Hau ez da analisi bat

San Joan bezperako sutan erre ei nituen urteko laztura eta mingots guztiak. Baina, nonbait, ez ziren kiskali, eta hemen naukazue, zortzi egunen ostean, inoiz baino erreago.

Joan den igandea hain hurbil edukitzeagatik izango da, baina oraindik ez zait gainetik kendu munduarekiko, eta baita neure buruarekiko ere, dudan amorrua, eta espero ez zen garaipen zabala gehiengo absolutu absolutista izatea desiratu dut, horrela, behingoz, eskoziarrak eta irlandarrak Erresuma Batu 'brexitatuarengandik' nola, geuk ere Espainia esperpentiko horretatik bereizi ez, ihes, salto egiteko grina eduki dezagun, baita hondoratzera doan itsasontzitik arratoien gisa izanda ere. 'Eusxit', 'Eus shit'!

Baina ez. Horren ordez, dugu daukaguna. Herritarrek merezi duten agintariak omen dituzte. Ba nik ez ditut agintari horiek merezi; eta nik merezi ez ditudan ber gisan, ulertzen dut ez dituzula merezi zuk, ez dituela merezi hark, ez dituzuela merezi zuek, ez haiek, ezta geu denok ere. Nola ba, bere buruari botoa ematen ere ez dakien bat hautagai aurkeztu bakarrik ez, diputatu ere irten bada? Et, baina ez Murtzian gero, Gipuzkoan baizik.

Ekainean ikasturtea suspenditu dugu; selektibitatean matematika proba konplikatu bat jarri izan baligute ere! Oraingoan ere udazkenean gainditu behar hau… baldin eta gainditzen baldin badugu; izan ere, nago urrian ere urri ibiliko garela. Ea asmatzeko dudan abileziarik eza hau oraingoan ere konplitzen den.

Barkatu harrikada; hau ez zen analisi bat.

Oporrak behar ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!