Ez nizun gutxitan entzun, orain bizi nahi duzula. Iraganari alergia zeniola zirudien, eta etorkizunari errezeloz begiratzen zenion, errespetuz eta tentuz, gezur txikiren bat esango zizun beldurrez-edo. Zure hitz egiteko maneran antzematen nizun, jokaera txiki bakoitzean.

Ez zinen asteko erosketa egiteko gai ere; nire onetik ateratzen nintzen, astean lautan dendarako sartu-irtena egiten zenuenean, eguneroko abenturak zer ekarriko ez zenekielakoan, biharko loa non egingo zenuen ez bazeneki bezala. Absurdua.

Aitortu behar dut, ordea, inbidia ematen zenidala. Egunero jaiotzeko erabakia hartu baitzenuen, egunero ikastekoa, bizitza bizitzekoa. Hitz horiek handitxo geratuko zitzaizkizulakoan nengoen eta, hasierako eginahalen ondoren, berehala eroriko zinela errutinaren morrontzan; zuk ere asteak asteburuengandik bereiziko zenituela, edo erreserba ardoa larunbat gauerako gorde. Baina herri txiki batek ez zizun horretarako aukerarik ematen, ez dagoenetik ezin baita ezer atera. Berehala konprenitu nuen, kontatu zenidanean: ezdeus sentitzen zinen, txikiegi, aspertuegi.

Diskurtsoa imintziorik egin gabe entzun nizun, bost zentzumenak zugan ipinita. Hasieran itzulinguruka ibili zinen arren, ondo gogoan dut nola esan zenidan, azkenekoz, zure ortzadar begiak inoiz baino biziago, bizitza eguneroko puska txikiz osatuta zegoela. Nire artean pentsatu nuen, metaforak ezin hobeto ematen zizula eta, orain, zauden tokian zaudela, badakit horietako bakoitza dastatzen ariko zarela.

Zuri eta beltz ginen, edo beltz eta zuri. Baina, zer diren gauzak, zuk ere utzi duzu nigan puska txiki bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!