Urteko memoria eta gogoeta laburra

2016ari iritsi zaio kontuak eskatzeko garaia eta, hortaz, txintxo-txintxo nator urteko memoria aurkeztera. Lehen aldiz urte natural oso bat bete dut etxe honetan idazten —tempus fugit— eta jarraitzeko asmoa dut, ahal dudan eta uzten didaten bitartean. Aurten, zorionez, denboraren halabeharrezko joan azkarrari tartetxoak lapurtu ahal izan dizkiot zientzia-dibulgazioan aritzeko.

40 ekarpen baino gehiago egin dizkiot euskarazko zientzia-dibulgazioari, hamar hedabide desberdin baino gehiagotan. Ez dakit 2017an nire marka apurtu ahal izango dudan, baina, helburua ez da hori. Nire helburu bakarra zu zientziara hurbiltzea da. Izan ere, polita da zientziaz hitz egitea, baina, are politagoa da zientziaz zuri hitz egitea. Bazeneki zein pozgarria den zure erantzunak jasotzea!

Gatozen urteko memoriara. Idatzizko lanetan 18 artikulu plazaratu ditut, horietako 10 TOLOSALDEKO ATARIA-n bertan. Besteak, Elhuyar Aldizkarian, Zientzia Kaieran, Arabako Alean, Sakanako Guaixen eta Durangaldeko Anboton. Gaiak anitzak izan dira: transgenikoak, merkurioa, penizilina, osteopatia eta kiropraktika, Dalsy kasua, sagardoa, garagardoa, itsasoko ura eta, nola ez, homeopatia. Azken hori izan da gehien jorratu dudan gaia; izan ere, homeopatiaren aurkari aitortua naiz, dakizuenez.

Irratian esperientzia aberasgarriak izan ditut 2016an. Lau estudiotan izan naiz, guztira 11 saio egiteko. Euskadi Irratiko Hirigorrian bromuroaren mitoaz, animalia hibridoez eta drogei buruz hitz egin dut, besteak beste. Etxe bereko Norteko Ferrokarrilean, Gillermo Roa handiarekin hiru aldiz egon naiz. Bat aukeratzekotan, benetako kimikari bat naizela esan zidan elkarrizketa hura ekarriko dut gogora. Ataria Irratia-n eta Info7 irratian ere sartzen utzi zidaten zientziaren dibulgazioaz eta nire Kimika orokorreko eskuliburuaz hitz egiteko.

Elkarrizketa batzuk egin dizkidate, guztira zortzi, gai baten edo beste baten harira. UEUko udako ikastaroari buruz Berria-n, El Diario Vasco-n eta Unibertsitatea.net-en; nire liburuari buruz ATARIA-n eta buruxkak.eus-en. Gara-n ikertzaile euskaldunen sare berria sortzeko proposamenaz aritu naiz eta Berria-ko beste bi artikulutan nire iritzia eman ahal izan dut: euskarazko tesiei buruzkoa lehena eta sasimedikuntzei buruzkoa bigarrena.

Azkenerako utzi dut gehien gustatzen zaidana: hitzaldiak in situ ematea. Aukeran gutxi izan dira aurtengoak, sei besterik ez, baina, benetan gozagarriak. Eibarren, Bergaran, Gasteizen, Donostian eta Legorretan hitza eman didate eta ezin izan dut ezezkorik esan. Bereziki gogoratzen dut apirilean homeopatiaren astea ospatzeko Donostiako Kimika Fakultatean Yanko Iruin irakaslearekin batera emandako hitzaldia. Fakultateko ikaslez eta irakaslez lepo bete genuen Areto Nagusia, bertaratutako asko kanpoan utzi behar izateraino. Hitzaldi hartan nirea ez zen pixa edan nuen zuzenean —homeopatikoki diluitu ondoren—, baina, hori beste kontu bat da.

Zer egin beharko dut 2017an? Zer erronka proposatuko dizkidazu, irakurle? Zein gairi buruz azalpenak ematen irakurri nahi nauzu ATARIA-n? Besterik gabe, gogaikarria naizela esateko irrikitan zaude baina ez daukazu modurik? Edo, Astekaria nire artikuluak irakurtzeko bakarrik jasotzen duzula aitortu nahi didazu?

 

Tira, edozertarako, idatzi. Zure zain nago:

zientziarentalaia@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!