Betaurreko zaharrak eta berriak

Duela gutxi, urte berriarekin, betaurrekoak aldatu nituen. Zaharrak ez zeuden bereziki gaizki, iraun zezaketen gehixeago, baina merke antzean zeudela eta hortxe Haritz betaurreko berriekin. Zaharrak mesanotxean geratu ziren gordeta.

(Stop. Kantua. «Gu ta Gutarrak Eta Maite dut...» Sartu. Play)

Inauteriak gauza ederra dira oso, baina hainbeste jenderen artean, euritan, aterkiak alde guztietan eta tabernak lepo esan nuen: «Haritz, betaurreko berriak ateratzen badituk ez dituk bueltatuko. Beraz, mesanotxetik zaharrak atera eta berriak gorde nituen. Hantxe ibili nintzen ba, inongo kezkarik gabe dena emanda, goiz eta gau, denak bost axola zidala. Betaurrekoak? Berdin ziok! Ezpatazko hotza kalean? Utikan. Biharamuna? Zer duk hori? Etxeko giltzak? Bah...

Gero bat-batean, Hausterre eguna. Esnatu eta neuronak, bujia izorratuak bezala, martxan jartzen saiatu. Dios, ez geudek ederki (Iriartek asmatu zuen ederki bertsoarekin ATARIA-n). Etxean puskak biltzen ibili, han igandeko mozorroaren txapela, hemen inglesitoaren abrigo dotorea,... Kartera hemen zegok behintzat. Giltzak ere bai. Eta hau nondik atera da? Ea, zentratu gaitezen, bihar lanera. Tira ba, zer erremedio. Motxila bildu, liburuak, agenda,... Goizean dutxatu eta prest gizon errespetagarri zentzuzkoa emateko. Orduantxe utzi nituen betaurreko zaharrak atzera kajoian. Ai... ikusitakoaren erdia kontatuko balute horiek... Berriak jantzi eta ezer gertatu izan ez balitz bezala Donostiara autobusean. Zintzo-zintzo.

Kristal berrietatik guztia garden ikusten nuen, zuzen. Pareko objektuak zein ideiak ederki definituak neuzkan buruan, bista zorroztu berriarekin. Kontraste ederra aurreko egunekin: dena zurrunbilo, argi-ilun lauso eta esaldi nahasi. Pentsatu nuen hori ez zela ibilera jende sanoarentzat, ezin dela horrela ibili pertsona, natural xamarrak izan nahi badugu behintzat. Baina, aizue, gauza bat esango dizuet: betaurreko zaharrak hor daude ertza kajoietik erakutsiz, beti tentagarri. Eta egia esan eskerrak; pertsonak behar baitu erotik ere tarteka, zuzentasun gehiegizkoak erotuko ez badu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!