Ate zirrikitua

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2024ko api. 26a, 07:58
Basajaun liburu-dendako Aitziber Cenzano. ATARIA

Oraingoan, artikulua Liburuaren Egunarekin idaztea egokitu zaidan honetan, ospakizunetik baino tristuratik gehiago duen albistea ekarri dit gogora data seinalatuak. Izan ere, ez da iragarri zaharra Villabonako Kale Nagusiko Basajaun liburu-dendaren aroa amaituko dela, eta birritan-edo ikusia nuen arren, berriro lausotu zaizkit begiak malkoz, berriaren zabalpena egiteko liburu-saltzaileak baliatu duen bideo-pasarte laburra amaitzerako.

«Izan ere, ez da iragarri zaharra Villabonako Kale Nagusiko Basajaun liburu-dendaren aroa amaituko dela, eta birritan-edo ikusia nuen arren, berriro lausotu zaizkit begiak malkoz bideo-pasarte laburra amaitzerako»

 

Ez da harritzekoa, ordea, teorian, badira horretarako denok oso ondo dakizkigun makina bat arrazoi: bere txikitik hainbeste handitasun eman digun ezinbesteko zerbitzua izan dela; ... eta horiek guztiak.

Aldiz, praktikan, amorrazioa, haserrea edo zaplaztekoa ere izan dira neurri txikiagoan edo handiagoan itxieraren ikasgaiak sorrarazten digun erruduntasun dosiaren ondorio. Denok dakigu, baina, autokritikak, bainoago, praktikan patrikak agintzen duela batzuetan. Batzuetan? Ala askotan?

Hala ere, ez dut uste oso oker ibiliko naizenik esango banu Basajaungo erakusleihoa izan dela Aiztondo bailarako neurri eta kolore ezberdinetako eskuen atzamar arrasto gehien bildu dituen kristala; ez baita izan erraza bertaratutako bezero askotarikoarentzat garaian garaiko produktuen bidez eman dion dirdira eta gardentasunaren erakarpen-indarrari eustea. Gabonetan, opariekin; ikasturte hasieran, testuliburuekin; uda sasoian, oporretako liburuekin...

Esan gabe doa hori guztia bertako etxekoandrearen zaintzatik eta euskaraz egiteak zerbitzuari erantsi dion, goxotasuna, hurbiltasuna eta konfiantza; Kalitatea, alegia, hitz batean laburbilduta.

Oraindik, ordea, zintzilik dirau ZABALIK txartelak atean. Antza, ez luzerako; baina bai udazken aldera arte, nonbait bailarako ikastetxeek hala eskatuta-edo. Beraz, itxura guztien arabera, bada aukera saltokiari BULTZA egiteko ate zirrikitu horrek lagunduta. Adibidez, bere giltza beste norbaiti eskualdatuta-edo, eta, nola ez, ahal den neurrian, Aitziberrek duela hamaika urte hartu zuen ilusio eta gogo berdinarekin.

TIRA, txartelaren ITXITA aldeak 180 graduko bira emango duen arriskuak mehatxu egin aurretik, zergatik ez, irakurle hori edo horiek? Badakit, bai, teoria, baina...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!