Aspaldi jokatu gabeko apustua, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko abe. 9a, 11:27

Brometatik kanpoko lanak egin beharko dituzte igandean, hilaren 11n, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 12:00etatik aurrera, 200 kiloko errektangularrarekin aurrez aurre bi harri-jasotzaile ariko dira, sei minutuko hiru txandatan.

Txanda batetik bestera 15 minutuko atsedenaldia izango du bakoitzak. Alde batetik, Xabier Aranburu Guzta. Itsasondokoa berez, baina azken urteetan Urrestilla aldean bizi dena. Bestetik, bertakoa, Hernialdeko Iban Ugartemendia. Honi laguntzen Imanol Iruretagoiena izetatarra eta Landarbide ibili dira. Ikaragarrizko lana dute aurrean, aspaldi egin ez den horietakoa. Horregatik, alde bakoitzak jokoan 5.000 euro jarriko ditu, eta sarrera 30 eurokoa izango da.

Markei begira jarriz gero, Arrutiren 18 jasoalditik Landarbideren 32ra joan gaitezke. Gorabehera handiak; zerbaitengatik ez dira egiten horrelako apustuak.

Ekainean itxi zuten apustua bi harri-jasotzailek, eta hilabete horietan egindako lanarekin gustura zegoen Ugartemendia: «Ondo prestatu gara, eta lan polita egiten saiatuko gara; ea etxekoa plazan egiten dugun. Gu gurea egitera joango gara». Imanol Iruretagoiena ere iritzi berekoa zen, eta etxeko zenbakietatik ateratzea arriskutsuegia dela esan zuen izetatarrak. Sei hilabete hauetan teknika landu dute alde batetik, Ugartemendiaren arabera, eta horrez gain, prestakuntza: «Edozein txapelketetan egiten den lana baino gogorragoa da hau, eta horretan saiatu gara. Gogorra izan da, baina ondo iritsi gara. Orain egunean eta orduan erakutsi behar da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!