Elkarrizketa

«Lasaitasuna eta alaitasuna eman dit niri blues musikak»

Asier Imaz 2021ko urr. 7a, 19:59

Euskadi irratian eta Radio Euskadin urte askoan blues musika jorratu du Iñigo Martin tolosarrak, eta 'Ataria Irratian' hasi da bere saioa egiten; aspaldi harrapatu zuen musika mota honek eta Tolosan jaialdia ere antolatzen du.

 

Irratiaren eta musikaren munduan ibilbide zabala du Iñigo Martin tolosarrak. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin urte luzez aritu ostean, ATARIA IRRATIAn hasiko du ibilbidea ikasturte honetan, eta blues doinuez jantziko ditu uhinak, Uzturre blues saioarekin.

Iñigo Martin eta blues-a, lotuta doaz azken urte luzeetan.
Urte mordoa daramat, 30 bat, blues musikari lotuta, eta hor jarraitzen dut, guztiz lotuta. Hasiera nahi gabekoa izan zen. 1992an Luther Allisonen kontzertu bat ikusi nuen Donostiako Jazzaldian, eta markatu egin ninduen. Aurretik hasita nengoen klasikoak entzuten, baina, agian kontzertu hark sartu arazi ninduen mundu honetan. Berehala harrapatzen zaituen musika dela esango nuke.

Eta, ondoren?
Gero, eta hamahiru urtez, Euskadi Irratiko Kostaldeko Trena irratsaioan aritu nintzen kolaboratzaile moduan, Martin Tejeriarekin. Hura jubilatu zenean Radio Euskadira pasa ninduten eta han beste zazpi urtez egon nintzen, Juan Carlos de Rojo jubilatu zen arte. Azken bi urteetan, jaialdiez eta etxeko diskoez gozatzen aritu naiz.

Blueszaleak jubilatzear ez zaudete, ezta?
Etorkizuna baduela argi dago, ikusi besterik ez dago Euskal Herrian dagoen harrobia. Donostiako Noa and The Hell Drinkers, Iker Piris tolosarra, Leioako Travellin Brothers, Serious Business Zarautz-Zumaia aldetik... Taldeak badaude.

Eta, zaleak edo entzuleak?
Zirkuituei dagokionez, gure jaialdia, Tolosandblues daukagu, Hondarribikoa zoritxarrez duela hiru urte desagertu zen, Burlatako jaialdia, Getxoko jaialdiak ere urte luzez egitarau oparoak programatu zituen baina desagertu egin zen, Zizurkilgo Blues gaua daukagu, Arrasaten jaialdi berria... Entzuleak ere badaude. Tolosako jaialdia adibide moduan jarrita, sortu zenean jende askok ez zekien zer zen blues musika, eta denboraren poderioz ikusi dugu jendeari gustatu zaiola eta zale berriak gehiago erakartzen joan dela.

Zein da jazza eta bluesaren arteko desberdintasuna?
Bietan zaharrena bluesa da. Bitxia da jazz jaialdietan normalean blues musika programatzen dela, baina blues jaialdietan ez da jazz musika programatzen. Esaterako, Baionan jazz jaialdia egiten zuten, eta urtero gau bat blues musikari eskaintzen zioten. Ez dute zerikusirik bien artean. Blues musika XIX. mendean sortu zen Estatu Batuetako hegoaldean. Kotoi soroetako langileek abesten zituzten doinu tristeetatik sortu zen. Horrek bilakaera izan zuen, eta 50. hamarkadan rock and rolla etorri zen. Jazza ondoren etorri zen. Teknikoagoa dela esan daiteke. Bluesa, berriz, arimatik ateratzen den musika dela esaten da. Jazz musikan inprobisaziorako tarte handiagoa egoten da. Blues musikaren barruan, gainera, korronte asko daude, funk, soul, rhythm and blues...

Zer eman dizu blues musikak?
Lasaitasuna eta alaitasuna eman dit. Askotan egin izan dut, lanetik etxera kargatu xamar itzuli, eta zuzean blues musika jarri eta harmonikaren solo batekin edo ahots apartekin gozatu.

Bluesa zure bidaialaguna ere bada, ezta?
Ahal dela jaialdietara joaten naiz, asteburu honetan del Vallesera noa, lagunak agurtu eta blues musika entzuteko aukera izango dugu. Elkartzen garenak bluesa maite dugu, eta batik bat blues musikari buruz hitz egiten dugu, baina ez bakarrik, noski.

Bluesa entzuteko?
Duela 28 urte erositako Pioneer bat, platinarekin, CDak entzutekoarekin, ekualizatzailearekin jakina, eta kasete bikoitzarekin. Garai bateko grabazioak ere baditut, eta kaseteak entzuten ditut. Urtean behin lehen Vinilo day egiten nuen, eta soilik biniloak entzun, baina, aurten ez dut egin. Izan ere, bueltan da biniloa. Donostiako musika denda famatu batera joan eta geroz eta binilo gehiago daudela ikusi ahal izango duzu.

Eta zein euskarrirekin geratzen zara?
Praktikoena CDa da, soinu aldetik biniloak badu bere xarma eta autentikoagoa dela esango nuke. Kotxean oraindik CDa daukat. Gaur egun kotxeak mp3arekin datoz, eta egunen batean kotxe berri erosten badut eskatuko diet pertsonalizatzeko eta niri CDa uzteko. Ia 1.500 CD ditut, eta badakit mp3ra pasa daitezkeela, baina niri CDak zabaldu, kredituak irakurri, gitarra nork jotzen duen ikusi edota nork kolaboratzen duen jakitea gustatzen zait.

1.500 CD?
Euskadi Irratian eta Radio Euskadin nengoenean diskoetxeek berrikuntzak bidaltzen zizkidaten eta horrela lortu dut bilduma hori. Erosi ere asko erosi ditut, eta erosten ditut oraindik ere.

Musika saioko sarrerarako William Clarke aukeratu duzu.
Harmonika jotzaile aparta da, garaikideen artean onena da.45 urte zituela hil zen 1996an. Hiru hilabete lehenago Los Angelesko klub batean entzuteko aukera izan nuen. Hiru orduko emanaldia eskaini zuen, emanaldi bikain eta amaiezina. Eta oraingo aho-soinu jotzaile askok esaten didate, Joan Pau Cumellasek edo Victor Puertasek esaterako, zorte handia izan nuela zuzenean ikusteagatik.

Kontzertu gogoangarririk?
Aipatu dudan hori emanaldi aparta izan zen, hiru ordukoa, ordu eta erdiko lehen zatia, ordu erdiko atsedena, eta beste ordu eta erdi. Horretaz gain, Tolosan, adibidez, oso onak izan ditugu. Little Charlie & the Nightcats Californiako laukotearena, esaterako. Gure jaialdia ekainaren erdialdean edo uztaila hasieran izaten da, eta guk beraien kontratazioa otsailean egin genuen. Martxoan manager espainiarrak jasotako korreo bat birbidali zidan esanez taldea desegin egin zela. Gitarra jotzailea taldetik atera zen eta beste hirurak gitarra jotzaile berri batekin etorriko zirela zioen eta nik erantzun nion hitzartutakoa banda osoa zela, eta horrela etortzen ez baziren ez zitzaigula interesatzen. Azkenean banda osoa etorri zen eta baita gitarra jotzaile berria, Kid Andersen, ere. Boskotea, Plaza Berrian, jaialdian izan dugun kontzertu onenetarikoa izan zen. Janiva Madnessek ere oso kontzertu borobila eskaini zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!