Zelatunen

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2023ko ira. 30a, 07:58
Elon Musk. ATARIA

Tira, pasa zaitez jangelara, beheko sua piztuta daukagu eta». Horrela gonbidatu ninduen Zelatungo Agirretxe bordako zerbitzariak, mela-mela egina sartu nintzenean. Salda eta haragi egosi pintxoarekin sartu nintzen jangelara. Arropa aldatzen hasi nintzen. Barrengo kamisetarekin borrokan, buruan trabatuta, erauztea lortu nuenerako, bost gizonezko gehiago zeuden sartu nintzenean hutsa zegoen jangelan.

Bostek bertan denbora zeramatela ziruditen, mahai baten inguruan baitzeuden, eta neuri begira. «Galdera bat dugu zuretzako: Zerk uste duzu eramango gaituela hondamenera? Klima aldaketak? Krisi nuklear batek? Eguzki ekaitz batek? Kolapso, geldialdi edo sabotaje informatiko batek? Birus berri batek? Giza edo makina errebolta batek? Eta nola salba gintezke, gizateria ez bada, gutxienez gu?».

Aho bete hortz utzi ninduen galderak, eta galtzontzillo hutsean nengoela ahaztu nuen itauna egin zidana ezagututa. Elon Musk bera zen. Alboan Jeff Bezos zeukan, eta Mark Zuckerberg, eta beste biak ez zitzaizkidan arrotz egin, baina ez nituen ezagutu. Gero, gogoratu nituen: Googleko ingeniari Ray Kurzweil eta OpenAIko Sam Altman (ChatGPT). Egoera birbideratzen ez zuen batere lagundu bordako leihotik Antonio Guterres, Nazio Batuetako idazkari nagusia, ikusi nuenean, hura ere galtzontzillo hutsean korrika eta deiadarka: «Gizateriak ateak ireki dizkio infernuari!».

 

«Ohartu nintzen teknologia industriako handiki hauek munduko aberatsenak izateaz gainera, zeharo konbentzituta daudela munduaren akabera gertu dagoela»

 

Ohartu nintzen teknologia industriako handiki hauek munduko aberatsenak izateaz gainera, zeharo konbentzituta daudela munduaren akabera gertu dagoela. Ez dituzte, alferrik, prestatu euren ihesbide partikularrak: Amazonen sortzaileak espazioa konkistatu nahi du, Teslaren jabeak Marte kolonizatu; Kurzweilek eta Altmanek beren adimenak ordenagailuetan kargatu nahi dituzte, eta Facebook, Whatsapp eta Instagramen jabea metabertsoan babestu nahi da. Haien B planak dituzte, gainerako zortzi mila milioi gizakiongandik urrun.

Mutu gera nintekeen, baina Zelatunen, galtzontzillo hutsean, ahobizarrik gabe erantzun nien: «Agian ezin izango dugu zuek bultzatutako hondamendia saihestu, baina berorri nola aurre egin erabaki dezakegu. Elkar zaintzen duten gizaki bihozberak bezala egingo dugu, ala, zuek planeatuta duzuen bezala, bakoitza bere aldetik joango gara? Horrek erabakiko du dena. Zenbat eta elkarren mendeago egon, orduan eta gauza gutxiago erosi beharko dugu, energia gutxiago gastatu beharko dugu, esklabo gutxiago beharko ditugu, gerra eta gatazka gutxiago sortuko ditugu. Hornikuntza-kate globaleko tentsioa arindu dezakegu. Komunitate bakoitza tokian-tokian zenbat eta erresistenteagoa izan, orduan eta handiagoa izango da sistema geopolitiko erraldoi horien gaineko presioa».

Bat batean, tximistak jo zuen, argitasunak itsutu ninduen, eta begiak ireki orduko neska-mutil kuadrilla bat nuen aurrez aurre bordako jangelan. Arropa lehorrak jantzi, salda beroa hartu, pintxoa jan, eta abiatu nintzen Zelatundik behera, pozik, Lurra akabatu aurretik munduan egin daitekeen gauzarik ederrenetako bat errepikatzeko aukera izan nuelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!