Txarangaren 75 urteak bildu dituzte 'Txapelaundiak' liburuan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 26a, 16:16

Ander Letamendiak idatzi du 'Txapelaundiak' liburua eta gaur aurkeztu dute Tolosako Casino elkartean.

Tolosako Casino elkartean aurkeztu dute gaur Txapelaundiak liburua, Ander Letamendiak idatzitakoa. Iaz ospatu zuen txarangak bere 75. urteurrena eta urtemuga hori gogoratzeko argitaratu dute liburua. Aurkezpen ekitaldian izan dira idazlearekin batera, Olatz Peon Tolosako alkatea, Jose Luis Garmendia Casino elkarteko lehendakaria eta Migel Mokoroa Txapelaundi txarangaren gaur egungo zuzendaria.

Zuzendariak aipatu du duela hiru urte proposatu ziola Letamendiari liburua idaztea. "Anderrek, txapelaundiok bezalaxe, ez daki ezetz esaten". Pandemia garaian eta zailtasunei aurre eginez argitaratu dute liburua eta hainbat lagunek egindako ahaleginagatik eskerrak eman ditu Mokoroak. Desagertutako txarangako kideak izan ditu bereziki gogoan gaur egungo zuzendariak eta urteetan zehar aritu diren musikariek egindako lana hartu du aintzat.

1946. urtetik txaranga sortu zen unetik makina bat lagun pasa dira bertatik. Aurretik ere Txinparta elkartearen 75. urteurreneko liburua idatzia zuenez, Txapelaundiak idazteko enkargua nola jaso zuen aipatu du Letamendiak. "Mimo eta maitasun handiarekin idatzi dut" esan du. Martin Aramendik itzuli du liburua euskarara eta hegal batean txarangaren urteurrenari erreferentzia eginez idatzi duen bertsoa kantatu du ekitaldian, bertaratutakoen laguntzaz.

Omenaldia zuzendariei

Liburua aurkezteko hitzordua, Txapelaundi txarangaren zuzendari izandakoak omentzeko baliatu dute. Dagoeneko gure artean ez dauden zuzendarien senideek jaso dituzte garaikurrak. Hauek izan dira 75 urteotan txarangaren zuzendari: Federiko Zabala, Antonio Jaen, Juan Azaldegi, Periko Dendaluze, Jose Mari Anza, Antxon Limousin, Migel Mari Telleria, Nicasio Dendaluce, Juan Mari Mokoroa, Salvador Macho, Luis Angel Cereceda, Javier Arrieta, Patxi Larramendi, Mitxin Ansorena eta Migel Mokoroa. Beste hiru garaikur ere banatu nahi izan ditu txarangak, urte hauetan guztietan alboan izan dituzten pertsonen lana eskertuz: Roberto Ruiz sukaldariak eta Tolosako Udalak jaso dute aipamena eta baita aurten desagertu den Iñaki Lopetegi argazkilariak ere, haren izenean bere semeak hartu du oroigarria.

Garmendiak eskerrak eman dizkio Letamendiari liburua idazteagatik. "Gaur ez da Casinoren eguna, Txapelaundiena baizik. Txarangako sortzaileetako asko elkarteko bazkide izan ziren eta gaur egun ere lotura erabatekoa dugu elkarrekin". Tolosako alkateak, bere aldetik nabarmendu du elkarte gastronomikoek eta txarangek herriari "asko" ematen diotela. "Herri dinamika, tradizioak, ohiturak... guztiak jasotzen ditu Letamendiak liburuan, baita nola joaten garen aldatzen denboran zehar ere".

Zaldunita bezperan, Txapelaundi txarangaren doinuak itxi dute liburuaren aurkezpen ekitaldia.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!