Hasi dira Gazte auzolandegiak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 30a, 07:57

12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako auzolandegietan Uzturreko putzuen inguruak txukunduko dituzte.

Tolosako Udalak, Gazte Topagunearekin elkarlanean, urteak daramatza Santa Luzia auzotik Miserikordia zaharrera doan bideko eremuan txukunketa lanak egiteko Gazte auzolandegiak ekimena antolatzen. Aurtengo udan ere, 12 eta 17 urte bitarteko gazteak Uzturre magaleko putzuetan auzolanean ariko dira. 

Hain justu, bi txandatan ariko dira lanean. Lehendabiziko txandakoak herenegun hasi ziren, eta ostirala, uztailaren 2ra, bitarte ariko dira. Bigarren txandakoak, berriz, uztailaren 5etik 9ra bitarte ariko dira Uzturre inguruetan. Goizetan, 09:30etik 13:30era ariko dira lanean, eta zehazki, putzuen inguruan harlauzak jarriko dituzte, uretatik irten eta inguruetan sortzen den lokatza ekiditeko.

Jubilatu talde bat ere ari da Miserikordia Zaharreko atsedenleku inguruan lanean, eta haiei laguntzen ere ariko direla gazteak azaldu dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!