ELKARRIZKETA

«9.926 esposito zenbakia nuen, orain familia zabala dut»

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2023ko abe. 10a, 07:57
Begoña Balenciaga Jauregi Fraisoroko haurra. N. URBIZU

Atzean utzitako haurrek, sarritan, atzean utzi beharra izan ohi dute ezkutuan. Horren adibide da Begoña Balenciagaren bizitza-istorioa.

Begoña Balenciaga Jauregi (Zizurkil, 1941) Zizurkilgo Fraisoro sehaska-etxean jaio zen, eta han eman zituen bere lehen bi urteak. Egiaren jabe egin denaren lasaitasunez eta umiltasunez erantzun ditu galderak.

Zein da zure istorioa Begoña?

Ni Fraisoron jaio nintzen, nire ama Josefak han izan ninduen. Baina ezin izan zidan berarekin eraman une horretan, hortaz, berak bere bizia egin zuen geroago jasoko ninduela pentsatuz. Arrasatekoa zen ama, ezkondu eta hiru alaba izan zituen han bertan. Bere aitak, nire aitonak, esaten omen zion ezkondu ondoren jasoko ninduela, tira, hori jartzen du eskuratu ditudan dokumentuetan.



Bi urte izango nituen Villabonako familiak, Joakina eta Felixek, Fraisorotik jaso nindutenean. Egun Olaederra kiroldegia dagoen horretan bizi ginen, eraikin berdinean familia ugari. Haiek zaintzen ninduten, baina ezin zuten adopziorik egin, nire ama biologikoak bere abizenak utzi baitzizkidan. Bere bi abizenak, han ez zegoen aitarik, jaiotza agirian aitarik ez dagoela jartzen du.

Nire ama eta aitona biologikoak saiatu omen ziren ni berreskuratzen, baina Villabonako familiak ez zuen horretaz hitz ere egin nahi, «inolaz ere ez digute gure umetxoa kenduko», esaten omen zuen Villabonako amak. Hau ere dokumentuetan jasoa dago. Eta horrela jarraitu zuten beraiek nire zaintzarekin.

Badirudi ama biologikoak berreskuratu nahi ninduela, eta aitonaren laguntza izan zuen bitartean saiatu zen, baina aitona hil zenean agian amak laguntza hori faltako zuen aurrera egiteko. Garaiak ere halakoak ziren, ama ezkongabea izan zela esateko ere izango zuten beldurra, nork daki.



Noiz eta nola jakin zenuen Fraisoron jaiotako haurra izan zinela?

Beno, ba eskolan nenbilenean uste dut, zortzi-hamar urte izango nituen. Han beste umeek Joakina eta Felix nire gurasoak ez zirela esaten zidaten. Ni ordurako konturatua nengoen abizen berdinak ez nituela. Baina hori ez zen etxean hitz egiten. Noizbait aipatu nuen etxean eskolan esaten zidatena, eta tira, nire ama oso haserre jarri zen. Ama oso emakume ona zen, baina jenio bizia zuen. Pentsa ezazu nolakoa zen, eskolan esaten zidatena jakindakoan, bertara joan zen ni beraien alaba nintzela esatera, eta gehiago ez zuela horrelako konturik entzun nahi. Sutsuki defendatu ninduen, hari berdin zitzaion abizenak zein ziren eta ni nondik nentorren; ni bere alaba nintzen eta kito.

Zer iritzi duzu Fraisorori buruz.

Gezur asko esan da Fraisorori buruz, nik ez dut sentsazio txarrik izan. Moja haiek asko lagundu ziguten, guri, haurrei, eta baita emakume haiei guztiei ere. Egongo ziren moja txarrak eta akatsak egingo zituzten, leku guztien bezala, baina ez zen orokorra. Oro har, lan ona egin zela uste dut, arazoa, agian, kanpoan zegoen.

Badakit gure etxera etortzen zela norbait nola nengoen ikustera. Eta noizbait familia biologikoaren intentzioen berri eman zuten gure etxean, baina amak ia erratzarekin bidaltzen zituen denak.

Umila eta langilea zen Villabonako gure familia. Aitak Subijanan lan egiten zuen, eta bertako baratza ere mantentzen zuen. Amak aberatsen etxeetan lan egiten zuen, arropak garbitzen eta plantxatzen. Familia umila zen, baina ez genuen ezer falta. Eta ikusi zen ez nindutela oparitzeko, nahi ninduten.

Urte luzez joan izan naiz ni asko Fraisorora bisitan, ezkondu aurretik eta baita ondoren alabekin ere. Gerora, zahar egoitza bihurtutakoan ez nuen ohitura galdu. Orain dela gutxi arte boluntario moduan asko joaten nintzen egoitzara. Bitxia da, baina izan dira Fraisoron jaio, eta Fraisoron hil direnak ere.

Fraisoroko zure dokumentazioa eskuratu duzula aipatu duzu.



Bai, nire bizitzako gertakari garrantzitsuenak jasotzen dituen dokumentazioa jasoa dago Aldundian, beste edozein haur espositorenak bezala. Nik eskatu eta eskuratu egin nuen. Bertan, nire nondik norakoak aipatzen dira, jaiotze-agiria, ama biologikoaren izen-abizenak, Fraisorokoek harekin izandako elkarrizketak, familia jasotzailearen berri ere ematen du, izan zituzten hartu-emanak… Hori guztia ni ezkondu bitartekoa da. Gero, esku aldaketa baten moduan, jada ez daude zuri jarraipena egiten, gero senarraren eskuetan zaude. Horrela zen, horrela izan zen.

 

«Esku aldaketa baten moduan, jada ez daude zuri jarraipena egiten, gero senarraren eskuetan zaude»



Dokumentu horietan nire bizitza jasotzen zen, eta gehiena banekien arren, amak berreskuratu nahi izan ninduela irakurtzean, maitatua eta babestua sentitu nintzen. Maite nindutela pertsona haiek, benetan maite izan nindutela. Hemen, Villabonan ere bai, baina ezberdina zen.

Ahizpa biologikoak ezagutzeko aukera izan duzu.

Nire senarra hil ondoren hasi ginen honetaz hitz egiten etxean, lehenago egia denek bazekiten ere, ez genuen gaiaz asko hitz egiten. Nire iloba Eneko nerabea zela, duela hamar bat urte, hasi zen gaia ikertzen. Nire ama biologikoaren izen-abizenak bagenituenez, hortik tiraka hasi eta Arrasaten panteoi baten erosketa egon zela ikusi zuen. Niri ez zidaten ezer esan, iloba eta alabaren ezkutuko kontuak izan ziren horiek.

Horrela, Tolosan ahizpa bat nuela jakin zuten, eta ezagun batzuen bidez harekin harremanetan jarri ginen. Tolosako Frontonen egin genuen lehen zita, eta familia guztia joan ginen, alabak, beraien senarrak, ilobak. Denak. Ahizpa ikusi orduko besarkatu egin ginen, oso zirraragarria izan zen, guztiok negarrez egon ginen.

Guk eskuratu genuen dokumentazioa eman genuen egun hartan, eta ahizpak segituan onartu zuen bere ama zela, haren izen-abizenak zirela. Ondo barneratu zuen, eta beste ahizpekin hitz egitekotan geratu zen. Noski, hiru ahizpek ez zuten honen guztiaren berri, ez zuten sekulan nire berririk izan. Beste ahizpek ere ezagutu nahi izan ninduten, eta oso ondo hartu naute, ulertu dute gure amari gertatu zitzaiona. Begira gauzak nola diren, ama ez nuen ezagutu, baina orain aurpegia jartzen diot nire ahizpek emandako argazkietatik.

ADN frogak ere egin genituen, baieztatzeko dokumentuetan jartzen zuena. Eta hor berretsi zen guztia %99,92 batekin, amaren aldetik. Ez zegoen zalantzarik.

 

«Halaxe esaten diet etxekoei; ahizpak ez ditut askatzen, ez ditut askatuko»



Gaur egun, astero geratzen naiz Tolosako ahizparekin, eta familia osoa urtean zehar hainbat aldiz elkartzen dugu. Badirudi betidanik ezagutzen dugula elkar. Familia eta egia lortu ditut, zirkulua itxi dut. 9.926 esposito zenbakia nuen, orain familia ugaria dut. Nire familia da, orain hala esaten dut, nire familia. Halaxe esaten diet etxekoei; ahizpak ez ditut askatzen, ez ditut askatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!