«Berri on bat»

Erabiltzailearen aurpegia Yurre Ugarte 2016ko uzt. 10a, 10:00

Egunkariren bat irakurtzen duzu? Edo irratiko albistegiak entzuten dituzu? Edo nahiago duzu telebista kate tradizionaletako albistegi, informazio saio edo gertakari programen bidez «informatu»

Edo interneteko blogetan murgiltzen zara? Edota sare sozial batean (ala guztietan) zure lagunek, jarraitzaileek edota kontaktuek partekatzen dituzten albiste-esteka-post-iruzkinek laguntzen dizute errealitatea eraikitzen? Agian, aurretik aipatu medio horiek guztiak batera kontsumitzen dituzu, ezta? Ala, ileapaindegira joaten zarenean soilik «informatzen» direnetakoa zara? Edota bizilagunak igogailuan kontatzen dizunarekin asetzen denetakoa, akaso?

Multi-trans-kapital-media gizarteari ixkin egitea lortu duen ezohiko gizaki bat izan ezean (posible da, probablea ez, ordea) egun baten buruan albiste mordoa barneratzen duzu. Eta horietatik, gehien-gehienak, «berri txarrak» kategorian sailkatzeko modukoak izan ohi dira, are bizilagunak kuxkuxeatu dizun pasadizoa (auzoko norbaiti buruzkoa, alajaina). Normalean, balizko «berri on» batek leku gutxi hartzen du komunikabideetan; askotan, besteen ondoan galduta, ia ezkutuan ageri ohi da.

Kontua da holako harribitxi bat ekarri zigula ekainak. Honako hau zioen Kultura saileko titularrak: Tate Modern-ek artearen Historia aldatu du eta Londresko Tate Modern museoak bere bilduman emakume artisten presentzia %50ra igo duela azaltzen zuen. Historia aldatu; alegia, iraganaren kontakizun ofiziala aldatu, eta gehitu genezake guk, bide batez, orainaren beste ikuspuntu(ak) bat proposatu, etorkizunari bide berriak zabalduz. Ez baita txantxetakoa Arte Garaikidearen munduko museo garrantzitsuenetako horretara heltzea, turista ezjakin eta superfizial moduan bada ere, eta konturatzea egileak Bourgeois, Salcedo, Pica, Iglesias, Kusama eta abar direla, duela gutxira arte museoetan presentzia urriko artistak, ez hain justu beren obren kalitate eskasagatik baizik eta artearen historiaren kanonetik (maskulinoa) baztertuak eta ahaztuak izateagatik.

Historia liburuetatik museoetaraino (eta buelta) doan hezkuntzaren katean lekurik gabe, nola harritu, beraz, emakume artisten (margolari eta eskultore kasu honetan, nahiz eta artearen beste esparruetan antzeko) urritasunaz eta existitu diren horiei buruzko ezjakintasunaz. Menchu Gal nor zen badaki inork? Zenbat emakume margolariren izen aipa ditzakezu? Orain arte jaso eta bizi izan dugun artearen historiak erabat baldintzatzen ditu galdera hauen erantzunak. Tate Modernek hartutako erabakia gainerako museoetara eta historia liburuetara hedatzen bada, orain arteko historia aldatu, agian, ez, baina, epe luzean eragina izango du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!