Kolonbiako gerraren oihartzunak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2023ko ira. 24a, 07:58

Gogorra da gerran bizitzea. Gerra batzuk ezagunagoak zaizkigu, Ukrainaren eta Errusiaren artekoa, kasu. Ikusgarriagoak dira gerraren ezaugarriengatik, foku mediatikoagatik edota gerra horren atzean dauden interes geopolitiko eta ekonomikoengatik.

Kolonbiako gerraren oihartzunak ez dira gure belaunaldikoengana iritsi, baina XV. mendeko espainiarren -eta euskaldunen, bide nabar- kolonizaziotik hasi, eta gaur egun oraindik ere gerra zantzuak daude bertan. 2016an Gobernuak eta FARCek Bake Ituna sinatu zuten; ordea, ez dira bake egoeran bizi, eta bake prozesu hori sinatu zutenetik 350 gerrillari baino gehiago hil dituzte. Caucako zonaldean aktibo dago une honetan FARCeko kide ohiek sortutako gerrilla, eta baita narkotrafikatzaileak ere, territorioa nork kontrolatu borrokan.

FARCeko gerrillari emakume ohiei buruzko dokumental bat ikusteko aukera izan nuen Bogotako Bakearen Etxean —La casa de la paz—, eta benetan hunkigarriak izan ziren bertan entzundako testigantzak. Emakume hauek nabarmendu zuten kolektiboan bizitzen ikasi zutela gerrillako kide ziren urte horietan guztietan, elkar laguntzen, elkar maitatzen, eta elkar zaintzen ikasi zutela. Hainbat jakintza lortu zituzten bertan, eta behin gerrilla desegindakoan, emakume horietako asko ama izan omen dira. Elkar begiratze hutsarekin ezagutzen omen dute elkar, baina ez dute ahoz gora esaten behin FARCeko kide izan zirela, sufritu dezaketen estigmagatik. Nostalgiaz ere hitz egin zuten, bidean gelditutako helburu politiko, amets eta senitartekoez. Eta behin eta berriro aldarrikatu zuten justizia sozialeko bakea, bakea ez baita soilik gerra egoerarik ez izatea, herritar guztien giza eskubideak eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen jendartean bizitzea baizik.

 

«Elkar begiratze hutsarekin ezagutzen omen dute elkar, baina ez dute ahoz gora esaten behin FARCeko kide izan zirela, sufritu dezaketen estigmagatik»



Egun horretan bertan ezagutu nuen Karla, Wayuu jatorrizko herriko kidea. Beren hizkuntzaren, mundu ikuskeraren eta kosmobisio oso baten alde borrokan ari dira Guajira izeneko zonaldean. Duela urte batzuk, indarrez burututako lekualdatze baten biktima izan zen bera eta bere familia osoa; narkotrafikatzaileek beren lurraldearen boterea nahi zutelako bidali zituzten beren lurretatik, eta orain, pixkanaka-pixkanaka, beren komunitatean eta jatorrizko lurretan ari dira bizitza berregiten.

Arratsalde hartan, amets egin nuen Euskal Herriko gatazka politikoa bere gordintasun eta osotasun osoan bilduko zuen museo nazional bat izango genuela noizbait Euskal Herrian. Estatuak torturaren zein estatu indarkeriaren biktima guztiak errekonozituko zituela. Ametsetik segituan esnatuarazi ninduen, ordea, arraunlari batek esandako hitzek eragindako polemika interesatu eta artifizialak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!