Mozorroen festari deika hasten dira danbor hotsez tolosarrak. Larunbat arratsaldeko kolorea eta erritmoa, Aiz Orratz elkarteak antolatzen duen haur danborradak jartzen du, eta gaur ere ez dute hutsik egin. Irribarretsu, serio, urduri, jolaserako gogoz edo aspertuta, guztiak pasa ziren San Frantzisko pasealekuko pasarelatik.
Eguzki berotan, kosakek dantza ederki egin dute, eta bi alboak jendez beteta izan dituzte. Familia eta lagunen begiradapean egin dute Triangulorainoko bidea. Bertan hainbat abesti jo ostean, Alde Zaharrerako bidea hartu dute.