Denbora errekorrean antolatu dituzte aurtengo inauteriak. Olatz Peon alkateak nabarmendu duenez, "birusak oraindik gure artean jarraitzen du eta nahiz eta kutsatuen tasa esponentzialki egunetik egunera jaisten ari den, jende pilaketak ekiditeko neurriak hartuko ditu udalak". Besteak beste, alkateak iragarri du karrozen artean distantzia handitu egingo dela. "San Frantzisko ibiltokian jarriko dira karrozak, kultur etxe pareraino eta Rondilla kalea hutsik utziko da, herritarrek oinez ibiltzeko tarte gehiago izan dezaten".
Guztira, 12 karrozak hartuko dute parte Zaldunita egunean, 2 Astelenitan eta 11 Asteartitan. 11:00etatik 23:00etara egongo dira kalean eta bitarte horretan jarri ahal izango dute musika. Era berean, astelehenean, urtero bezala, aisialdi taldeen konpartsak arituko dira San Frantzisko pasealekuan barrena; udalak baieztatu duenez, Kazkabarra, Kirikiño, Ttenttek eta Txiribitu taldeak aterako dira kalera.
Inauteriak hasi baino bi aste lehenago hartu zuen festak ospatzeko erabakia udalak. "Larrialdi egoerarik ez badago, ez dago arrazoirik inauteriak ez ospatzeko", esan du alkateak. Orduz geroztik, bilera ugari egiten ari dira eragile desberdinekin, eta horien jarrera goraipatu du Peonek. "Positiboa esatea gutxi da. Askotan hitz egiten dugu elkarlanaz, eta azken astean gertatutakoa horren adibide oso garbia izan da. Antolaketa aldetik, ikaragarri erraztu du lana. Halako batean, herria eta herritarrak piztu egin dira, baita emozionalki ere, Inauteria arnasa baita guretzat".
Zezen festak, erabakitzeko
Inauterietako zezen festak prestatzeko lanean jarraitzen du Tolosako Udalak, Izarne Iglesias kultur zinegotziak azpimarratu duenez. "Borondate handia dugu, antolatu ahal izango ditugunaren esperantza handia dugu eta baimen hori noiz iritsiko zain gaude. Denbora kontua da. Kontuan hartu bi astetan ari garela, lau hilabete edo gehiagotan prestatzen diren jaiak antolatzen", esan du Iglesiasek.
Zezen festetarako sarrerak, bihar, otsailak 22, jarriko dira salgai, online, 16:00etatik aurrera, Bibe.me plataformaren bidez. Palkoetako, tendiduko eta harmailetako sarrerak jarriko dira salgai agortu arte. Pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Sarreren %5a zezen plazako leihatilan salduko da, 15:30etik aurrera ikuskizun egun bakoitzean. Leihatilan bertan egingo da publiko, egun bakoitzean salgai jarriko den sarrera kopurua. Iglesiasek esan du, zezenik egongo ez balitz, modu automatikoan itzuliko dela online eskuratutako sarreren dirua.
Zezen plazako sarrera-irteeretan gertatzen diren jende pilaketak ekiditeko, txarangak ez dira zezen plazaraino gerturatuko musikarekin. Jotzeari utziko diote San Frantzisko pasealekuaren amaieran eta oinez sartuko dira zezen plazara. Gauza bera egingo dute irteeran ere. "Herritarrei eskatu zaie, mesedez, txarangen atzetik joateko eta ez aurretik, jende pilaketak arintze aldera". Era berean, Tolosako Udal Musika Bandak deialdi bera egin du Zaldunita eguneko Dianarako: herritarrak bandaren atzetik joan daitezela eskatu du, aurretik joan beharrean.
Barrakak eta txosna batzordea izan dira bestelako erabakien zain egon diren eragileak. Lehenen kasuan, Geltoki plazan egin beharreko asfaltatze lanen menpe zegoen udala. Berez, orain ziren obrak aurrera eramatekoak, baina azkenean, ohiko lekuan kokatuko dituzte barrakak, eta inauteriak igaro ondoren hasiko dira asfaltatze lanekin. Txosnei dagokienez, udalak Plaza Berrian kokatzeko eskaera egin zion batzordeari, baina epe kontuak direla eta, azkenean Euskal Herria plazan kokatuko dituzte txosnak, azken urteetan bezala.
Herritarrentzat mezua
Peonek gogorarazi du ongizate eta segurtasuna bermatzeko, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu ezin den kasu guztietan musukoa jarri behar dela, "guztiok modu seguruan jaiez gozatu dezagun". Alkateak esan du, "desberdinak eta bereziak" izango direla aurtengo inauteriak. Larrialdi egoera indargabetuta, eragileekin elkarlan "estuan" antolatu dute egitaraua eta udaleko sail eta teknikari ezberdinek, herritarrek eta eragileek egindako lan eta ahalegina eskertu ditu Peonek. "Batzen eta berdintzen gaituzten jaiak dira inauteriak, izan daitezela ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritutakoak, guztionak eta guztiontzat".
Aurreko urteetan bezala, alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko esku-hartze saioak egingo dira eta herritarren segurtasuna bermatzeko, zaintza lanetarako errefortzua jarriko dute eta Ertzaintza eta Udaltzaingoaren artean modu koordinatuan jarduteko protokoloak zehaztu dituzte. "Berdintasun saririk aurten izango ez badugu ere, ez dezagula ahaztu aurtengoan, jai berdinzaleen alde, berdintasunaren alde eta indarkeria sexistari aurre egiteko orain arte egindako lan guztia", esan du alkateak. Aurten ere, udalak #LIBRENonahi kanpaina sustatuko du eta gazteekin egingo diren esku-hartzeetan banatuko dira kalkomaniak, pegatinak eta liburuxkak... Eskuragarri egongo dira eraikin publikoetan, saltokietan eta tabernetan, eta kaleko panelen bidez ere zabalduko da kanpaina, informazioa eta Udaltzaingoaren telefono zenbakia.
Peonek inauterietan Tolosara gerturatzeko gonbidapenaren inguruan hitz egin du: "Aurretik ere esan nuen, osasun egoerari begiratuta, logikoagoa dirudiela norberak inauteriak bere herrian ospatzea. Zalantzarik ez dut, Tolosa eskualde buru izanik, eskualdeko herritarrak Tolosan izango direla egunotan. Nik ahalegin bat eskatu nuen, baina guk ezin dugu ezer gehiago egin, ez ditugu herriko sarrerak itxiko".
2022ko Inauterietako egitaraua:
Ostegun Gizen
- 11:15. Udal txistulari bandak Inauterietako Zortzikoa joz egingo du ohiko ibilbidea.
- 11:45. Kabi Alai elkarteak pregoia emango du udaletxetik.
- 12:00. Plaza Zaharrean, suziria jaien hasiera iragartzeko.
- 12:00. Pintxana eta Kabi Alai txarangen irteera, Plaza Berritik eta Plaza Zaharretik.
- 16:30. Zezen plazan zezen festa, Pintxana eta Kabi Alai txarangek girotuta. Ondoren, kalejira.*
- 20:00. Aurrera Kirol Elkartearen danborrada.
- 23:00. Txosnagunean Toc eta Bassagain taldeek kontzertuak.
Ostiral Mehe
- 11:30. Ozenki Txistulari taldearen kalejira.
- 16:30. Zezen plazan zezen festa, Kabi Alai txarangak alaituta. Ondoren, kalejira.*
- 20:30. Ostiral Mehe eguneko danborrada.
- 22:30. Ozpindu eta DJ Txosna taldeen kontzertuak, Txosnagunean.
- 22:30. Arpegi taldeak antolatuta, Ostiral Mehe eguneko jaialdia Leidor aretoan.
- 23:30. Jainekin txarangaren irteera.
Zaldunita bezpera
- 11:00. Tolosako Buruhandi eta Erraldoien kalejira, Tolosako Dultzaineroek lagunduta. Irteera Gernikako Arbola plazatik.
- 12:00 eta 17:00. Kabi Alai elkarteko txarangaren irteera.
- 11:30. Udaberri dantza taldeak antolatuta Dantzari Txiki kalejira abiatuko da Trianguloa plazatik. Herriko hainbat tokitan saioak eskainiko dituzte.
- 18:30. Berazubiko danborradaren irteera Berazubitik eta emanaldia Trianguloa plazan.
- 22:30. Txosnagunean Berandu Baino Lehen, Distopia, Sofokaos eta DJ DBO-ren musika.
- 23:30. Iraunkorrak eta Oriako txarangak kalez kale.
Zaldunita
- 08:00. Diana, Tolosako Udal Musika Bandarekin.
- 08:45. Udal Txistulari Bandak ohiko ibilbidea eginez, Inauterietako Zortzikoa joko du.
- 10:00 Txarangen irteera.
- 11:00. Plaza Berrian sokamuturra Sukalde txarangak alaituta.
- 11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
- 15:45. Udal Txistulari Bandak Idiarena pieza joz egingo du ohiko ibilbidea.
- 16:00. Kalejira Alcoyano, Kabila eta Urdiña Txiki txarangekin Plaza Zaharretik zezen plazaraino.
- 16:30. Zezenak zezen plazan; txarangak eta udal txistulari banda ariko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.*
- 18:30. Txosnagunean Laketen kontzertua.
- 19:00. Dantzaldia Berdura plazan Alcoyano, Kabila eta Urdiña Txiki txarangekin.
- 22:30. Txosnagunean kontzertua: Elektrokela eta DJ jotatxo.
- 23:30. Kalean eta Oriako txarangak kalez kale.
Astelenita
- 09:00. Txarangen irteera.
- 11:00. Plaza Berrian sokamuturra Ero Etxe txarangek alaituta.
- 11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
- 15:30. Little Martin Selektah eta Bassgain soinu sistemaren kamioi ibiltaria. Irteera Oria kaletik Alondegia plazara bitarte.
- 16:00. Kalejira Poca Tripa, Tolosano eta Arco Iris txarangekin, Plaza Zaharretik zezen plazara.
- 16:30. Zezenak zezen plazan; txarangak arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.*
- 19:00. Dantzaldia Berdura plazan Poca Tripa, Tolosano eta Arco Iris txarangekin.
- 18:30. Muxutruken kontzertua txosnagunean.
- 22:30. DJ Bull txosnagunean.
- 23:30. Bonberena eta Incansables txarangak kalez kale.
Asteartita
- 06:00. Udal txistulari bandak Alborada joko du udaletxeko arkupeetan, Berdura plazan eta Felipe Gorriti plazan.
- 08:00. Elkarteetako txarangek alaituta, Pattar Zezena zezen plazan. Ondoren, kalejira.
- 11:00. Plaza Berrian sokamuturra Sukalde txarangak alaituta.
- 11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
- 12:00. Plaza Berrian txarangen bilkura: San Esteban, Sukalde, Arco Iris eta Txapel Haundi txarangen eskutik. Euria bada, Berdura plazan. Ondoren, kalejira Gaztelako Ateraino.*
- 15:45. Udal txistulari bandak ohiturazko ibilbidea eginez Idiarena pieza joko du.
- 16:00. San Esteban, Veleta eta Txapel Haundi txarangen kalejira Plaza Zaharretik zezen plazara.
- 16:30. Zezenak zezen plazan; txarangak eta udal txistulari banda ariko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.
- 19:00. Dantzaldia Berdura plazan San Esteban, Veleta eta Txapel Haundi txarangekin.
- 23:30. Incansables Zaharrak txarangen irteera.
Piñata igandea
- 11:00. Tolosako buruhandi eta erraldoien irteera, Tolosako Dultzaineroek lagunduta Gernika Arbola plazatik.
- 11:00. Poca Tripa txaranga Iurreamendi egoitzara joango da.
- 16:30. Zezen plazan zezen festa Kalean txarangak alaituta. Ondoren, kalejira.*
*Datozen orduetan erabakiko du udalak zezen festak egingo diren ala ez.