Kale Kantoitik

Abertzaletasunetik harago

Susma dezaket Espainiako estatuarekin era baketsuan adostutako bidea, ez dela aukera bat. Baina bide berria, zalantza, iraganarekin haustura proposatze hutsak merezi izan du. Urriaren 1a egun historikoa da dagoeneko. Ea historia juxtuago idazteko balio duen.

Bai, independentzia gosea egon daiteke abertzaletasunetik harago. Katalunian gertatzen ari denaren erpin interesgarriena da, nire iritziz. Eta horretaz hitz egin nahi dizuet. Badago ontzat emango nukeen abertzaletasuna noski. Dibertsitatea, norbere ezaugarri kulturalak, hizkuntza, lurralde edo herri bati izan zeniezaiokeen maitasuna ere, izan bada abertzaletasuna. Baina abertzaletasunak badu bere alderik gogaikarriena. Bandera eta lurralde-mugen tesia. Etnokraziaren abertzaletasuna. Nagusitasuna, gehiago izatea alegia, barneratzen duen sentimendua. Gure lurretan, Euskal Herrian, agerikoa izan da hori. Baita Espainiako estatuan ere. Horrexegatik ez nuke nahi egun hauetan Kataluniak bizi duena, eta egunen batean Euskal Herrian bizitzea gustatuko litzaidekeena, kolore ezberdinetako abertzaletasunen talka izatea. Independentziaren alde nago, baino honek parean nazionalismoaren gorazarrea badakar, atzean utzi nahi den herrialdearen nazionalismo bera gureganatzea bada helburua, niretzat autodeterminazio eskubideak -nahiz eta hau sutsuki defendatzen jarraituko nukeen- interesa galduko luke. Espainiako estatua nazionalismo biolentoaren bitartez sortu zen. Hori gogoratu beharrekoa da. Eta horregatik era baketsuan sorturiko hausturak badu, edo izango luke, -kontraesan leuna tarteko-, nagusitasuna. Biolentziaz mantendu nahi den nazionalismo espainiarraren aurrean, irriak, loreak, eskuak airean, besarkadak, belaunaldien arteko adostasunak, emozioak...

Agian horrexegatik Katalunian gertatzen ari denak txundituta nauka. Eta Espainiako estatuaren jarrerak, baita bere herritar askoren biolentziaren babesak, disimulatu eziniko nazka sortzen dit. Katalunian bizitakoa nazionalismo hutsetik harago doala esango nuke. Gizarte egitura berrietan oinarrituriko iraultza. Bai, iraultza hitza beldurrik gabe erabili beharrekoa da. 68 maiatza aspaldidanik inspiratzailea izan zaidan heinean, Kataluniakoak ere hunkitu nau. Baita 15M mugimenduak ere. Bere akatsak onartuta, guztiz markatu ninduen. Izatez 15M mugimenduaren kolore, ezaugarri eta arima ere badu nire ustez kataluniako urriaren bateko jarrerak.

Argi dago kataluniako prozesua ez dagoela nazionalismo identitariotik at. Eta Euskal Herrian inoiz gertatzen bada, prozesu horrek ere izango du hori. Onartu beharrekoa izango da. Baina nortasunetik harago joan eta estatu eredu berriak planteatzeak behar luke erronka. Eraldatzailea, sozialagoa, abegitsuagoa, alkartasun printzipioak hobesten dituena...

Ez da kasualitatea azken Espainiako hauteskundeek utzi zuten mapa elektorala. Katalunia eta Euskal Herrian PP eta PSOE ez ziren lehen indarren artean ageri. Espainiak bi kolore zituen; PPren urdina lurraldearen gehiengoan, eta PSOEren gorria beste gutxi batzuetan. Eta horietatik at Euskadi eta Katalunia zeuden. Mapa hura adierazgarria zen. Hausturaren argazkia izan zitekeen. Identitarismotik izan bazuen, baina nortasunetik haratago ere espainiar estatuaren gehiengotik desberdinak ziren gizarteak erakusten zituen. Gizarte antolakuntza berrietan, demokrazia modu ezberdinetan eta bestelako etorkizun batean sinisten duten gizarteak atzean daudela pentsatu nahi nuke. Frankismo osteko 78ko konstituzioak -erabaki demokratiko hertsatzaile hark- baturik mantendu nahi duen herrialde eta nortasun fiktizioa hautsi nahi duten gizarteak, bai. Baina baita herrialdeen arteko antolaketa modu berriak nahi dituzten gizarteak ere. Estatu eredutik haratago elkarrekin egoteko modu berrian sinesten duten gizarteak. Harreman konfederaletan oinarrituta Europar Batasunaren noraezaren bidea jarraitu nahi ez duten herrien arteko antolamendu berriak pentsatu ditzaketenak. Eta batez ere, legearen zapalkuntzari, estatuen bortizkeriari, besotik helduta eta modu baketsuan erantzuteko prest dagoen belaunaldi ezberdinen arteko proiektua babestuko duten gizarteak. Status quoa zalantzan jartzea pauso bat da, eta hori igandean lortu zuen Kataluniak. Ezin erabiliko dute independentisten biolentziaren aitzakia. Ez dakit zer duen kataluniak aurretik. Susma dezaket espainiar estatuarekin era baketsuan adostutako bidea, ez dela aukera bat. Baina bide berria, zalantza, iraganarekin haustura proposatze hutsak merezi izan du. Urriaren 1a egun historikoa da dagoeneko. Ea historia juxtuago idazteko balio duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!