ARITZIA. Baratxuri zopatan itota

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2023ko uzt. 20a, 19:59
Arnaldo Otegi 'Egun on Euskadi' saioan. ATARIA

Hitzak, hitzak, hitzak. Asko esan dezakete; ala ezer ez. Gure esku omen dago hitz bat ala beste aukeratu, baina gure esku badago, nor gara gu? Ikusezinak dira batzuetan, eta ezin ikusia sortzen dute zenbaitetan.

Horixe eragingo die batzuei Arnaldo Otegi euskal telebistan ikusten dutenean. Ekainaren 27an EH Bilduko Koordinatzaile Nagusia elkarrizketatu zuten Egun on Euskadi saioan, eta aitortu behar dizut zur eta lur utzi nautela hainbat adierazpenek.

Batetik, Odei Esnaola aurkezleak independentziak, erabakitze eskubideak eta autogobernuaren gaiak pisu handiagoa hartuko lukeen galdetuta, hona Otegiren erantzuna: «Espainiako Estatuak badu arazo nazionala konpontzeke, eta suposatzen dugu bere burua alderdi aurrerakoitzat duen horrek beste modu batera formulatu behar duela arazo nazionalaren irtenbide demokratikoa». Hortaz, Madrili dagokio irtenbide demokratikoa formulatzea? Plana zain egotea baldin bada, Madrilentzat irtenbide demokratiko bakarra eskuak lotuta txalo egiten uztea izango da.

 

«Inork ez du zalantzarik egiten independentziaren inguruko eztabaida baratxuri zopatako ogia baino beratuago dagoela, baina Otegiren ahotik hori entzutea durduzagarria egiten zait»

 

Inork ez du zalantzarik egiten independentziaren inguruko eztabaida baratxuri zopatako ogia baino beratuago dagoela, baina Otegiren ahotik hori entzutea durduzagarria egiten zait. Are, gaiari «presarik gabe eta zarata handirik atera gabe» heldu behar zaiola entzun ostean. Aldi berean, ordea, «nazio ukatua, ez errekonozitua eta erabakitze eskubidea ukatua duena» dela onartzen du elkarrizketan. Hau da, errekonozitzen ez zaituztela aitortu arren, ez da aurreikusten joko-arauak aldatzeko imintziorik txikiena ere. Diskurtso autokonplazientea dirudi, biguna, kontraesankorra. Onartzen ez zaituen sistemari zilegitasun osoa ematen zaio, eta gogo onez, gainera. Ulergaitza, benetan.

Bestetik, Tourraren beroaldia atzean utzita, noiz hasiko gara erabakitzeko botereaz hitz egiten? Botereaz, eta ez, eskubideaz. Eskubideak eskatu behar ditugu? Begira hizkuntza eskubideei, hortxe dauzkagu, ongi mailukatuta, ongi zanpatuta, Segurako taloen antzera. Erabakitzeko eskubidea arrandegian da baliagarri, baina, politikan, boterea exijitu, lortu, irabazi egin behar da; boterea ez baita negoziatzen, boterea duenak negoziatzen du, eta kito. Akabo koplak. Eskatze hutsak mendeko bilakatzen zaitu, eta Arnaldoren hizkerak, elkarrizketa horretan bederen, ez du berdinen arteko harremana islatzen.

«Bizikleta estatikoaren aliantza» deitu dio EAJ eta PSE-EEren arteko itunari, baina badirudi ez diotela trabarik ipiniko Madrilen lehengo bidetik jarraitzeko asmoari. Bien bitartean, Alderdi Popularra kulturisten gihar erakustaldian bezala dabil, eta Voxeko hiena basatiak botere gosez datoz. Kuraia taldearen abestia gogora ekarrita, piztu da piztia. Ikusteke dago arrosa usaineko asuna zenbateraino zimeltzen den, baina, agian, piztiaren haginkada gupidagabeek lagun lezakete epelkeriatatik esnatzeko.

Gainerakoan, dena ondo, e! Hementxe, betiko martxan. Ikurrinak txukun tolestu ditugu eta Realak Athleticen psikologoa fitxatu du. Eta laster Gran Prix hasikoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!