Katu kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2023ko abe. 4a, 07:58
Kale katu bat. L.CARRASCO

Adiskide min bat badut, adiskide izateaz gainera alkate ere badena. Iazko udazkenean elkarrekin lasai egoteko aukera izan genuen batean, laugarren urtera zihoan bere agintaldian zerk eman ote zion buruhausterik handiena galdetu nion. «Ezbairik gabe» katu kontuek eman ziotela esan zidan.

Zertaz ari zen zehazki ez nekienez, azalpenak eskatu behar izan nizkion. Herrian gero eta ugariago diren kaleko katuez ari zela azaldu zidan. Buruhauste nagusia hori baldin bazuen, udalean arazo gutxi zituenaren seinalerik argiena zela bota nion orduan. Ulertzen zuela nik barre egitea, berak ere egingo zukeela, baina gai horrek loa ere kendua ziola aitortu zidan adiskideak.

Jendearentzat arazo bilakatzeraino ugaldu ziren kaleko katuak. Arazo zen, batzuentzat, gaixotasunak transmititzeko arriskutzat zituztelako. Arazo zen, bestetzuentzat, animalia gaixoek laguntza behar zutela uste zutelako goseak hilko ez baziren. Mutur banaren artean udala, alkateak erabaki salomoniko batera bildu zituen bi taldeak. Katuen populazioak gora egin ez zezan, harrapatu eta antzutu egingo zituzten katuak. Ordurako bertan zirenentzat, berriz, jan-leku kontrolatuak jarriko zituzten eta boluntarioen bitartez emango zieten jaten.

 

«Horrela iritsi dira katuak herriko biztanlerik pribilegiatuen izatera. Janleku, lo-leku eta kaka-leku publikoak euren esku direla, zer gehiago nahi dute?»



Buruhauste gehiago ere izan ziren. Esaterako, katuek lotarako babeslekua lurpeko garaje komunitario bat zeukaten hautatua. Hango gorotz eta txizak arazo bihurtu ziren, eta udalak kaka- eta txiza-tokiak jarri behar izan zituen, aparkalekuen erabiltzaileekin eztabaida saihetsezinen ostean, inork ez baitzuen bere autoaren alboan kokatzerik nahi katuen beharretarako kutxak.

Loa galtzerainoko buruhausteak herri-lanetarako langileen oporretan sortu zitzaizkion nire lagunari, alkateak berak aritu behar izan baitzuen katuen ehizan, ondoren antzutzeko. Gauez egin beharreko lanak direnez, jakina, lo gutxiko egunak izan ziren haiek nire adiskidearentzat.

Horrela iritsi dira katuak herriko biztanlerik pribilegiatuen izatera. Janleku, lo-leku eta kaka-leku publikoak euren esku direla, zer gehiago nahi dute?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!