Zoriona opari

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2021ko abe. 19a, 18:58

Bete dituzte argiz gure kale eta eraikinak; estali dituzte zuhaitzak artifizialtasun distiratsuz, haien edertasun naturala hurbil ditugun festetarako egokia izango ez balitz bezala; iritsi da kontsumismoaren orgasmora eramango gaituen preludio luzea. Urteroko kontua da, eta monotonian itotako sexuaren aspergarritasuna iradokitzen dit niri argi bizi eta keinukariekin dena ezkutatu beharrak.

Akaso egia izango da kaleak eta etxeetako pinu eta leihoak apaintzen dituzten led bonbillatxo horiek argindar gutxi kontsumitzen dutela, herriko saltokietan erostera bultzen dutela, garai hauetan horixe behar dugula, kontsumoa bultzatu, ekonomia bultzatu. Akaso. Baina ez al dago bestelako modurik kaleak apaintzeko argindarrik xahutu gabe? Horren itzalia dugun imajinazioa berpiztea izango da kontua.

Eta garai hauetako neurriz gorako kontsumismoaz, zer esan? Edozer eta gehiegi erosi beharraz total eginda ibiliko gara; ustez zorioneko egingo gaituzten zerez beteko ditugu poltsak eta bizitzak; zoriontasun apurrak eskuratu nahi izango ditugu, horren beharra ere badugu eta. Baina dagoeneko badakigu zoriontasuna ez dela salerosten eta gero eta zailago egiten zaigula barne-emozio hori sentitzea. Gurasoek kontatzen dute zeinen zorionekoak ziren Gabonetan jasotako panpina edo pilota bakarrarekin. Gaur egun, berriz, opari garesti edota askorekin zoriontsu izan nahiak erregalu-indigestioa eragiten digu, eta ez dago hori pasatzen lagunduko duen kamamila-infusio edo belar-likorerik.

Baina dagoeneko badakigu zoriontasuna ez dela salerosten eta gero eta zailago egiten zaigula barne-emozio hori sentitzea.

Azken 75 urteotan, bizi-kalitateak gurean hobera egin du nabarmen: ez dugu arropa ur hotzetan eskuz garbitu behar, elikagaiak luze gorde genitzake usteldu eta lizundu gabe… Horrek zoriontsuago egin beharko gintuzke, eta, hala ere, ez gara duela 75 urte baino zorionekoago sentitzen. Bizi-kalitateak gora egin ahala galtzen dugu zoriontsu izateko gaitasuna, hobetzeko itxaropenak eta aukerek ere gora egiten dutelako: zer lortuko, zer hobetuko bizi gara, daukagunaz jabetu gabe.

Horrekin ez dut esan nahi konformismoan murgildu behar dugula. Gure ondorengoei eman geniezaiekeen leziorik onenetakoa arestian aipatutakoaz jabetzea dela baizik, zoriontasuna kontsumo basatitik oso urrun dagoela irakastea eta erakustea.

Harari Yuval Noah historialari eta filosofoak dioenez, gorputzak ematen dizkigun sentsazio fisiko atseginetan dago oinarrituta zoriontasuna. Horietan baino ez. Eta sentipen fisiko horiek, zoritxarrez, berehala desagertzen dira. Jarraituko dut, beraz, bihotza eta bizitza argiztatuko didan jende eta bizipen bila.

Zoriona, osasuna, maitasuna eta askatasuna guztiontzat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!