen bisita jasotzeko aukera izan dute.

Nekea nabari bada ere, aurrera jarraitzeko gogoarekin daudela adierazi du komunikazio arduradunak: «Askotan urduritasun puntu bat bezala ikusten da, hilabete erdia baino gutxiago besterik ez delako falta. Nekea ere nabari da, atzo bezalako egun luze bat eta gero normala da. Egun lasai batean ere gorputzak behera bezala egiten du, erlaxatu egiten da. Hala ere, oso talde dinamikoa dugu, jakin-min asko daukatelako eta horrek ere jarraitzeko indarra ematen du».

Bihar Nafarroa aldera joango dira berriro, eta ondoren, goiko kostaldea egin eta Bizkaian sartuko dira. «Uztailaren 31an helduko gara Getxora. Algortako jaiak izango dira, beraz, Udalaren harrera ez ezik, jai batzordeak ere beste harrera moduko bat egingo digu», azaldu du Egiluzek. Astero ordubete irauten duen laburpen dokumentalak egiten dituztela gehitu du, «eta azken egunean 20 minutuko dokumentala proiektatuko dugu, agur moduan. Hori nahiko hunkigarria izango da. Hala ere, beste zenbait sorpresa ere izango dira tartean».

Esperientzia «aberasgarria»

Aurtengo edizioan parte hartu duten 125 gazteen artean Mireia Ibarguren eta Ibane Ibarguren ahizpa tolosarrak daude. Iazko edizioan parte hartzeko gogoekin geratu ostean, bi aldiz pentsatu gabe animatu dira aurtengoan. Oso esperientzia «aberasgarria» izaten ari dela kontatu dute biek: «Lagun pila bat egin ditugu. Azkenean, hainbeste jendearen artean erraza izaten da lagunak egitea. Gainera, herri pila bat ezagutu ditugu, eta gauza asko ari gara ikasten».

Orain arte ikusitako guztiaren artean, San Fermin jaietan igarotako arratsaldea eta bertso afaria izan dituzte ekintza gustukoenak. Nekea ere nabari dela aipatu dute biek, «baina aurrera jarraitzeko gogotsu gaude».

Erlazionatuak

EuskarAbentura argazkitan

Tolosaldeko Ataria 2023 uzt 16 Tolosa

EuskarAbenturako laburpen bideoa

Tolosaldeko Ataria 2023 uzt 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!