Zer ari da gertatzen Iranen?

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2022ko aza. 28a, 07:58
Iran. URA ITURRALDE

Bi hilabete igaro dira jada Irandar Moralaren Poliziak Mahsa Amini, 22 urteko gazte kurdua erail zuenetik. Beloa «gaizki jantzita» eramateagatik atxilotu eta hiru egun beranduago hil zen ospitalean. Egun hartatik protesta mobilizazioak areagotu egin dira Islamiar Errepublika osoan. Iran Human Rights taldearen arabera, oraingoz, 326 pertsona hil ditu poliziak, 15.000 izan dira atxilotuak eta 5 gutxienez heriotza zigorrera kondenatuak.

Azkenaldian askok galdetzen didazue aldaketa esperantzarik ba ote dudan eta nik baietz erantzun nahiko nuke. Ez dut horren argi ikusten ordea, zalantza asko ditut. Egia da pertsona asko nazkatuta daudela, gehienbat gazteak, kalera irteten direnak euren ikarak etxean utzita, dituzten baliabide gutxiekin poliziari aurka egiteko asmoz. Sare sozialen bitartez iristen zaizkigun irudietan jendetza biltzen dela ziurtatu daiteke. Hala ere, kontutan hartu behar dugu guk ikusten ditugun mobilizazioak gobernuaren aurkakoak direla eta tamalez badirela agian beste hainbeste Islamiar Errepublikaren arauak babesten dituztenak.

 

«Iran Human Rights taldearen arabera, oraingoz, 326 pertsona hil ditu poliziak, 15.000 izan dira atxilotuak eta 5 gutxienez heriotza zigorrera kondenatuak»



Nik, bere garaian, sentitu ahal izan nuen Teherango kaleetan jendearen arteko gatazka edo desadostasun hori. Oraindik gogoratzen dut gizon heldu batek nola gelditu ninduen kalean, erdi garrasika, beloak ez zidalako lepoa behar bezala estaltzen. Emakume batzuek chador-a zeramaten jantzita, beste batzuek zapia buruan ilea erdi agerian. Kontraste handiak hiriburuan bertan. Zer esanik ez Qom, irandar Vatikanoa bezala ezaguna den hiria bisitatu nuenean. Ni nintzen beltzez jantzita eta guztiz estalia ez zihoan emakume ia bakarra.

Erlijioa ardatz bezala dutenak versus pentsamolde aurrerakoiagoa dutenak. Honi gehitu beharko genizkioke herri kurduaren aldarrikapenak, balutxeenak, azeriarrenak eta arabiarrenak persiarren aurka. Ez da egoera erraza, inondik inora.

Beraz, berriro ere galdetuko bazenidate ea gobernu irandarra eroriko ote den, ez nuke jakingo zer erantzun… BAIETZ ESPERO DUDALA, emakumeen eta gutxiengo etnikoen hobe beharrez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!