Egia da denborarekin gauzen pertzepzioa aldatuz joaten dela. Egia da, baita ere, guk garai batean sentitzen genuen zirrara handi, bizi, neurtezin hura, Gabonak inguratzen zirenean, modu oso ezberdin batean sentitzen dugula orain, modu askoz hotzago batean.

Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.

         
    Egia da denborarekin gauzen pertzepzioa aldatuz joaten dela. Egia da, baita ere, guk garai batean sentitzen genuen zirrara handi, bizi, neurtezin hura, Gabonak inguratzen zirenean, modu oso ezberdin batean sentitzen dugula orain, modu askoz hotzago batean. Suposatzen da oraingo haur eta gazteek guk sentitzen genuena sentituko dutela; guk ordea, ez. Denbora ez da alferrik aurrerantz joaten, urteak ez dira alferrik pasatzen, atzean utziz hainbeste oroitzapen, on eta txar, eta begi bistakoa da lehenbiziko aldiz sentitzen duzuna, hogei, berrogei, hirurogei aldiz errepikatuz gero, ez dela gauza bera izaten.

Hiru oroitzapen kontatuko ditut hemen, labur-labur, garai hartakoak, Eguberri giroarekin lotuta dauzkadanak. Bat: gaur bertan balitz bezala dut gogoan oroitzapen hau. Nik hamalau urte nituen orduan eta abenduaren 18a zen, beraz, sei egun falta ziren Gabon gaua izateko. Eskolapioetan geunden, 5. batxilergoa ikasten, eta goiz hartan Kimikako azterketa genuen. Gogoan dut Kimikako azterketa egiten ari ginen bitartean etengabe entzuten zirela Gabonetako abestiak, ez dakit orain korridoreetan jarritako bozgorailuetatik edota behean zegoen patiotik zetozen abesti haiek. Horietako bat, behin eta berriro errepikatzen, “El pequeño tamborilero” zen, Raphael abeslariak kantatua.   

Bigarren oroitzapena: nire anaia batekin, eta lehengusu eta lehengusinarekin, laurok batera, ateratzen ginen abestera etxez-etxe gure jaiotza dotorea pozik generaman bitartean. Atez-ate joka, ilusio handiz, hiruna abesti kantatzen genituen etxebizitza bakoitzean, osorik, aurrena bi eta dirua jaso ondoren, propina gisa, hirugarrena. Gogoan dut Gabon egunean ateratzen ginela, eta baita Errege bezpera egunean ere. Gaur ez dut uste jende gehiegi horrela ibiltzen denik, orduan bai, eta esango nuke jada Errege bezperako egun horretan ez dela jendea ateratzen bere jaiotzarekin.

Hirugarren oroitzapena: nik orduan ezin nuen ulertu, gogoan dut guztiz harrigarria egin zitzaidala hura ikustea. Gabon iluntzea zen, familian afaltzeko pare ordu faltako ziren, ez gehiago. Gizon bat ikusi nuen orduan zinera sartzen, pelikula bat ikusteko asmoz. Jakina, orduan ez nintzen konturatu jende asko dagoela Eguberri giroa gustuko ez duena, jende asko dagoela bakarrik dagoena, jende asko dagoela festa hauetan guztiz deprimitu eta lur jota geratzen dena. Orain ulertzen dut, baina garai hartan, ni oso gazte nintzenean, erabat txundigarria egin zitzaidan eszena hura ikustea. 

    Hau guztia etorri zait bat-batean gogora ohartu naizenean gaurko saio honetan zuei guztioi Eguberri Onak opa behar dizkizuedala eta Urte Berri On bat izan dezazuen desiratu.
         Ondo izan!

                        Joxemari Iturralde

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!