Aldarrikapen nazionala

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2017ko aza. 24a, 20:36

Azaroak 25 izango ditu bihar. Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, tamalez.

Tamalez diot, ederra izango bailitzateke egun hau existituko ez balitz, gizartearen osasuna oso bestelakoa izango litzatekeelako eta aurrekari ilunik ere ez legokeela uler genezakeelako. Zoritxarrez, aldarrikapen eguna da, ez ospakizun eguna.

Asko dira oraindik ere hobetu beharreko esparruak, eta salatu beharreko ekintzak. Indarkeriak eta gutxiespenezko tratuak mila aurpegi ditu. Lan munduan ez ezik, beste arlo askotan ere emakumeak bere lekua «irabazi» egin behar duela dirudi oraindik orain.

Adibideetako bat izan daiteke kirola. Zer esanik ez, futbola.

Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait, biharko egunean Eibarko Ipurua zelaian jokatuko den futbol partida gogora ekartzea. Hamaikakoa emakumezkoek osatuko dute. Gure selekzioa Txekiar Errepublikaren selekzioaren aurka arituko da.

Ondorioz, egunak berak aldarrikapen ugaritarako abagunea emango digun horretan, aukera izango dugu nazio mailako aldarrikapena ere egitekoa. Euskal selekzioa da, gurea, eta emakumezkoek osaturikoa. Nazio bat garela erakusteko aukera beraz, biharkoa.

Emakumeak txalotzearekin batera, nazio aldarrikapenaren irudia izango da. Izan ere, emakumezkoek soinean eramango dituztenak gure ikurrinaren koloreak izango dira.

Berdintasuna etxean, lanean, kalean, futbol zelaian,… nazioan. Nazioak egingo duen aldarrikapena izan daiteke biharkoa. Nazioa eta emakumeak, biak ardatz.

Gora emakumezkoen euskal selekzioa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!