#BadatozInauteriak 2017

Zezen plazako palkoen izen-ematea astelehenean zabalduko dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 3a, 16:20
Argazkia: Imanol Garcia Landa

Zozketa bidez banatuko dituzte palkoak eta, izena emateko, beharrezkoa izango da 12 pertsonako taldeak osatzea; sarrera arruntak otsailaren 13an jarriko dituzte salgai.

Aspaldi hasi ziren berotzen Tolosako inaute-motorrak, baina, otsaileko lehen egunekin batera, prestaketen zantzuak gero eta nabariagoak dira. Horrela, urteroko moduan, Tolosako Udalak zotz egingo du zezen plazako palkoetatik zezen-festak ikusi nahi dituzten herritarren artean. Izen-ematea otsailaren 6an zabalduko dute, astelehenarekin, eta hilaren 9ra bitarte aukera izango da zerrendan sartzeko, betiere, 12 pertsonako taldeak osatuz gero.

Kultur etxera bertaratzea ezinbesteko baldintza izango da zozketan parte hartzeko, eta 10:00etatik 13:00era nahiz 17:00etatik 20:00etara bitarte aukera izango da horretarako. Behin hara iritsita, izen-emate orria bete beharko dute herritarrek, taldeko 12 pertsona horien izen-abizenak eta NAN zenbakiak zehaztuz.

Aipatzekoa da, herritar bakoitzak zerrenda bakarrean baino ezin izango duela izena eman; aurkako jarrerarik sumatuz gero, talde osoa zozketatik kanpo geratuko da. Era berean, egun bakoitzean palko bakarra eskuratu ahal izango da, eta 30 euroko prezioa izango dute; 2,5 euro pertsona bakoitzak.

Sarrera arruntak, hilaren 13an

Tolosako inauterietan ilara luzeenak sortzen dituen hitzordua izango da, ia ziur, zezen-plazako sarreren salmena egunena. Bada, aurtengo data ere zehaztu du udalak, eta otsailaren 13an internet bitartez erosi ahal izango dira, jada, zezenetarako sarrerak, 16:00etatik aurrera. www.bibe.me ataria baliatu beharko da horretarako, eta sarrera guztien %70 eskuragarri izango dira bertan.

Aldiz, sarrerak leihatilan eskuratu nahi dituztenek otsailaren 20ra edo 21era bitarte itxaron beharko dute, eta Leidorreko leihatilara jo: 16:00etatik 20:00etara bitarte zabalik izango da, aurretik sarrerak agortzen ez badira. Horren harira, udalak ohartarazi du 10 sarrera erosi ahal izango dituela, bakoitzak, gehienez.

Prezioei dagokienez, iazko tarifak mantentzea erabaki du udalak eta, beraz, tendidoan nahiz harmaila 2 euro ordaindu beharko dute herritarrek. Ikuskizunen egunetan sarrerarik geratuko balitz, 15:00etan zabalduko lukete zezen plazako leihatila.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!