Dantza eta aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Maider Barandiaran 2023ko ira. 29a, 17:00
Iragan igandeko elkarretaratzea Zelatunen. UKH

Bestondo gozoa senti dezake gorputzak. Gozatu dugun seinale. Gainera, atzokoan ere, ez zigun hutsik egin azken erromeri-egunak berezko duen eguzkiaren epelak Hernio magalean. Izan ere, ez liteke Zelatungo altzo gozoa baino giro aproposagorik iraileko ekinokzioak uda eraman eta udazkenari leihoa zabaldu diola ospatzeko. Are gehiago, festa lagunarte oneko aldartean izanda.

«Izan ere, ez liteke Zelatungo altzo gozoa baino giro aproposagorik iraileko ekinozioak uda eraman eta udazkenari leihoa zabaldu diola ospatzeko»

 

Irakurri dudanez, ipar hemisferioko udazkenari hasiera emateko, Lurrak orbitaren puntu jakin batetik igaro behar du, hain zuzen ere, Eguzkiaren erdigunea zeruko ekuatorearen parean jartzen den unean. Hori gertatzen denean, gauak eta egunak ia berdina irauten dute, eta horri deitzen zaio udazkeneko ekinokzioa.

Gainera, udazkenaren hasieran laburtzen omen da azkarren egun argiaren iraupena. Gure latitudean eguzkiaren irteera egunero minutu batetik gora atzeratzen da, eta beste hainbeste aurreratzen da iluntzea. Hala, egunero ia 3 minutu eguzki-argi galtzen ditugu, eta urtaroak 89 egun eta 21 ordu iraungo du, abenduaren 22an neguari hasiera emateko. Nola ez, ziur izango dugula orduan ere zer ospatu gure ingurumaria honetan.

Aurten, adituek iragarri dutenez, oso beroa eta normalean baino euritsuagoa izango da hiruhileko jaioberria. Horrek eremu lehorrenetako ur faltari aurre egiteko balio dezake. Jakina, ondorioz, pentsatzekoa da, aparteko energia iturri beharrik gabe, etxeko epelari ahalik eta luzeen eusteko parada ere badakarrela udaren azkenak berekin.

Honezkero, irakurleok jakingo duzue gure bailaran bat ez baino bi izan direla uda ondoko ospakizunak. Aurten ere, azken boladan ohiko den eran, Et Incarnatus orkestraren doinuek sortu dute Zarateko zuhaitz-hostoen artean orbel aurreko bibrazioa.

Han, Tolosako erraldoiek, Isabelita bals-a dantzatu omen zuten bertaratu zirenen zoramenerako. Aldiz, Zelatunen, bestelako erraldoi batzuen beldurrez eten behar izan ziren Izar eta Alabierren doinu dantzagarriak. Eguerdi partean, zintzarriz eta adar-uluz lagundurik hasieran, eta irrintziez girotuta geroxeago, aldarri-hotsen pausuan bildu ginen pankarta atzera beste behin ere. Oraingoan, eraiki nahi diren hainbeste eta hainbeste zentral eolikoen eromerian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!