Bioaniztasunetik: Konpostako xomorroak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2013ko aza. 6a, 15:09

Konpostaje kanpainak urtebete egin duen honetan, eta bigarren konpostaje kanpaina hasiko den unean, berriro dator ekokulturaren txoko xume hau konpostagailua eta bertako animaliatxo interesgarriez hitz egitera. Konturatu gabe jada urtebete egin dugu gure hondakinak %20ra murrizten, eta nahigabe, etxeko maskotatzak hartu ditugu konpostagailu barruan, jan eta jan dabiltzan xomorroak. Hurrengo zutabetxo hau eta etorriko direnak, langile ñimiño hauei omentzeko izango dira. Gaurko zutabean, Soldadu eulia (Hermetia illucens) dakarkizuet. Euli beltz bat da, euli arrunta baino bi aldiz luzeagoa eta argalagoa.

Heldua denean, konpostagailu inguruan hegan bueltaka dabilen arren, kumetxoa denean, konpostagailu barrenean egoten da beldar moduan. Noizbait, konpostagailuaren alboan ipintzen bazarete eta belarria gerturatzen baduzue, bere kras-kras zarata entzungo duzue. Izan ere, xomorro txiki hau jale bikaina da eta gure konpostagailuko janari freskoa atsegin du. Gainera, ez da bakarrik egoten, bera bezalako ehunka egoten dira aldi berean, beraien aho txikiekin, materia organiko kantitate handiak jaten.

Euli hau, intsektua izanik, gaztea denean beldarra da eta heldua denean eulia. Eulia denean gauza soil batetarako bizi da, ugaltzeko, beraz, ez dauka jaten denbora galtzerik. Hau da, ez dauka ahorik, beraz ez da elikatzen. Beldarra izatetik heldu bihurtzen denean, bere barruan bost bat egunetako erreserbak ditu, hauek agortzen direnean… kitto! Ugaldu bada, bikain! Ez bada ugaldu... izorrai! Euli hau, ugaltzeko, leku eguzkitsuko hostoen gainean ipintzen da eta edozein tabernetako barran gertatzen den bezala (Euskal Herrian izan ezik), eme bat erakartzen du bere txokora, eta zirt-zart batean ugaltzen dira. Minutu exkaxeko amodio honen ostean arra hil egiten da, zorionekoa bera, Euskal Herrian ligatu duen ar gutxietako bat izan da eta! Emea aldiz, konpostagailu baten bila doa arrautzak ipintzera. Nahiago du konpostagailu gainean geratzen den janari umela, eta behin arrautzak ipinita, hau ere hil egiten da.

Hiruzpalau egunetara, arrautza txuri txikitik, beldar txikia aterako da, eta inguruan duen materia organikoa jateari ekingo dio, baina honek ere, beldar euskalduna izanik, kuadrilla bat behar du eta jaio eta berehala, inguruko soldadu euli emeak erakartzen dituen seinale kimiko bat isuriko du: «Hemen bazeon ze jana! Jarri arrautzek lasai!». Modu honetara, konpostagailu horretan ehunka beldarreko kuadrilla sortuko da, jatekoa banatu behar, baina taldean beti ere bizirautea errazagoa da… eta pote batzuk hartzera joan ahal dira, noski!

Jan eta lo ta potolo! Ba horrelaxe gertatzen zaio gure beldarrari, gizendu eta gizendu egiten dela, eta hamar egunen bueltan, konpostagailu barruko edo kanpoko leku lehor baten bila joaten da.

Leku lehor eta epel honetan, ahotik isurtzen duen hari mehe batekin, zakutxo batean biltzen da: honi pupa fasea deritzo. Zakutxo honetan egun batzuk egon ostean, apurtu eta euli heldu moduan habiatuko da hegan. Zertara? Ugaltzera noski, zeren bost bat eguneko bizi laburra dauka koitaduak.

Konpostagailuetan barrena nabilela, zenbaitetan soldadu-euliaren beldar mordoa ikusi ditut. Zenbaitetan, konpostagailu barruko materia organikoa mugitu eta dena egiten da, ‘kris-kras’ zaraten artean. Inoiz nazka edo beldurra ematen badizute, saiatu ez uzten janaririk oso bistan, botatzen duzuen oro lurperatu ondo, edo tapatu materia egituratzailearekin, honela, soldadu-euli emeei ez zaie hain erakargarria egingo eta arrautza gutxiago ipiniko dituzte. Beste metodo bat, oraindik esperimentazioan dagoena, eta zuek frogatzea nahi nukeena, tranpatxoa eraikitzearena da. Irakurri duzuen bezala, beldarrak, pupa fasean sartzeko, leku lehor eta epelak nahi ditu. Prestatu ezazue zuen konpostagailu alboan, egur edo plastikozko kutxa lehor bat, eta egin bidetxo bat konpostagailutik bertara kartoi edo egur xafla mehe batekin.

Beldarrak pupa fasean sartzera doazenean, zuek eraikitako leku lehorrera joango dira, honela, guztiak kutxan bilduko dituzue eta beraiekin nahi duzuena egin, agian beste konpostagailu batean sartu ahal dituzue!

Gu ere beldar hauen moduan, beti gara jakin-min gose, beraz, proposaturiko esperimentu hau frogatzen baduzue, mesedez, bidali argazki edo mail batzuk bioaniztasunetik@hotmail.com era edo @bioaniztasunetik Twitter-era. Ea honela, behingoz Euskal Konposta I+D agentzia sortzen dugun! Badago eta premia!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!