Urte osoan zehar ospatuko du Alcoyanok bere 75. urteurrena

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 19a, 09:59

Korreo kaleko Malumbres dendan erakusleiho bat prestatu dute, txarangaren urteotako historia biltzen duena; urte amaiera bitartean, kontzertuak, ospakizunak eta haurrentzako ekitaldiak egingo dituzte.

Alcoyano musika elkarteak fundazioaren 75. urteurrena ospatuko du 2022 urtean. Hori dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu urte osoan zehar egiteko. Iñaki Aierbe txarangako kideak aurkezpen ekitaldian nabarmendu duenez tolosarrekin batera ospatu nahi dute urtemuga hau. "Gure ateak denentzako daude zabalik eta prest gaude jendearekin gure musika partekatzeko".

Datorren igandean hasiko dituzte ekitaldiak ofizialki. Tolosako Musika Bandak eta Txistulari Bandak inauterietako kontzertua eskainiko dute Zerkausian. Migel Angel Martinez maisuak konposatutako Alcoyanoren kalejira joko dute bertan eta maisuaren semeak zuzenduko du banda. Aierbek bereziki eskertu du Tolosako Musika Bandak agertu duen prestutasuna, bai iganderako kontzerturako, baita ere datozen hilabeteetarako ere: "Udaberrian bandaren kontzertuetako batean gure kalejira eta txarangaren urteurrenerako konposatutako bi habanerak joko dituzte eta udazkenean ere berdina egiteko asmoa dute. Oso eskertuta gaude".

Alcoyanoko kideek behin eta berriro nabarmendu dute tolosarrekin batera egin nahi dituztela ospakizun ekitaldiak. Horretarako bi data azpimarratu dituzte egutegian. Maiatzaren 28an, alde batetik, txarangak Tolosako kaleak alaituko ditu eta partaide eta adiskideen artean bazkari bat egingo dute. Eta urteurrenaren agur ekitaldi gisa, berriro ere kalea zapalduko dute urriaren 29an. Orduan ere txarangako partaide eta lagun guztiekin beste bazkari bat antolatuko dute.

Irailaren 24rako antolatutako ekitaldietan ere egin du azpimarra Aierbek. "Haizezko instrumentuen klase magistralak emango ditugu egun horretan. Tolosako musika eskola ezberdinetako haizezko instrumentuko ikasle eta zaletuentzat izango da. Klase hauek Euskadi Brass musika taldeko irakasle eta partaideek emango dituzte". Hain zuzen, egun horretan, talde horrek berak, Euskadi Brassek, kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan.

Oraindik ere data zehaztu ez badute ere, Gure Zirkuko karpan haurrentzako ate irekien jardunaldi bat egiteko asmoa du Alcoyanok udazkenean. Haizezko eta perkusio instrumentuak erakutsiko zaizkie gaztetxoei eta karpan pailazoak egongo dira. Bertan pegatinak eta biserak banatuko dira.

Erakusketa Malumbresen

Urteurreneko ekitaldiak abiatzeko Tolosako Korreo kaleko Malumbres dendan Alcoyanoren 75. urteurrena biltzen duen erakusketa jarri dute. Manu Agirre txarangako kideak aipatu duenez, Ignacio Malumbresek erraztasun osoa eman die erakusketa muntatzeko eta bertan izango da ikusgai datozen bizpahiru hilabeteetan.

Leire del Frago eta Izaskun Zarate eskaparatisten laguntza izan dute erakusketa antolatzeko eta bertan urteotako materiala bildu dute. "Txarangak urte guzti hauetan erabili dituen blusak ikusi daitezke eta kronologikoki antolatuta daude, gaur egun erabiltzen dugun jantzira iritsi arte", aipatu du Agirrek. Horrekin batera, partiturak, argazki zaharrak eta instrumentuak ere bildu dituzte mostra honetan. "Duela 75 urteko instrumentuak ere ikusgai daude eta horiek ekartzeko izan dugun laguntzagatik eskerrak eman behar dizkiogu Getariako musika eskolari. Tolosako Musika Eskolak ere ekarri dizkigu tuba zahar batzuk eta arropak zintzilikatzeko manikiak, berriz, Kimetz dendak utzi dizkigu. Denei eskerrak eman nahi dizkiegu".

Dagoeneko gure artean ez daude txarangako kideekiko oroitzapena ere izan du Agirrek: "Askok argazki hauei begiratuta komentatzen dute zenbat jende falta zaigun, baina modu batera, hemen argazkietan ikusita, gure artean jarraitzen dutela sentitzen dugu". Hain zuzen belaunaldi berriekiko lotura egin nahian, sare sozialetan ahalegin berezia egingo dutela aipatu du Alcoyanoko kide Karlos Morenok. "Historia luzea du txarangak eta hori da azaldu nahi duguna sare sozialetan. Ez ditugu argazkiak bakarrik erakutsi nahi, baita garai bateko anekdotak eta txarangatik zein jende pasa den azaldu nahi dugu".

Haria eten ez dadin, jende gaztea txarangen mundura gerturatzeko, besteak beste, Facebook eta Instagram kontuak zabalduko ditu Alcoyanok. Sare sozialetan eta kalean, txarangaren 75 urteak haiekin batera ospatzera animatu dituzte herritarrak.

  • Otsailak 18, ostirala - Erakusleiho interaktiboaren inaugurazioa. 
  • Otsailak 20, igandea - Tolosako Musika Bandaren inauterietako kontzertuan Alcoyanoren kalejira joko dute.
  • Maiatzak 28, larunbata - Ospakizun ekintza. Txarangak Tolosako kaleak zeharkatuko ditu eta kideen eta adiskideen bazkaria egingo da.
  • Irailak 24, larunbata - Haizezko instrumentuen klase magistrala Euskadi Brass taldeko kideen eskutik. Ondoren, Euskadi Brass taldearen kontzertua San Frantzisko elizan.
  • Urriak 29, larunbata - Urteurrenaren agur ekitaldia. Txaranga Tolosako kaleak alaitzera aterako da eta txarangako kideek eta lagunek bazkaria egingo dute.
  • Data zehazteke - Udazkenean haurrentzako ate irekiak egingo dituzte haurrei haizezko eta perkusio instrumentuak erakusteko Gure Zirkuko karpan.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!