Li Bai txaboloan

Ilargiarekiko miresmena ez da oraingoxea. Haren dirdirak lurrak, urak, ileak eta pertsonen gogoak erakartzen ditu, inguratzen duen misterioak pertsonak berezkoa duen jakin min eta zalantzak elikatuz.

Adin txikiko seme-alabak eta ilobak ditugunontzat aitzakia erabilia izaten da fantasiazko mundua sortu eta umeak txunditzeko, bide batez atzera egin eta alboratzen joan garen inozentzia pusketak berreskuratzeko.

Iloba zaharrenari, magalean Tintinen ipuina kontatzen niola, hitza emandakoa naiz: behin sudur parera ailegatzen zarenean suzirian sartu eta elkarrekin bidaiatuko dugu bertara.

Iloba gazteari, kartzelatik, “collage” koloretsua igorri nion. Bere eskuekin eta nire laguntzarekin ilargia harrapatzen genuen.

Topikoak topiko, semeari esan izan diot ilargia begiratzeko gauean, ni ere begira egongo naizela, eta haren islan biok elkar ikusiko dugula; edo sentitu behintzat.

Oroitzapen propioak ere etortzen zaizkit. Adibidez, ilargiaren betetasunak gidatuta, Aralarko Guardetxetik Igaratzako bordara gauez joan ginenekoa. Hankaz gora belazean etzanda, lagunarte jatorrean eta haxix porroa ezpainez ezpain, ezpainik gabe, egungo amets gaizto hauei bide eman dieten ametsen txinpartak sugar bihurtzen zirela.

Berriki, Mikel Orbegozo kide eta lagun minak “ilargiraino” bidali ditu senide eta lagunak bere komiki bihurrietan. Saturnoraino joango lirateke bisitara.

Eta presooi ilargiraino joaten zaigu bista, modulu eta txaboloko kokapenak ahalbidetzen duenean. Behin ilunabarreko kontaketa ostean, leihotik leihorako builak eta musika aparatuen zalaparta isiltzen denean, itxita nuen leihoa ireki eta aldamenean dudan kide ilustreari poema bat errezitatzera ausartu naiz:

“Gaualdea da

Ilargia bete antzera pareko murruaren gainean.

Gaztelako lur eremu lau eta arreetan

Zerua oskarbi, freskura lehorra, ihintza pilatzen teilatuan;

Barruan, babes bila eperra goiko apaleko txokoan.

Burua okertu eta zeharka

Barrote tarte beretik ilargia osorik dakusat”

Li Bai izena du kideak. Txinatarra da, VIII. Mendean sortua, poeta. Lagun onak, natura, ardoa eta autoritate eza maite ditu. Desterrua eta kartzela ezagutzea tokatu zaizkio. Soberako apaindurarik gabe “Gauaren erdian gogoeta” egin du berak ere.

“Ilargi distiratsuaren isla ohatze aurrean,

Antzigarra bailitzan lurraren gainean;

Burua jaso ilargi distiratsuari begira,

Burua makurtu jaioterria gogoan.”

Oharra: Iruzkin hau Argia.eus-etik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!