Arazoa ezkutatzen saiatzen zaren arren, batzuetan benetako arazoa ez da arazoa bera; ezkutatzearen arrazoia baizik. Edo saiakera, sarri antzua. Hobeki esanda, antzeztua.

Zure gainean daramazu, handiago egiten doan elur pilotaren antzera. Zure gainean daramazu; azkenean, berak errestan eramaten zaitu. Ihesbiderako joera eta ahalegina, inertzian bilakatzen dira.

Geroz eta geruza gehiago soinean, eta zeinen goxo. Baina oxigenoa behar duzunean, zure barruko zuloak ez dira arnas bide. Beti hasierako puntura zoaz bueltan, amaierakoa jartzearen artega.

Ihes egingo duzu, bidaiatu, leku berriak ezagutu… eta beste mila aitzakia poetiko/post-moderno/sakon bilatu. Ispiluari begiratzen irakatsi dizute, kaleko begiradak simulatzeko. Nola ikusiko zaituzten aurreikusteko. Eta horretarako, margotu begizuloak azalaren koloreaz. Kendu morea begi poltsetatik, ezkutatu lo minaren ubeldura. Eta hartu kafea, egunean hirutan. Bat otordu bakoitzaren ondoren, medikuen errezetak bezala. Egunekin zaporea hartzeari ere utziko diozu, eta esna egoteagatik bakarrik hartuko duzu, komeni zaizun dosiaren bikoitza. Ongizaterako dosi erdi, alegia.

Baina ez izan beldurrik eh, bizitza bakarra da eta gozatu beharra dago. Azken tantaraino zukutu. Eta irri egin, ez ahaztu inoiz hori… Bizitza iragarki komertzial bat da, eta gainontzekoa erosi arteko denbora.

Eta eman bueltak buruari, billete handiarekin ordaindu baitiozu antsietateari. Eman buelta gehiago, lepotik atera arte. Oinak blai dituzunean egin errazena, bota errua euriari. Bada ezpada ez izan kontuan ez dagoela putzurik hondorik ez dagoen lurretan.

Amaieraren minaren beldur zarelako eman diozu bizkar hasieraren zirrarari. Saiatzeko gainera, bihar hobe. Eta beti da gaur.  

Errora jo ordez, errorearen bila, nahiago duzu arazoa desplazatu, mozkortu eta benetan betetzen ez zaituen mila betegarriz bete. Eta horrela hustuko zara, bihotz-errea sortuko dizun lehen korroxkadaz.   

Eta jarraitu horrela zurrunbiloaren norabidean zoazela ohartu arte.

Kendu tarte bat zirrikituari, eta hartu zuretzat. Hartu arnasa eta hartu indarrak. Orain dena aldapa gora da eta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!