Euskararen eguneko mozioaren inguruan eztabaida plenoan

Itzea Urkizu 2013ko aza. 27a, 08:17

Tolosako Udalak osoko bilkura egin eta bi mozio onartu ditu: euskararen egunekoa da bata, eta azaroaren 25ari dagokiona, bestea

Azaroko osoko bilkura izan zen, herenegun, Tolosako Udalean, eta bi mozio onartu zituzten udal ordezkariek. Horrekin batera, Fiare banka etikoarekin hitzarmena onartzea ere puntu nagusietako bat izan zen; Fiarek Tolosan duen tadeko kideek eman zuten beren jardunaren berri.

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskara Batzordetik diktaminatuta iritsi zen plenora, mozioa. Bildu-Aralar Udal Gobernuak proposaturikoa zen, eta besteak beste, euskararen arnasguneak zituen hizpide: «Hizkuntza bizi batek nagusi izango dituen esparruak behar ditu, eta Tolosa, trantsizio momentu honetan, arnasgune hori izan liteke», azaldu zuen Ibai Iriartek.

Horrekin batera, bestelako helburuak ere zehaztu zituzten Udal Gobernuko kideek. Batetik hizkuntza politika ausart eta aurrerakoien beharra ikusten dute, eta horrekin batera, Tolosaren erreferentziazko izaera kontuan hartuz, herriko egitasmoek eragin soziolinguistikoa izan dezaketela ere kontuan hartu behar da euren ustez.

Azkenik, euskararen aurkako erasoak izan zituzten hizpide: «hainbat udalek onartutako hizkuntza-irizpideen aurka jarritako helegiteek, esaterako, kalte nabarmena egiten diote euskararen normalizazioari», dio mozioak.

Bide horretan, Udal Gobernuak hizkuntza irizpideak bere jardun osora zabaltzeko konpromisoak hartu ditu euskara sustatzeari begira, esaterako, kontratazioetara nahiz obra esleipenetara.

EAJko udal taldea ez zen ados azaldu zenbait punturekin, eta mozio alternatiboa aurkeztu zuten. Besteak beste, hizkuntza irizpideei dagokienean «bestelako bideak» proposatu zituzten. Halaber, «1982ko Euskararen Legeak oraindik ere bide luzea» duela nabarmendu zuen jeltzaleen bozeramale Jokin Azkuek: «Ezin dugu onartu egungo emaitzak hobetuko ez dituen zerbait». Azkenik, Udal Gobernuak proposaturiko mozioa onartu zuten.

Indarkeria eta banku etikoa
Azaroaren 25aren harira adierazpen instituzional bateratua ere onartu zuten osoko bilkuran, eta Fiare banku etikoarekin egin beharreko hitzarmena ere bai.

Tolosako Udalak 1.800 euro bideratuko ditu Fiare egitasmora, besteak beste, «bakuaren erdigunean pertsonak jartzen dituelako, kapitala beharrean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!