ERREPORTAJEA

Ama eta haurren aterpe

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2023ko abe. 10a, 07:59
Fraisoro sehaska-etxea. KUTXATEKA. Fondo IbaetaGK. Isabel Lopez Biurrunek koloreztatua.

Zizurkilgo Fraisoroko lurretan zabaldu zuten, 1903. urtean, izen bereko sehaska-etxea. Zabalik izan zen 82 urtez, milaka haur espositoren lehen bizitoki izan zen Fraisoro.

Haur esposito izendapenak, abandonaturiko haurrari egiten dio erreferentzia. Esposito, latinezko adiera da eta kanpora ateratakoa izango litzake bere esanahia. Beste modu batzuetan ere deitu izan zaie, sasikoa, sasikumea, kaxakoa, tornuko umea, besteak beste. Bizitzaren une jakin batean, atzean utzi beharrekoak hartuko ditu honako artikuluak.

Kalkuluen arabera, XVI. eta XIX. mendeen artean, Europan milioi bat haur izan ziren atzean utziak edo abandonatuak. Infantizidioa izan da historian zehar, gizarte ezberdinetan demografia kontrolatzeko izan den neurririk eraginkorrena. Abandonatzea, atzean uztea, batez ere XVIII. mendetik aurrera eman zen fenomenoa da.

Euskal Herriari erreparatzen badiogu, mendi inguruneetan egoera pixka bat desberdinagoa zela jakingo dugu: haur gutxiago abandonatzen zela ikusi ahal da, Europarekin alderatuz gero. Badirudi gainera, Euskal Herrian bertan, egoera ezberdina zela Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan; azken honetan, haur gehiago abandonatzen baitzen. Ingurune menditsuetan familien egiturak izango zuen horretan eraginik; izan ere, XVIII. mende arte familiak oso zabalak ziren, eta ezkontzatik kanpo jaiotzen ziren haurrak familia zabal haietan mantentzen ziren. Dirudienez, Gipuzkoan batez ere, ohaidetasunaren ohitura zabaldua zegoen, eta honek ere nolabait lagundu zuen haur abandonatuen kopuruak modu nabarmenean gora ez egiten. Haur haiek heztea ez zen bereziki zaila, ezta immorala ere, gizartearen onarpenak babesten zituen. Esan daiteke hortaz, ordura arte, gure lurraldean ez zela haurrak atzean uzteko ohiturarik.

XVIII. mendean, ordea, aldaketak ematen hasiko dira gizartean, ezkontzatik kanpo izandako haurren kopurua murriztuz joango da eta, gero eta okerrago ikusia egongo da haurrak ezkongabetasunean izatea. Dena dela, aldaketak pixkana baina urrats irmoz ematen joan ziren, eta atzean utzitako haurren kopuruak etengabe goraka egiteko arrazoiak azaltzen joan ziren. Alde batetik, aipatutako familia ereduen aldaketa izan zen. Bestetik, erlijio katolikoa. Katolizismoa indartzen zen heinean, moralaren eta immoralaren arteko muga estuak herritarren jokabideak errotik aldatu zituzten; ezkontzaz kanpo izandako haurren eta bere amen egoera erabat okertzera eramanez. Harremanen eta sexu-harremanen jokabide aldaketa horrek zuzeneko eragina izan zuen emakumeengan erreprimituz, zigortuz eta kondenatuz. Emakumea izan zen desordena ororen erruduna, areago aitatasuna modu fidagarriz probatzerik ez zegoenean. Kristautasunak ezkontzaren barruko amatasuna goresten zuen, hortik kanpokoa moralki zigorgarria zen. Honela, beldurrik gabe esan daiteke Euskal Herrian, katolizismoaren gorakadak —haurrak babestea aitzakia hartuta— haur abandonatuen kopuruaren gorakada ekarri zuela.

 

«Emakumea izan zen desordena ororen erruduna, areago aitatasuna modu fidagarriz probatzerik ez zegoenean»

 

Gipuzkoan XIX. mendearen hastapenetan hasi zen espositoen laguntza sarea osatzen. Tolosan, Donostian, Azkoitia, Azpeitian eta Arrasaten tornu bana jarri zuten. Tornua, komentuetako atarian haurrak uzteko erabiltzen zen ate birakari sistema zen. Paretan sartuta zegoen kutxa zen, pisua antzematen zuenean kanpaitxoa jotzen zuena. Honela, haurra bertan uztean, kanpaitxoaren soinuak abisua ematen zien mojei. Tolosaldean, Tolosako Miserikordia etxeko tornua hasiera batean, eta ondoren, Fraisorokoa ziren ezagunak, biak 1913-1916 urte artean desagertu ziren. Tornuen itxierak, haurren jatorriaren anonimotasuna gainditzeko aukera ekarri zuen instituzioarentzat, haurraren eta ama biologikoaren berri izanaz.

Aipatu moduan, XIX. mendearen bukaera eta XX. hasieran, mugimendu higienistak ekarri zituen ikuspuntu berriei esker, kontzientzia aldaketa bat eman zen Europa guztian. Eta legeak eraberritzen hasi ziren haurren babesa eta biziraupena ziurtatzeko. Mugimendu honen babesean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren diru laguntzari esker, 1903ko uztailaren 30ean zabaldu zen Fraisoro sehaska-etxea Zizurkilen, Fraisoro izeneko Nekazari Eskolaren lurretan. Ia berehala zabaltze eta handitzeko lanei ekin zioten txikiegia gelditu zelako, honela, 1913ko otsailean erditzear ziren emakumeentzako eta ama izan berrientzako gela bat atondu zuten, 1921ean ama-etxea estreinatu zen arte. Bai Fraisoroko sehaska-etxea, bai ama-etxea, Europa mailan eredugarri bihurtu ziren, lan egiteko modu eta eraikinaren bikaintasuna zela eta. Honek espositoen bizitzan aldaketa itzela ekarriko zuelarik. Sehaska-etxeak Donostiako tornuan jasotako 40 umerekin hasi zuen bere ibilbidea, eta berehala gehitu ziren Tolosako Miserikoria etxekoak ere.

Fraisorora ez ziren soilik eskualdeko emakumeak iristen; garai hartan, emakume gipuzkoarrak eta baita beste probintzia batzuetakoak ere iristen ziren. Datu esanguratsua da, ama-etxera iristen ziren emakumeen erdia soilik zela gipuzkoarra. Ama ezkongabeei hauei bost urtez Fraisoroko ama-etxean egoteko aukera ematen zitzaien, barruko inude lanak eginez. Bost urte igaro ondoren, haurrarekin batera, edota haurra bertan utzita, kalerako pausoa ematea egokitzen zitzaien. Edonola ere, baziren etxera bueltatu ordez, Fraisoron geratzeko hautua egiten zutenak —hala nahiago zutelako, edo itzultzea ezinezkoa zutelako—. Emakume horiek, inude moduan geratzeko aukera izaten zuten soldata baten truke.

Haur espositoen sarean, barruko inudeak eta kanpokoak izaten ziren; lehenak aurrez aipatuak, Fraisoron bertan bizitzen ziren esneko haurrek edoskitzeko. Kanpoko inudeak aldiz, batez ere, euren haurra galdu berria zuten emakume baserritarrak izaten ziren, ezkonduak eta haurra edoskitzeko egoera onean zeudenak. Gehienetan, haur espositoak baserrietara joatea nahi izaten zen; batetik, mendi aldeko giroa osasuntsuagoa zelako, eta bestetik, baserrietan beti zegoelako eskulan beharra. Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak haur espositoak etxean hartu eta edoskitze lanengatik soldata ordaintzen zien familia, haiei lehen zazpi urteetan. Haur espositoak behin 7 urte betetzerakoan, Aldundiak edoskitze lanengatik ematen zuen soldata eten egiten zuen. Datu esanguratsua da 1960ko hamarkada amaiera arte, erditzean edo handik gutxira haurra galtzen zuten ama ia guztiek haur esposito bat hartzen zutela edoskitzeko.

Bizitzaren lehen zazpi urteetan, baziren bi aldiz atzean uzten ziren haurrak. Izan ere, jakina da Aldundiaren soldata amaitzean etxeko epela galtzen zuten haurrak bazirela berriz ere, umezurztegira bueltatuz. Kontrara, lotura afektiboez gain, lanarekiko loturak baldin baziren errazagoa zen haurra baserrian mantentzea. Ohikoa da euskal familietan espositoak senide izatea, nahiz eta, abizen ezberdinekoak izan.

Fraisoro Sehaska-etxearen ibilbidea 1994. urtean amaitu zen, batez ere eraikinak herri-gunearekiko zuen urruntasunagatik, eraikina handiegi geratzen zelako eta behar berriak detektatu zirelako. Fraisoroko sehaska-etxea zabalik ezan zen 91 urteetan, 12.000 bat haur igaro ziren bertatik. Bada zerbait.

Haurrak, gehienetan gauaren iluntasunean, aberatsen etxe atarietan, eliza atarietan, eta XIX. mendetik aurrera komentuetako tornuetan uzten edo abandonatzen ziren. Honela, eliza atarian edo aberatsen etxe atarian uzten bazen haurra, oihu egiten zen haurra ahalik eta azkarren jasoa izan zedin, hotzetik edo gose zen animalia baten atzaparretatik babestuz. Leku jakin hauetan haurra uzteak, amari anonimotasuna eskaintzen zion, eta baita bere haurra jasoa izango zenaren segurtasuna ere. Esan beharra dago hala ere, haurrak tornuetan uztearen ekintza, bere horretan, gaur egungo begiradaz krudelkeria iruditu daitekeen arren, aurrerapauso galanta izan zela haur horien bizi-iraupenenari erreparatzen bazaio.

Asko ziren haurra atzean uzteko arrazoiak, eta seguruenik ezberdinak izango ziren motiboak familia pobreetan edo familia aberatsetan. Pobrezia, gastuei aurre ezin egina, erditzean ama hiltzea, familiaren ohorea zikintzea, testamentuan ekarriko zituen aldaketak, batzuk aipatzearren. Pobreen kasuan ez zen utzikeriagatik egiten, biziraupena eta etorkizun oparoa desiratzea normala zen jaio berria tornuan uztean. Aberatsen kasuan, aldiz, baliteke jaioberria bizirik ateratzeko nahia ez izatea lehentasunezkoa; agian, haurra desagerraraztea, bistatik galtzea nahiago izatea, beren egoera ekonomikoa eta gizarte estatusa kolokan jarri baitzitzakeen. Jaioberria uzterakoan, familia batzuk zenbait objektu edo izen-abizenak idatzita uzten zituzten haurrekin batera, etorkizunean identifikatu eta jasotzeko asmotan batez ere. Kasu gehienetan, aberatsen haurrei ez zitzaien izen-abizenik jarrita uzten, ez behintzat familiarekin zuen harremana salatuko zuenik. Kontuan izan behar da baita ere, garai konkretu batzuetan, seme-alaba legitimoak abandonatzea ez zela legezkoa, eta honen ondorioz, haurra utzi nahi bazen, legeak ezarritako zigorraren beldurrez, ezkutuan egiten zela.

Haurra atzean uzteko arrazoien parekoak ziren haur horiek jasotzekoak ere. Familia hartzaileek ere bazituzten beren arrazoiak, esaterako, haur jaio berri baten heriotzak uzten duen hutsunea betetzea, guraso antzuek nahi zuten oinordetza aurkitzea, baserrietan zegoen eskulan beharra asetzea edo agian bularra ematea ekintza ordaindua zenez, soldata bat etxeratzeko modua izan zitekeen.

Orokorki eta objektiboki aipatzen dira honako arrazoiak, batez ere, haur bat atzean uzterako garaian. Inoiz gutxi irakurriko dugu emakume ezkongabearen, ama izan berriaren nahia. Oraindik ere, gertaerei bere izenez deitzea kostatzen den egunotan, estigma eta zabalkuntza bizi-bizi sumatu daitezke. Begirada arrazional batetik jaso izan da gertuen dugun sehaska-etxeko eta bere ingurumariko informazioa. Asko dira gai honi buruz jaso ditugun zurrumurru eta mamu beltzak, egin diren akatsak adina seguruena. Hutsuneak hutsune, ezin da ukatu premiazko lan sozial bat egin zela Zizurkilgo Fraisoron.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!