Harietatik zintzilik jarriko gaituzte, beste urte batez, Titirijaiko txotxongiloek datozen egunotan. Ertzak erakutsi eta emozioak dantzara ateratzera badatoz lagun berriak, eskularru bizidunak, itzal misteriotsuak edota makil hizlariak. Irribarre eta samindurak izango dira tartean. Isilune kolektiboetan arnasa hartzea ere ahaztuko zaigu ziurrenik…

Liburu, musika eta goi-mailako makina bat ikuskizunez ere zipriztinduko gaituzte Durangoko Azokako oholtza eta stand-ek. Euskaldun izatearen harrotasunak adieraztera etorriko dira egun negutarrak, lagun zahar, eusnob intelektual edota artista nekaezinak elkartuz.

Zabal eta luze dator errepertorioa, betiko lez, beste hainbat eta hainbat ekimen ezberdinen barruan. Ikaragarri gozatzeko modukoak guzti-guztiak, ziur. Baina, kezkatuta nauka honen inguruko atazak. Nolakoa da gure publikoa ikuskizun hauen aurrean? Zein da gure jarrera? Publikoaren heziketaz mintzo naiz. Publiko izatearen kontzientziaz. Kultur kontsumitzaileok nolako publiko izan nahi dugunaz. Luze jo dezake kontuak, baina jakizue, gaian interesatuak, badirela ikastaroak honetan trebatzeko ere.

Kultur heziketa falta dela eta, kontsumitzaile eskasian txotxongiloen gisara harietatik zintzilik bagabiltza, nola demontre gara hain zekenak, hain berekoiak, ikuslegoa erakarri beharrean, hauek uxatzen aritzeko? Gusta dakiguke kontzertuetan builaka eta operetan ahopetik kantatzea, maite dezakegu zinera joan eta palomita baldekada jatea, jaso dezakegu mugikorrean urteko deirik garrantzitsuena, erakar gaitzake bakarrizketetan barrez algaraka ia beste mundura joateak, lagunekin ikuskizunaz kalakan jo eta su aritzeak... Ahaztu egiten zaigu, batzuetan, ordea, ez gaudela bakarrik gauden tokian. Ahaztu egiten zaigu ondokoentzat isiltasuna ere eskubide izan daitekeela. Eurek ere ikuskizunaz gozatu nahi dutela. Hori ere bada kultura. Heziketaren kultura, ikuslea hezteko bidean.

1936ko urtarrilean argitaratu zuen Eusebio Erkiagak Antzerti Yayan izan naz bakarrizketa Antzerti aldizkarian. Hala zioen: «Zapia jaso arren, jentea berriketan. Iruditegian alako txerpolari bat agertu danean, asi dira barreka, eta ezer entzun ezin nik. (…) Onelangoak etxean gelditu bear lirake, ta ez iñori kalte egitera joan antzokira».

Ez da asmoa kulturarekiko atseginean inor gogogabetzea. Ezta gutxiagorik ere! Kulturaren ertzetan emozioak dantzan jarri eta, behar denetan, isilune kolektiboetako arnasaldi etenak entzun ahal izateko kontzientzia bultzatzea baizik. Hala bedi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!