'Libertoniakoak'

Erabiltzailearen aurpegia Yurre Ugarte 2017ko urr. 22a, 13:33

Nori sinetsiko diozu? Niri ala zure begiei?» Chico Marx-en aipua behin baino gehiagotan gogora datorkit urriaren lehenengo egunetik, Katalunian independentziaren alde ala kontra bozkatzeko erreferenduma (egiten utzi zietena) egin zutenetik.

Egun horretako poliziaren errepresioa eta indarkeria ezkutatzen saiatu ziren hedabide espainiar gehienak, eta, errealitatearen beren bertsioa ezartzeko, No-do frankistaren garaietan bezala, beren albistegiekin nahikoa izango zela pentsatu zuten, egungo mundu digitalean ezin dela ia ezer ezkutatu ahazturik. Sare sozialen bidez eta mendebaldeko beste hedabideen bidez zabaldu ziren poliziak boto-emaile baketsuen aurka izan zuen jarreraren irudiak, eta demokraziara 40 urtez baino luzeago eta sakonago ohituak dauden atzerriko publikoak jaso zituen.

Orduan, hedabide espainol gehienak justifikaezina justifikatzeko gertatutakoa mozorrotu behar izan zuten (poliziak egin behar zuena egin zuen, kolpeka erantzun beharra zegoen). Harrezkero, egunez egun areagotzen joan da Kataluniako Procés-aren kontrako eraso mediatikoa. Orain, Govern katalanak egin eta eraiki duen ia ororen deabrutze batean murgilduta daude talde mediatiko eskuindar guztiak (gehienak) eta baita horiexen irakurle-kontsumitzaile diren milaka espainiar abertzale ere. Hedabide horien aurrean eta atzean dauden politikariek indarrean ipinitako Mozal legea besteok isilarazteko ei da, beren ahoetan ez baitute oraindik aplikatu. Hilaren erdialdera iristekotan gauden honetan, Kataluniako Hezkuntza sistemaren aurka ez ezik hango hizkuntzaren aurka ere jotzen hasiak dira Libertoniatik.

Marx anaien Antzar-zopa (Duck soup/Sopa de ganso, 1933) filmaren fikziozko herrialdea da Libertonia eta horko ezaugarri nagusiak autokrazia, iluntasuna eta hertsidura dira. Hala, eszena batean, Chicok Rufusen (Groucho) mozorroa darama jantzita, alegia, Chicok Rufusen itxura dauka baina ez da Rufus, noski. Chicorekin dagoen emakumeak ezin du sinetsi Rufus denik, jakin badakielako mozorro bat daraman norbait dela. Emakumea konbentzitu nahian, Chicok hauxe esaten dio: «Nori sinetsiko diozu? Niri ala zure begiei?». Umorearen bidez guztia hankaz gora jarri eta aldi berean errealitatearen interpretazio zorrotza egiteari ez uko egin; horretan maisuak ez dira ba Marx anaiak! Gu ere nolabaiteko Libertonia partikular batek bizi gaitu, eta, zoritxarrez, ez da fikziozkoa. Beste behin, umorea tonaka beharko dugu mozorroaren itxurak itsutu ez gaitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!