Mundua ederragoa da umearen begiradatik. Bizitzen ikastea eta bizitza ulertzea abentura ikaragarria da eurentzat. Keinu zein imintzio txiki bakoitza garapen onaren seinale da, eta guraso berri ez jakinentzat hain da gozagarria horren lekuko izatea!

Bada momentu bat oso maite dudana: oinez ikasten ari direnekoa. Ezin politago daude deabrutxo horiek, erdi mozkor dinbili-danbala, hanka-zabal ahateen gisan, orain erori eta hurrena ere bai. Hasieran heldulekuren bat lagun aritzen dira, edo eskutxotik helduta, edo izan daiteke bizpahiru pauso solte arrapaladan... Denak balio du, aizue!

Iristen da, ordea, askatzen diren unea, pausoa irmo eta zehatz ematen dutena, mundua jateko irrikaz, irribarre xalo ia hortzik gabearekin... Ohartu gabe egiten dutela dirudi, baina ez pentsa, bere sinpletasunean ere konplikatua da: haurrek ere seguru sentitu behar askatuko badira.

 

«Ezin politago daude deabrutxo horiek, erdi mozkor dinbili-danbala, hanka-zabal ahateen gisan, orain erori eta hurrena ere bai»



Eta hamabost hilabeteko semeari begira nagoen honetan, konturatu naiz jaiotzetik dugun sentimendu hori ez zaigula bizitza osoan joaten. Alegia, izugarri kostatzen zaigula geure buruarekin seguru sentitzea, konfiantza hartzea... eta askatzea. Batez ere askatzea. Beldurra ematen digulako erortzeak, eta ahaztu egiten zaigulako eroriz gero berriz altxa gaitezkeela.

Egin kontu: zenbat proiektu utziko genituen erdizka -edo hasi ere ez- ez dugulako behar besteko segurtasunik? Ez garelako nahikoa gaituta sentitzen? Zergatik ematen digu hainbesteko erreparoa balantzaka ibiltzeak? Ez al da, bada, arituz ikasten? Ez al da zilegi okerreko urratsa eman eta erortzea?

Beraz, hurrengo batean zalantzati zaudenean, pausoa ematera ausartzen ez zarenean, gogora ezazu ume izan zinela, eta behin askatu bazinen, behin egin bazenuen, orain ere egingo duzula. Ez baitugu alferrik esaten eroriz ikasten dela oinez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!