#BadatozInauteriak 2017

Sormen inauterizaleari gorazarre egingo dio Kabi Alaik

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 15a, 12:44
Kabi Alai elkartean iragarri zuten aurtengo Inauterizale Kuttuna.

Mari Cruz Iribarren aukeratu du, aurten, Kabi Alai elkarteak, Inauterizale Kuttun izateko; errekonozimendua jasoko duen lehen emakumea da tolosarra

Baliabide eta errekurtso eskasekin mozorro ederrak sortzeko trebezia saritu nahi izan dute, aurten, Inauterizale Kuttuna errekonozimendua Mari Cruz Iribarreni (Tolosa, 1917) eskainiz. Ostegun Gizeneko txupinazoak seigarrenez hartuko du omenaldi forma, Kabi Alai elkartearen ekimenez eta, lehen aldiz, emakume batek piztuko du Tolosako asterik desiratuena iragartzeko suziria.
Gaztetan eskolako esku-lanekin trebatu, eta Rondilla kalean ikasi zuen josten Iribarrenek. Orduz geroztik, oihal, hari, orratz eta lentejuela artean gozatu izan ditu bere inauteri guztiak; lanean, aurretik, eta lanaren fruitua kalean ikusiz, ondoren.
Eta, ez da gutxiagorako, argazki zaharrak baitira Mari Cruz Iribarrenen artearen lekuko. Seme-alaben mozorroekin hasi, bilobekin jarraitu, eta balkoia apaintzeko jartzen dituen panpinekin gozatzen du azken urteotan; aurtengo mozorroa ere ia prest du.
«Poz handiz» hartu du errekonozimendua eta, noski, hunkituta ere bai. Txupinazoaren suzia pizteaz galdetuta, berriz, txantxa artean dio, ez dakiela suziria zuzen aterako ote den edo ez.
Izan ere, ia 100 urterekin, umorea da Iribarrenen altxorrik preziatuena. Eta, zalantzarik ez da, horrek egiten duela hain inauterizale; festaren irudi bizi da.
Akaso horregatik, bere bizitza plazetan ere konta liteke, Justizia plazan jaio, Plaza Zaharrean hazi eta Plaza Berrian bizi baita orain. Bide horretan eta, Inauterizale Kuttun guztiak bezalaxe, Plaza Zaharrera itzuli beharko du Ostegun Gizenean, eta zain izango du herria.


Soinean inauteri gehien dituena

2011. urtean hasi zen, Kabi Alai elkartea, Inauterizale Kuttunaren saria antolatzen. Ordutik hona, San Bernardo Scout taldea (2011), Eduardo Chocano (2012), Poca Tripa txarangako sortzaileak (2013), Josetxo Guiu eta Kanu Ortega (2014), Joakin Izagirre (2015) eta Gure Kaiolako kuadrila (2016) izan dira sarituak. Palmares inauterizalean, beraz, estreinakoz idatziko dute, aurten, emakume baten izena.
Iribarren, gainera, soinean inauteri gehien bizi izandako Inauterizale Kuttuna izango da, orain arte saritutakoen artean: aurtengoak 99.ak izango ditu.

Erlazionatuak

Mari Cruz Iribarren izendatu dute Inauterizale Kuttun

Itzea Urkizu Arsuaga / Josu Artutxa Dorronsoro 2017 ots 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!