ELKARRIZKETA

«Fraisorotik 12.000 haur eta 3.500 emakume inguru pasatu ziren»

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2023ko abe. 10a, 07:58
Eva Garcia Magriña ikerlaria. N. URBIZU

Argazki batek sortutako zirrarak bultzatuta, Fraisorori buruz ikerketa sakona egin du Eva Garciak, azken hamarkadan.

Fraisoro umezurztegia gai hartuta, bi liburu argitaratu ditu Eva Garcia Magriñak (Donostia, 1966), 2011n Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak, eta 2020an Mujeres de barro, infancias de cristal: Fraisoro, 1903-1985: La Casa-Cuna Central de Expósitos de Guipuzcoa. Biak ala biak, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren aterkipean argitaratu dira.

Nondik dator Fraisorori buruzko zure grina, jakin-mina?

2006an, Amasa-Villabonako erretratu zaharrak liburua prestatzen ari ginela, Ainhoa Arozenak eta biok gertu dagoen sehaska-etxeko argazki batzuekin topo egin genuen. Ordura arte, ez nuen horren berri eta txundituta geratu nintzen irudiekin, lekuarekin eta, batez ere, Serapio Mujikak horri buruz idatzita zuen testuarekin. 2008an Larramendi Bazkunak ikerketa beka deialdia egin zuenean, Fraisorokoa zen haiek proposaturiko gaietako bat. Eskarmentu gutxi eta ausardia eta gogo handiz aurkeztu nuen ikerketarako nire proposamena, ingurukoek animatuta, eta Larramendi Bazkunak onartu egin zuen. Lana amaitutakoan, Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak Bazkuneko saiakera sailean argitaratu zen 2011n.

Bigarren liburu hau lehenak sortutako oihartzunari erantzuna ematera dator? Zer jaso zenuen lehen liburuaren ostean?

Bigarren argitalpena lehenengoaren gaztelerara egindako itzulpen osatua da. Fraisorotik 12.000 haur eta 3.500 emakume inguru pasatu ziren; horrek dimentsio handia hartzen du Gipuzkoan. Liburuak mahai gainean jarri du ordura arte ezkutuan egondako gaia, gizartearentzat oso ezezaguna zena, eta zehaztasunez dokumentatuta. Bai niri, bai Larramendi Bazkunari gazteleraz argitaratzeko eskaerak iritsi zitzaizkion, lehen momentutik. Euskarazko edizioa agortzear zela, testua itzultzeari ekin nion, eta testigantza berriekin osatzeari.



Edizio batetik bestera igarotako hamar urteetan gaiarekin lotutako beste bi ikerketatan parte hartu dut eta, horrek, hainbat atal osatzeko aukera eman dit. Gainera, denbora horretan Fraisorori lotutako hainbat pertsona jarri ziren nirekin harremanetan, zerbait galdetzeko edota beren istorioa kontatzeko. Denak grabatu eta idatzi nituen. Argitaratzeko prest agertu direnenak soilik gehitu dira: hiru haurrenak eta ama ezkongabe batena. Izan dira, istorio bitxi gehiago ere, baina pentsa nolako tabua den gaia, familiaren presiopean uko egin diote argitaratzeari, jakinda anonimotasuna bermatua zutela. Oraindik ere, tarteka, hurbiltzen zaizkit han izandakoak edo beren familiartekoak.

Datu ugari ematen badituzu ere, bada elkarrizketatzeko zailtasunak izan dituzun multzo bat. Haurrak adopziorako utzi zituzten ama ezkongabeez ari gara.



Haurra adopzioan ematea oso kontu pertsonal eta pribatua da eta, gainera, tabua. Haurdunaldi eta zesio horien atzean egon diren zirkunstantziak, askotan, oso gogorrak izan dira eta, gainera, ama horietako askok beren inguruko jendeari ere ezkutatu diote haur bat adopzioan eman zutela. Horrelako testigantzaren bila zoazenean, ez dakizu ama horri, psikologikoki, nola eragingo dion luzez gordeta izan duen kontu serio hori pertsona ezezagun batek, alegia nik, gogora ekartzeak. Horregatik, errespetua eta etika liburua argitaratzearen gainetik jarrita, erabaki nuen ez nintzela bilaketa horretan hasiko, eta soilik argitaratuko nuela bere kabuz niregana hurbildu eta horretarako prest agertzen ziren emakumeen istorioak. Zoritxarrez, ez da gertatu, eta agertzen diren istorioen amek, zailtasunak zailtasun, haurra atxiki ahal izan zuten beraiekin.

Familiaren jatorriaren ezagutzaren gainean, 2005 eta 2007ko hainbat lege aipatzen dituzu liburuan. Zertan eragiten diete lege horiek Fraisorotik jasotako haurrei? Bada interes kontrajarririk?

EAEn, 3/2005 Legeak arautu zuen adoptatutako pertsonek eskubidea zutela erakunde publikoek beren jatorri biologikoari buruz zituzten datuak ezagutzeko. Geroago, 54/2007 Legeak eskubide hori arautu zuen Estatu osoan. Fraisororen kasuan, askoz lehenago eta urte luzez bermatu zen eskubide hori; baina, soilik, ama horretarako prest agertzen bazen.

 

«Aldundiak emakumea lokalizatu eta bitartekaritza prozesu bat abiatzen du, bi alderdien interesak kontuan hartuz»



3/2005 Legea onartu ondoren, jatorri biologikora iristeko eskubidearen legezko aitorpenak talka egiten zuen urte askoan ezkontzaz kanpoko amei bermatu zitzaien anonimotasunarekin. Anonimotasuna Erregistro Zibilaren Erregelamenduaren 166. eta 167. artikuluen bidez gauzatu zen, 1999an indargabetu zirenak, konstituzio-kontrakotasunagatik. Gaur egun, Aldundiak du jatorri biologikoa ezagutzeko eskubidea gauzatzeko prozeduraren ardura. Haur haien jakiteko eskubidea beren amen anonimotasunaren bermearen gainetik dagoenez orain, amaren identitatearen datuak eman aurretik, Aldundiak emakumea lokalizatu eta bitartekaritza prozesu bat abiatzen du non, etikoki, bi alderdien interesak kontuan hartzen saiatzen diren. Gehienetan, bitartekaritza-prozesu hauek konplexuak izaten dira; zailtasun tekniko, juridiko eta, batez ere, emozionalez beteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!