1976ko Gabon gaua berreraikitzeko deia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 20a, 16:11

1976ko abenduaren 26an gertakarien inguruko kronika argitaratu zuen 'El Diario Vasco'k.

Euskal Memoriak bilera deitu du, bihar, urte hartako Guardia Zibilaren karga dokumentatzeko

«1976ko abenduaren 24a tolosar guztien memorian dago». Hala diote Euskal Memoria fundazioak Tolosan duen taldeko kide Jesus Mari Agirre Mauleonek eta Mikelo Zabalak. Guardia Zibilaren eta herritarren artean «sekulako iskanbila» izan zen gau hartan, baina «gertakaria ez dago ondo dokumentatuta», eta horixe nahi du Euskal Memoriak: jendearen testigantzak eta bizipenak bilduz, duela 40 urte gertatu zena lekukotu.

Mikelo Zabala gaztetxoa zen, eta ez du oroitzapen zehatzik, baina Jesus Mari Agirre Mauleonek ondo gogoan du iluntze hura: «Oargi elkarteko kidea nintzen orduan eta, urtero bezala, Oargiko abesbatzarekin irten ginen iluntzean, Gabon gaueko ohiturari jarraituz». Azaldu duenez, jende askok parte hartzen zuen Oargiren abesbatza hartan, eta Olentzeroren pertsonaiaren inguruko sinbologia erabiltzen zuten: «Urte hura, ordea, berezia izan zen, karroza moduko bat atera baikenuen kalera, Olentzero kaiola baten barruan sartuz. Une hartan amnistiarik ez zegoen, eta guztia oso zigortuta zegoen, baita ikurrina bera ere; ilegala zen», azaldu du.

Gauzak horrela, Olentzerorekin batera ikurrina ere atera zuten kalera eta, Agirre Mauleonen ustez, horixe izan zen guztia eragin zuena: «Iluntzeko zortziak-edo izango ziren, eta gogoan dut Korreo kalean geundela. Guardia Zibila tiroka hasi zen, jo eta su, eta Tolosa Land Rover-ez bete zen. Kulata-kolpez jendea uxatzen hasi ziren, eta sekulako sarraskia sortu zuten herrian», dio.

Izan ere, «jende asko ahal bezala etxera joaten saiatu» zen bezala, beste hainbat herritarrek aurre egin zioten Guardia Zibilari, eta iskanbila gau osora zabaldu zen: «Jende asko ez zen afaltzera joan ere egin».

Bizipenak biltzeko deia

Gertakari hura dokumentatu ahal izateko, Euskal Memoriak bilera deitu du bihar, 19:00etan, kultur etxean.
«Gure helburua gertakaria lekukotzea da, istorio eta bizipen asko airean baitaude», dio Agirre Mauleonek.
Momentuz, urteotan guztiotan entzundakoak baino ez dituzte, eta baita garaiko El Diario Vascok argitaratutako albistetxoa ere. Argazkiak biltzeko lanean dihardute, eta biharko bilerak elikatuko du beren egitasmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!